Koronabirusa

Apirilaren 26ra arte luzatu du konfinamendua Espainiako Gobernuak

Erabiltzailearen aurpegia Berria 2020ko api. 4a, 16:51

Sanchezek erran du konfinamendua apirilak 26tik areago luzatuko dela. Alarma egoera berriak ez du industria jarduera etengo.

Alarma egoera apirilaren 26 arte luzatzea eskatuko dio Ministroen Kontseiluak Espainiako kongresuari. Pedro Sanchez Espainiako Presidenteak egin du iragarpena. Alarma egoera luzatzea gizarteak «birusari aurre egiteko behar duen denbora» dela adierazi du.

Sanchezek argi erran du apirilaren 26tik aitzinera ere konfinamenduak indarrean jarraituko duela, baina nabarmendu du egoera ona bada pixkanaka leuntzen joango dela. Sanchezek iragarri duenez ez dute industriaren geldialdia luzatuko eta beraz aste santuaren ondotik industria berriz ere bere ohiko jarduerara itzultzen ahalko da. 

Gizartearen bakartzeak bere fruituak eman dituela nabarmendu du Sanchezek eta koronabirusaren krisia hasi zenetik lehen aurrerapausoak eman direla. Hala ere arreta ez galtzera deitu du: «Erlaxatzeak hasieraren aurreko egoera okertu dezake». Gizarte osoari eskerrak eman dizkio eta jendearen jarrera ona txalotu du. 

Etorkizunari begira jarrita, gizartea egunerokora «pixkanaka» itzuliko dela iragarri du Sanchezek. Egoera hori prestatzeko aditu talde bat lanean ari dela nabarmendu du eta plan bat idazten ari direla. 

Esker oneko mezuak izan ditu Sanchezek autonomo eta enpresarientzat. Orain artean koronabirusaren ondorioak leuntzeko politikak egiten ari direla erran du Sanchezek. Alta, azpimarratu du krisi hau bigarren fase batean sartzean ekonomia berriz bere onera itzultzeko politikak martxan paratuko dituztela. «Krisi honek ez du inor atzean utziko», adierazi du irmo Sanchezek.

Koronabirusak sortuko duen gizarte krisiari aurre egiteko alderdi politiko eta agente sozialen inplikazioa eskatu du Sanchezek. Monkloako itunei egin die erreferentzia eta horiek errepikatzeko lan eginen duela nabarmendu du. Prentsa aitzinera atera aitzinetik alderdi nagusietako buruak deitu ditu Sanchezek. Pablo Casado alderdi popularreko buruak Twitter bide bere babesa adierazi dio. Alta, kritika ere luzatu dio Sanchezi: «Leialtasunak eta batasunak eraginkortasuna eta gardentasuna eskatzen dute». 

Begirada Europan

Europara luzatu du begirada Sanchezek. Koronabirusaren krisiak Europa guztia erasaten ari dela nabarmendu du eta denek batera egin behar diotela aurre. Europar estiloko Marshall plan bat beharrezkoa dela nabarmendu du Sanchezek: «Garaia da Europako instituzioek bertako herritarrak babesteko». 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!