Koronabirusa

Enpresa batzuei irekitzeko aukera eman die Espainiako Gobenuak

Erabiltzailearen aurpegia Jokin Sagarzazu 2020ko apirilaren 1a

Espainiako Gobernuak salbuespen batzuk sartu ditu funtsezkotzat jotzen ez diren jardueren funtzionamenduan, bereziki euren produkzioa esportaziora bideratzen duten enpresentzat —haien jarduera edozein dela ere—, eta itxieraren ondorioz merkatua galtzeko arriskuan dauden kasuetan.

Industriaren eteteak zenbait sektoretan —enpresaburuen artean bereziki— eragin duen haserreari irtenbide bat eman nahi izan dio Espainiako Gobernuak, eta salbuespen batzuk egin ditu funtsezkotzat jotzen ez dituen jarduera batzuetan, eta, bereziki, euren produkzioa esportaziora bideratzen duten enpresei eragingo die, haien jarduera edozein dela ere.

Horiei «ezinbesteko gutxieneko jarduera bat» baimendu die, baina horri eutsi nahiko baliote, lana murriztu beharko lukete, adibidez, asteburuetan duten produkziora edo erritmora; larunbatetan eta igandeetan txandarik ez badute, ekoizpen txikieneko aldia hartu beharko lukete kontuan.

Zehaztapen horiek egin ditu astearte honetan Industria Ministerioak ohar batean, eta erabakia berretsi du Nadia Calviño Ekonomia ministroak, Ministroen Kontseiluaren ondorengo agerraldian, alboan Pablo Iglesias gobernukidea zuela —jarduera erabat gelditzearen aldekoa da Iglesias—.

Adierazpen horrekin gobernuak enpresa asko irekitzeko zirrikitua zabaldu du, baina hainbat galdera utzi ditu oraindik erantzun gabe. Emandako azalpenen arabera, Hego Euskal Herriko lantegi handi ugarik ez lukete euren jarduera eten beharko, euren bezero nagusiak nazioartean dituztelako, eta stock-ak dituztelako. Dena den, ikusteko dago nola gauzatuko den hori.

Calviñok azaldu duenez, baimen hori igandeko erabakiaren interpretazio bat da. Nabarmendu du dekretu horren asmoa ez dela ekonomia gelditzea, baizik eta «hibernazio moduko batean» sartzea, herritarren mugikortasuna gutxitzeko eta kutsatzeak gutxitzeko.

Horren harira, azpimarratu du dekretu horrek enpresei aukera ematen diela beren lantaldeak egokitzeko —«oinarri bat mantentzeko»—, produkzio kontraturik gal ez dezaten, eta alarma egoeraren ondorengo ekoizpen jarduerari eutsi ahal izateko.

«Mugikortasuna murrizten saiatzen den lege dekretu bat daukagu [igandekoa]; jarduera ekonomikoa minimizatzen saiatzen dena, baina oinarrizko jarduera bat mantentzeko modua ematen duena ere, enpresek ekoizpen gaitasuna eta kontratuak gal ez ditzaten», esan du Calviñok.

Erabaki horrekin, zenbait sektoretatik eginiko eskaerari erantzun dio Madrilek. Besteak beste, Eusko Jaurlaritzak eta patronalek hitz gogorrekin salatu zuten atzo Espainiako Gobernuak oinarrizkotzat jotzen ez dituen jarduera gehienak itxi izana, eta «zirrikituren» bat bilatzeko eskatu diote azken orduetan.

ELA sindikatuak, berriz, kritikatu du interpretazio batek ezin duela ordezkatu lege dekretu batek zehazten duena. LABek ere ohartarazi du ez duela «iruzurrik» onartuko.

Autonomoak ere bai

Era berean, gobernuak argitu du igandeko dekretuan funtsezkotzat jotako jardueretako batean aritzen ez diren autonomoek ere lan egin ahalko dutela, mugitu ahalko direla euren lantokietara, baimen berezi batekin, lan horietan aritzen diren beste langileek bezala. Baina euren kargura beharginak badituzte, ordaindutako baimena eman beharko diete.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!