Hedabideetatik eta sare sozialetatik aldenduta dabil azkenaldian Aitziber Ibarbia mendi korrikalaria (Zizurkil, Gipuzkoa, 1977). Iaz izandako lesio batetik ezin osaturik ibili da denbora batean, eta ebakuntzaren zain dago. Mendian korrika egitera itzuli nahi du ahalik eta azkarrena.
Denbora asko igaro da lesioa izan zenuenetik. Gaur egun nola zaude?
Iazko martxoaren 30ean egin nuen lesioa. Ezker oineko behatz bateko metatarsoa apurtu nuen, eta horrek hezurreko edema bat eragin zidan. Uztailean hasi nintzen gutxinaka-gutxinaka errepidean bost kilometro eginez, oso-oso suabe. Baina minak hor jarraitzen zuen. Behatza hobeto dagoen arren, juanikoteak ez dio lana ondo egiten uzten, eta puskatuko den beldurrez nabil. Ez dakit kirolik egin gabe egoten, eta korrika egiten dut, baina oso lagunarteko aldartean. Oso erritmo baxuetan ibiltzen gara, baina erritmo biziagoan edo mendian ibiltzera ez naiz ausartzen.
Ondo osatzeko ebakuntza egin behar dizute. Noizko espero duzu?
Juanikoteko ebakuntza egiteko erabakia hartuta daukat. Esan didate ehuneko handi batean ondo aterako dela, eta berriro ere osatuko naizela korrika egiteko. Gauza gehiegi ditut oraindik ere egiteko, baina ebakuntza egin arte ezingo dut ezer egin. Ebakuntza aurten izango den esperantzarekin segitzen dut.
Zer sumatzen duzu faltan gehien?
Mendian korrika egitea. Gaur egun umeekin joaten naiz mendira, oinez. 15-20 kilometro egiteko ez dute arazorik izaten, baina ez da gauza bera. Mendian berriz korrika egin nahi dut, bertan izaten ditudan sentsazioak beste ezerekin ezin direlako alderatu. Kilometro bertikalak egiteko arazorik ez nuke izango, baina gora-beherako lasterketak egitea ezinezkoa zait gaur egun.
Jarraitu irakurtzen berria.eus webgunean.