Jokin Altuna (Amezketa, Gipuzkoa, 1996) gurasoekin bizi da, jaioterrian. Ohituta dago egun osoan sartu eta irten aritzen, baina koronabirusak hankaz gora jarri du haren egunerokoa. Ia hilabete darama partidarik jokatu gabe, eta bi aste pasatxo etxetik irten gabe. Etxe azpiko garajea atondu du «nola edo hala» entrenatzeko. «Handitxoa da, baina oso txiki geratzen zait pilotan aritzeko. Ezin duzu imajinatu zer gogo ditudan pilotari zartako galant bat emateko».
Nola ari zara bizitzen koronabirusak eragindako egoera?
Ezustean harrapatu gaitu. Inortxok ere ez zuen espero halakorik. Hasieran, urrutiko kontua zirudien, Txinakoa, baina Espainia aldean, Madrilen, positibo batzuk azaltzen hasi zirenean, jabetzen hasi ginen hau gauza oso serioa zela. Eta hala izan da azkenean. Egoera oso kezkagarria da: jende pila bat ari da kutsatzen, eta hiltzen. Hasieran, gainera, esan zuten edadetuei bakarrik eragingo ziela gaitzak, baina dagoeneko ikusi da gazteok ere arriskuan gaudela. Horregatik, agindu digutena fin betetzea da gure eginbeharra.
Ezagutzen al duzu inguruan gaixorik dagoen norbait?
Oraingoz, ez. Ez da halakorik entzun herrian, baina horrek ez du esan nahi ez dagoenik. Agian, ez daki gaixorik dagoenik, edo, jakinda ere, ez du esan nahi. Nik oso argi dut gaixorik nagoela jakingo banu, segituan esango nukeela, inguruko guztiek horren berri izan dezaten eta beharrezko neurriak har ditzaten. Zorionez, beste toki batzuekin alderatuta, hemen ez dira horrenbeste kasu egon. Ea hala izaten jarraitzen duen.
Hainbat tokitan herritarren zaintza sareak jarri dira martxan. Halakorik egin al da Amezketan?
Udalak jendeari laguntzeko bide batzuk ireki ditu. Gainera, zorionez, edadetuek gertu dituzte seme-alabak, eta lagun diezaiekete. Herri txikia da Amezketa, eta, oraingoz, ez da arazorik egon.
Jarraitu irakurtzen berria.eus webgunean.