ETB zigortu dute, Joxean Tolosaren «bidegabeko kaleratzeagatik»

Erabiltzailearen aurpegia Urtzi Urkizu 2020ko urtarrilaren 17a

Epaiketaren sententziaren arabera, Euskal Telebistak bost eguneko epea du Tolosa berriro lanean jartzeko ala kalte-ordainak emateko.

Joxean Tolosa pilotari ohia 23 urtez aritu zen ETBrentzat pilota partidetan esatari lanetan. Ia gehienetan, Xabier Euzkitze kazetariaren alboan. Irailaren 29an aritu zen azkeneko aldiz ETBrentzat, Logroñon (Espainia).

Tolosak 64 urte bete zituen urrian, eta ETBren Kirol sailak zenbait aldaketa egin nahi zituen. Denboraldi honetan Tolosarekin ez jarraitzea erabaki zuen. Baina pilotari ohiak auzitara eraman zuen ETB, kaleratzea «bidegabea« zela salatuz. Donostiako epaitegi batek arrazoia eman dio Tolosari, eta, sententziaren arabera, ETBk bost eguneko epea du Tolosa berrio lanean jarri ala kalte-ordainak emateko. Sententzia horri helegitea jar diezaiekete ETBk edo pilotariak berak. Izan ere, sententzia horrek ere badio talde publikoak Tolosarekin zuen harremanaren etetea ez dela «baliogabea».

Tolosak 1995etik 2016ra autonomo gisa egin zuen lan ETBrentzat. Baina Lan Ikuskaritzaren parte hartzearen ostean, 2016an kontratu mugagabe partziala egin zion telebistak —astean lau ordukoa—.

2019ko irailaren 12an, ETBk gutun bidez jakinarazi zion kaleratzea Tolosari. Orduan, auzitara jo zuen pilotariak. Noticias de Gipuzkoa egunkariak eman du sententziaren berri, eta, horren arabera, ETBren kaleratzearen arrazoia «generikoa» eta «zehaztasunik gabekoa» da. «Eta ez du arrazoitzen ETBk 'irudi berri bat' emateko nahia». ETBk erabakiko balu kalte-ordaina eman ordez Tolosa berriro lanean jartzea, kaleratzea gertatu zenetik sententzia atera den arteko soldatak ordaindu beharko lizkioke. Kaleratzea jakinarazi ziotenean, Tolosak 24.663 euro jaso zituen.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!