Enirio-Aralar

Enirio-Doniturrieta pistak eragindako «txikizioa» salatu du Aralar Bizirik plataformak

Erabiltzailearen aurpegia Iosu Alberdi 2020ko urt. 10a, 07:59

Plataformak salatu du lanengatik auzipetutako udal ordezkariek bazekitela obra «ilegala» zela.

Aralar Bizirik plataformak bideo bat atera du Enirio-Doniturrieta mendi bideak jasaniko aldaketa salatzeko. Bertan, obrek mendi bidean izan duten eragina ageri da, 2016ko eta 2019ko irudiak alderatuta. Horrez gain, aurreko astean obrengatik auzipetuta dauden Enirio-Aralar mankomunitateko udal ordezkariek eginiko prentsaurrekoagaitzetsi dute. Ordezkariek, ENBA eta EHNE sindikatuen babespean, adierazi zuten «mendi bide bat egokitzearen alde bozkatzeagatik» auzipetu dituztela. Aralar Bizirik plataformaren iritziz, ordea, eremuan egin dena ez da egokitzapen bat, «txikizio bat» baizik: «Lehen 4x4 ibilgailurik pasatzen ez zen tokian hiru-lau metro zabaleko pista bat egin dute, auto atoidunak eta kamioiak pasatzeko modukoa».

Aralarko pisten inguruko liskarra ez da berria. 2018an hasi zituzten Eniriotik Igaratzara doan bideko obrak. 2,7 kilometroko bidea da, Enirio eta Doniturrietako bordak lotzeko. Orduan jarri zuten Landarlan eta Eguzki plataforma ekologistek obrei baietza eman zieten udal hautetsien aurkako salaketa—EAJko hiru, EH Bilduko bat eta hiru independente; tartean mankomunitateko presidentea—, ingurumenaren eta lurralde antolaketaren aurkako delituak eta prebarikazioa egotzita. Aralar Bizirik plataformak adierazi du eremuetako lurra mugitu dutela —debekatuta dago— eta babesturiko zuhaitzak moztu dituztela —haginak eta gorostiak—.

Ordezkarien esanetan, ordea, «erabaki demokratiko batengatik» daude auzipetuta. Ordiziaren kasuan, baina, alkateak udal batzarreko gehiengoaren aurka eman zien baietza lanei. Halere, «demokratikoki erabaki bazen ere», Aralar Bizirik plataformak adierazi du ez duela errespetatzen parkeko legedia: «Azpiegitura ilegal bat da, eta horrexegatik ari dira epaitegian auzia ikertzen». Gainera, Aralar Bizirik plataformaren esanetan, udal ordezkariak jakitun zeuden 2016an egindako pistaren kontrako salaketa Tolosako (Gipuzkoa) epaitegian ikertzen ari zirela, eta, halere, proiektua aurrera ateratzearen alde egin zuten. «Auzipetuek botoa eman zuten momentuan bazekiten lehen pista proiektua epaitegietan zegoela, legez kanpokoa izan zitekeelako, eta, hala ere, bigarren pistaren aldeko botoa eman zuten». Hilabete honetan deklaratu beharko dute zazpiek, Tolosako epaitegian.

Ekologistak ez dira pisten aurka agertu diren bakarrak. Hainbat elkarte ere iritzi berekoak dira; esaterako, Gipuzkoako Mendizale Elkartea. Hark abeltzaintza eredua aldatu beharra adierazi zuen. Bide beretik, EH Bilduk bide berriak egin ordez jada eginikoen alboan txabola berriak eraikitzeaproposatu zuen. Halere, EHNE sindikatuaren esanetan, horrek ez lituzke artzainen eta abeltzainen beharrak aseko.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!