Hauxe zuen gaia: gai jartzailetza

Erabiltzailearen aurpegia Miren Garate 2019ko urr. 13a, 11:58

Inaxio Usarralde, Maite Berriozabal eta Iker Iriarte gai jartzaileak. BERRIA.EUS / JON URBE / FOKU

Gai jartzaileen rolaz, bertsolariekin duten harremanaz, beren ahalegin propioez eta gaiez aritu dira Iker Iriarte, Maite Berriozabal eta Inaxio Usarralde BERRIArekin.

Bertso saio baten «ildo editoriala» da gai jartzailea: hark esaten die bertsolariei zeri buruz kantatu behar duten, zer roletan, zeinek zeri. Urte askoan itzalean egon bada ere, Iker Iriartek (Alegia, Gipuzkoa, 1984), Maite Berriozabalek (Berriz, Bizkaia, 1987) eta Inaxio Usarraldek (Usurbil, Gipuzkoa, 1967) sumatzen dute gero eta aitortza handiagoa duela egiten duten lanak, eta eskertzen dute, baina nabarmendu dute, hala ere, tarte bat dagoela garrantzitsu izatearen eta protagonista izatearen artean.

Elkarrizketa batean irakurritakoa: «Gai jartzaile on baten gakoa da bertso saioaren ondoren inor ez ohartu izana gai jartzailea oholtzan egon denik ere». Bai?

IKER IRIARTE: Iruditzen zait gai jartzaileak garrantzi handia duela bertso saio batean. Azkenean, haren esku dago saioaren ildo editoriala: zer gai plazaratu nahi dituen, zeini zer kantarazi nahi dion... Hori hala izanda ere, saioaren ondoren jendeak gai jartzailea protagonista izan dela esatea ere ez zait oso seinale ona iruditzen.

INAXIO USARRALDE:Betiko eztabaida izan da: gai jartzaileak protagonista izan behar du? Izan dira beren firma ondo puztu duten gai jartzaileak, baina ni horiengandik urrun sentitzen naiz; bertsolarien bidelagun moduan gehiago ikusten dut neure burua.

Gai jartzaileak, edo behintzat hark jarritako gaiek, erabat baldintzatzen dute saioa. Alabaina, ez al zaio garrantzi gutxiegi ematen haren lanari?

MAITE BERRIOZABAL:Gai jartzaileen lana ez baloratzeko joera, nire kasuan behintzat, neugandik hedatu den kontu bat izan dela uste dut, erantzukizunen beldur edo. Uste dut ahalduntzeko ahalegin gutxi egin dugula. Hala ere, iruditzen zait azkenengo sasoian badagoela gai jartzaileon lana aitortzeko prozesu bat, bertsolarien, bertsozaleen eta Bertsozale Elkartearen aldetik.

I. I.: Urte askoan, gai jartzaileen figura utzita egon da; herriko edozeini esaten zitzaion. Orain, entzulea, bertsolariak eta gu geu konturatu gara sekulako lana dela gai jartzaileena, bai etxean egiten dena, bai eguneko bertako lana ere. Garrantzi hori aitortuta ere, garrantzitsu izatetik protagonista izatera dagoen tarte hori bereizi egingo nuke. Ez zait iruditzen sintoma oso ona gai jartzaileaz gehiegi hitz egitea: zenbat esperimentu, zenbat pantaila... Beste aitortza mota bat behar da.

Saio askotan izaten da oraindik ere herriko norbait gai jartzaile. Sustatu behar litzateke plazaz plaza dabiltzan gai jartzaileen figura?

M. B.:Nik, azken urtebetean, ohituta nagoenerako, saio asko egin ditut. Eta batzuetan zalantza ere izan dut larregi ez ote ziren, nire lana dudalako eta, gustuz egiten dudan arren, batzuetan orekatzen zaila delako: saioa ondo irteten bada, sentsazio gozoa da, baina, aldi berean, aurreko egunetako lana eta tentsioa ere hor daude.

Uste dut sozializatu egin behar genukeela gure lana, eta hortik aurrera bidea eman ibili gura duenari. Bakoitzak esan dezala zenbat ibili gura duen, eta gehiago ibili gura duenari horretarako aukera eman. Uste dut bertso plazak ematen duela hainbesterako.

I. U.:Guri gaur egun deitu egiten digute, baina, horretarako, bide bat egin behar duzu aurrez. Nik uste dut gai jartzaileak bertsoaren ekosistematik sortu behar duela, bertso eskolatik, bertso jaialdia sustatzen duen taldetik eta abar. Herrialdeko txapelketak ere baditugu. Gipuzkoakora, aurten, bost berri etorri dira. Lankuk jarri behar ditu horiek bere agendan. Ezagutarazi egin behar dira pertsona horiek. Eta, gero, antolatzaileak erabaki dezala zein nahi duen, baina behintzat jakin dezala zein dituen aukeran.

Txapelketetan, modu kolektiboan lan egiten duzue gai jartzaileok. Bestelako saioak, ordea, bakar-bakarrik prestatzen dituzue, ezta?

I. U.: Nik baditut bizpahiru kontaktu, eta haien kontrasterik gabe ez naiz joaten plazara.

M. B.: Nik ez dut hori, igual ez dudalako sortu. Zortzi orduko soldatapeko lana egitea niri dagokidala sentitzen dudan bezala, sentitu izan dut asteburuan gutxi edo asko ordainduta egingo dudan lan hori ere nik egin behar dudala, lana eta ardura niri dagozkidala, eta norbaitekin partekatzea aurpegi gogorra izatea dela, nahiz eta ez lukeen hala izan behar.

I. I.: Norbaitekin komentatzeko aukera izatea oso aberasgarria da; ez da behar beste egiten, hala ere. Ez da erraza, bakoitzak bere bizimodua eta abar dituelako, baina sustatu behar genuke.

Gai jartzaileak bertso eskolara joan ohi zarete zeuen probak eta egitera?

I. I.: Ni bai, joaten naiz bertso eskolara, baina kantatzera. Zortea dut bertso eskolan baditugulako pare bat bertsolari asteburuero plazan dabiltzanak. Gaur egungo bertsolaritzan gauzak nondik nora dabiltzan jakiteko, asko laguntzen dit haiekin hitz egiteak.

M. B.: Nik txapelketako lana eta bakarkako lana bi polo balira bezala bizi izan ditut, eta uste dut oraindik ere ikuspegi horrekin jarraitzen dudala, nahiz eta ez izan zuzenena. Niri tokatu izan zait plazan egindako ibilbide guztia bakarrik egitea, igual neuk ez dudalako laguntzarik eskatu edo ez dudalako inguru bat eduki. Behar horren harira, Ahalduntze Bertso Eskolan hastera animatu naiz aurten, gura nuelako beste gai jartzaile batzuekin egoteko aukera eduki, plazako ikuspegiarekin, eta bertsolariekin batzeko foro bat ere eduki.

I. U.: Ni bertso eskolatik atera nintzen, gero irratian ibili nintzen, eta abar. Garai hartan, asko lagundu zidan Egin irratirako saioak jarraitu behar izateak; kuadrilla genuen, Laxaro Azkune eta abar. Horrek bertsolariekin kontaktu gehiago izatea zekarren. Orain, horren falta sumatzen dut, zeren bertsolariekin hitzik gurutzatu gabe joaten naiz batzuetan saiora, eta gero eta bertigo handiagoa ematen dit bertsolarien ezaupiderik ez izateak.

Jarraitu irakurtzen berria.eus-en.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!