Enirio-Aralar

Pista bordara, edo borda pistara

Erabiltzailearen aurpegia Maite Asensio Lozano 2019ko urr. 12a, 11:36

Aralarko pisten auzian, proposamen bat egin du EH Bilduk: bide berriak eraiki ordez, jadanik eginda daudenen alboan txabola berriak eraikitzea. EHNEk dio horrek ez dituela artzainen eta abeltzainen beharrak aseko, eta Landarlanek gogora ekarri du azken bi pistak auzibidean daudela.

Zauria du Aralarrek. Duela hiru urtetik, gatazkaren sinonimo da Euskal Herriko inguru natural esanguratsu horren aipamena: artzainen txaboletara iristeko eraiki nahi dituzten pistek agerian utzi dute sarri zaila dela ingurumena zaintzearen eta abeltzainen jarduna babestearen arteko oreka, eta aurrez aurre jarri dituzte natur parkea kudeatzeko ereduak. Zauria sendatzeko bidean, erdibideko aukera bat jarri du mahai gainean EH Bilduk asteon, Enirio-Aralar Mankomunitateko (Gipuzkoa) aholku batzordean: pista berriak egin ordez, jadanik eraikita daudenen alboan txabola berriak egitea proposatu du. Egitasmoak ez du guztiz ase Landarlan ingurumen elkartea, eta EHNE sindikatua ere aurka agertu da, baina auziari beste ikuspegi batetik heltzeko bidea ireki du.

Enirio-Aralarko larreak antolatzeko plana osatzeari begira, adituek eginiko txosten bat aurkeztu zuen EH Bilduk asteazkeneko bileran. Izan ere, maiatzeko bozez geroztik, koalizioaren esku daude mankomunitatearen lehendakaritza eta gehiengoa. Hala ere, Adur Ezenarro Ordiziako alkate eta mankomunitateko presidenteak nabarmendu du oraingoz «proposamen bat» baino ez dela: «Ez dugu ezer onartu, ezta erabaki ere; txostena aurkeztu egin dugu, eta ekarpenak eskatu». Lasaitasunez eztabaidatzeko deia egin du: «Polarizazio bat dago: pistak bai ala pistak ez. Baina Aralar hori baino askoz gehiago da».

Izatez, argazki orokor bat eskaini du EH Bilduk aurkeztutako txostenak. Bertako datuen arabera, Aralarren dauden 40 txaboletatik hemeretzik dute bertara iristeko pista, eta beste hirutara traktorez hel daiteke; hamahiruk dituzte «irisgarritasun arazo larriak». Borda horien erabiltzaileen artean premia berezia dute mendian ardiak jetzi eta gazta egiten duten artzainek, txabolarako joan-etorriak maizago egin behar dituztelako, eta, beraz, bide azpiegituren behar handiagoa dutelako; egoera horretan daude hamazortzi artzain, eta horietatik hamahiruk «kopuru esanguratsuetan» egiten dute gazta.

Horiek eskatu dituzte pistak, txaboletara autoz igo ahal izateko; izan ere, borda batzuetara oinez joan behar dute artzainek, edo autoz, Nafarroan barrena, bide nabarmen luzeagoa eginda. Premia horren aurrean, baina, txostenak aurreikusten du txabolen erabilera jaitsi egingo dela epe labur eta ertainean: artzaintza beheranzko joeran da, eta artzain zahar askok ez dute erreleborik ziurtatua.

Dena den, legea da pisten oztopo nagusia: parke natural izendapena du Aralarrek, eta halako obrarik ezin da egin han. Txostenak ere argi adierazi du: «Aralarko Natur Baliabideen Antolamendurako Planak erabat mugatzen ditu pista berriak egiteko aukerak, eta txabola horiei bidea irekitzeko aukerarik ez du uzten». Ezenarrok gogora ekarri du 2016tik bi pista egin direla, «trikimailuak» erabiliz: «Justifikatu dira orain dauden bideak berritzea izango balira bezala, baina hori zalantzan jar daiteke».

Bi egitasmo horiek auzitara eraman dituzte ekologistek, pistak legez kanpokoak direlakoan. Izan ere, bideen inguruko plan orokor bat ondu ordez, eta ingurumen azterketa egin behar ez izateko, proiektua zatitu egin zuen mankomunitateak aurreko legegintzaldian, eta Gipuzkoako Foru Aldundiak diruz lagundu zituen bi pisten obrak. «Baina aldundiak berak esana du hirugarren pistarik ezin dela egin prozedura sinplifikatuaren bidez», oroitu du Ezenarrok.

Jarraitu irakurtzen hemen.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!