Izerdiz eraikitako irriak

Erabiltzailearen aurpegia Izaro Zinkunegi Barandiaran 2019ko ira. 8a, 10:16
Gorka Rubio, Foku / Berria.eus

Sudur gorria dute lanabes Zulaikak eta Galartzak; baina umorea ez da irria eragiteko tresna soil bat, «bizitzeko eta mundua ikusteko modu bat» baizik. Umeak dituzte parez pare, eta kezka dute haien erreferenteez, baita haientzako telebistaz ere. Sormena sustatzeko estrategiak bultzatu behar direla diote, eta instituzioek dutela ardura nagusia.

Orion (Gipuzkoa) elkartu dira Aiora Zulaika Pirritx eta Iker Galartza Poxpolo umorearen (esku)langileak, Gure Zirkuaren karparen gerizpean. «Elkarrekin ez gara aritu, baina badaukat gogoa», esan dio Zulaikak Galartzari. Laster erantzun dio hark: «Porrotxekin aritu nintzen; uste dut haurdun zeundela orduan». Oporretako azken egunak aprobetxatzen ari da Pirritx; Poxpolo, ostera, zirkuarekin biran dabil, bete-betean. Udako egunak aski ezberdinak dira haientzat; alta, sudur gorriaren babesetik begiratzen diote biek munduari. Pailazoak dira, eta euskara eta umorea dituzte langaiak.

 

Herri eta irri

Aparretan zabiltzate: Aiora, hogeitaka urte baditu zuen proiektuak; Iker, bi urtean gainezka egin du Gure Zirkuak. Euskarazko umorearen zain al zegoen publikoa?

IKER GALARTZA: Uste dut euskaraz egin daitekeela beste edozein hizkuntzatan egin daitekeen edozer. Gauza batzuk lehen ez zeuden, eta orain badaude; jendeak eskertu egiten du hori. Eta ez euskaldunak garelako, frantsesak ere eurenarekin oso frantsesak dira; eta gu, euskaldunok, oso euskaldunak gurearekin. Horregatik, gurea estimatu eta zaindu egiten dugu.

AIORA ZULAIKA: Badaukagu, kulturalki, serio fama euskaldunok. Baina nik esango nuke badugula umore bat, eta bideak erakutsi digula umorea bizimodu bat dela, mundua ikusteko modu bat. Jendeak oso gustura edaten du hortik.

Euskal umorea badago orduan?

A.Z.: Bai, jakina!

I.G.: Ni ez naiz jartzen pentsatzen euskal umorea egin behar dudala. Edukian pentsatzen dut esketx bat edo trama bat sortzerakoan; eta, batez ere, txisteak non sartu: umeei gustatuko zaizkienak, gurasoengana helduko direnak... Baina euskaraz bizi naiz, euskalduna naiz, eta euskaraz ateratzen zaizkit gauza horiek. Lan egiteko orduan ere euskaraz aritzen gara.

A.Z.: Berezkoa delako gertatzen da hori, ereiten duzunetik ernatzen eta hazten den arte. Berez egiten dugun zerbait da. Esaten da umore ingelesa, umore katalana... euren mundu ikuskeraren arabera, bakoitzak bere umorea dauka. Eta guk ere hala daukagu.

Nolakoa da euskal umorea?

I.G.: Amorrazio pixka bat ematen dit; batzuetan, euskal umoreaz hitz egitean, ematen du txisteak egin behar ditugula harri-jasotzaileekin, aizkolariekin eta herri kirolekin. Egin behar denean egingo da, baina edozein gai jorra daiteke euskaraz eta umorez.

A.Z.: Akaso ez nuke jakingo erantzuten nolakoa den euskal umorea, berezkoa dugulako. «Nolakoa zara zu?», galderari erantzutea bezala da. Esango nuke umore sanoa dela, eta nahi nuke izatea inklusiboa eta eraikitzailea.

I.G.: Eta minik egiten ez duena; ondokoa eta aurrekoa errespetatuko duena. Besteaz barrerik egin gabe sortzen duzuna.

Inklusioa eta errespetua aipatu dituzue. Ba al du marra gorririk zuen umoreak?

I.G.: Ni saiatzen naiz errespetua zaintzen. Nik, lanean ari naizenean, ez dut pentsatzen pedagogian, ezta heziketan ere. Horretarako gaude gurasoak. Esketx bat prestatzeko garaian, nik pentsatzen dudan gauza bakarra da barrea nola eragin; nik jendea barrez, txaloka eta ondo pasatzen ikusi nahi dut. Baina zaindu behar dira gauzak: ezin da bestearen fisikoaz barre egin, edo neska edo mutila delako.

A.Z.: Umorea barre eginaraztea da nagusiki; baina, momentu batean, izan liteke negar eginaraztea ere. Emozioak lantzea da umorea. Ni sentitzen naiz pixka bat hezitzaile, akaso, bide horretatik jo dugulako. Baina ez dut ikusten kontrapuntua denik, baizik eta lana bideratzeko beste modu bat. Muga gorria datza, batez ere, errespetuan, zentzu guztietan.

I.G.: Sentimenduak dantzan jartzea da umorea. Nahiago dut nik honako hau entzutea, zirkutik atera den bati: «Pozik atera naiz, hunkitu egin naiz; barrenak mugitu dizkidazue», hau baino: «Barre pila bat egin dut».

Heziketaren ardura

Haurrak dira, besteak beste, zuen publiko nagusia. Zein dira, egun, haien erreferenteak?

A.Z: Egun, oso eskura dituzte gailuak, gurasoonak eta eurenak. Milaka kate dituzte telebistan. Esango nuke mundua ikusteko eta ulertzeko duten modua zabalagoa izan daitekeela. Erreferente euskaldunak, berriz, telebistan aterako liratekeenak dira; hor dauzkagu ETBk egindako azkeneko produkzioak, eta umeek jarraitzen dituzte.

I.G.: Umeak Peppa Pig ikusten duenean pentsatzen dut: «Guk ere ikusten genituen halakoak». Baina, gero, bat-batean, Argentinako telesail bat ikusten ari dira, neskak minigonetan. Aztoratu egiten gara. Ni horrek asko kezkatzen nau, dena dute eskura. Eta indarrik handiena jartzen dut haurrak bideo jokoetan ez erortzen. Umeak inozotu egiten ditu; egunean bizpahiru ordu horretan galtzeak ez du ezertarako balio, ez dute lantzen irudimena.

Eta nola sortu bestelako erreferenteak?

A.Z.: Lan handia dago egiteko. Zeintzuk dira umeen erreferenteak? Zeintzuk nahi dugu izatea? Benetan sinetsiko bagenu euskaraz haurrentzat erreferenteak eraiki behar direla, estrategia bat landu eta garatu beharko genuke telebista publikoan, erakundeetan eta hezkuntzan. Horretan ez da nahikoa pentsatzen, eta kanpotik datorkigun inbasioa oso handia da; hor gaude batzuk, gehiago edo gutxiago ohartuta, batzuetan erreferenteak garenak, baina gurekin batera SpongeBob SquarePants, Peppa Pig eta beste hainbat adibide daude. Horiekin bizi behar dugu.

I.G.: Lanean segitzea geratzen zaigu, eta horren jakitun izatea. Umeek musika eskolara doazenean, inauterietan txarangan atera nahi dute, gurasoekin eta lehengusu-lehengusinekin jo nahi dutelako. Horretara bideratu behar da: umeak jolastu egin behar du, musikarekin jolastu. Umeak ez du eman nahi kontzertu bat; gero, ona bada, egingo du.

A.Z.: Kultura da gure nortasun indibidual eta kolektiboa lantzen duen zerbait; gu euskaldunak gara, eta euskaradunak izateaz gain, mundu ikuskera bat daukagu. Eta hori mimatzen, zaintzen eta lantzen ez badugu, garatzen ez badugu, gure nortasuna oso azaleko zerbait izango da.

Zuek ere bazarete erreferente. Zer da zuentzat pailazo izatea?

I.G.: Jarrera bat da bizitzaren aurrean: nik sudur gorria janzten dut jende aurrean ateratzeko, baina ni positibo ikusten naiz, indarrarekin eta energiarekin. Triste egoten ere badakit, eta ez daukat beldurrik triste egoteko, negar egiteko eta onartzeko negar egiten dudala.

A.Z.: Bizimodu bat da pailazoa izatea; mundua ikusteko modu bat eta zure haurrarekin kontaktuan egoteko modu bat. Iruditzen zait, bizi garen bezala eta urteek aurrera egin ahala, gure haurraz ahazten garela, eta hori akats handi bat da. Gero, egin behar ditugu yoga, terapiak eta beste mila gauza gure ume hori topatzeko. Hori baino errazagoa izan beharko luke.

I.G.: Pailazo katalan batek esaten zuen batzuei barruan duten ume hori 15 urterekin hiltzen zaiela, beste batzuei 25ekin eta zenbaiti 50ekin. Zorionekoak gu, ez zaigu-eta hil oraindik. Badakigu hor dagoela, eta heldutasun batekin jabetu gara horretaz; beraz, ez diogu hiltzen utziko.

Ez zarete ohiko pailazoak, ezta ohiko zirkua ere. Zein dira zuen bereizgarriak?

A.Z.: Euskaldunak, txikiak eta oso gertukoak izatea. Eta oso arruntak.

I.G.: Euskal Herria txikia da, eta ez da beste herrialdeetan bezala. Espainian, esaterako, artista bat ikusi duzu emanaldi batean, eta ez duzu gehiago ikusiko zure bizitzan. Gu, berriz, emanaldietan ikusten gaituzte, eta, gero, zerbait hartzen , edo erosketak egiten larunbat goizetan merkatuan. Normalak gara, eta hori ere iristen da.

A.Z.: Umorearen eskulangileak gara. Artistak gara, sormenean gabiltza, eta umorearen artea lantzen dugu; baina hori baino gehiago, eskulangileak gara. Autogestioa eta auzolana, horiek dira beste bi ezaugarri. Horiek mendiak ere mugi ditzakete. Euskaldunok hori ere badaukagu, eta horri esker egin ditzakegu egiten ditugunak.

I.G.: Denok dakigu beste edozein lanetan baino inplikazio handiagoa behar dela gurean. Hemen, goizeko lauretan haizeak jotzen badu, denok atera behar dugu karpa tenkatzera. Hori ez doa soldatan; gurea bokazioa da.

Jarraitu irakurtzen hemen.

 

Aiora Zulaika
(Lasarte-Oria, Gipuzkoa, 1975)
Ileorde arrosa eta sudur gorria ditu lanabes; Pirritx pailazoa gorpuzten du 1997. urtetik. Arte Ederretan lizentziatzerako sartu zen Takolo, Pirritx eta Porrotx taldean. Hasieran, bigarren mailako rolak jokatzen zituen: Maritxu izeba eta Perez sagutxoa, kasurako. Taldean hasi eta urtebetera hartu zuen Pirritxen rola, eta horretan dihardu ordutik. Taldea moldatuz joan da urteotan: Takolok utzi zuen lehenik, eta, 2007an, Marimotots batu zitzaien Pirritxi eta Porrotxi. Katxiporretaren babesean, ikuskizunak, liburuak, diskoak, jolasak eta abar plazaratu dituzte. Herrigintza eta militantzia ere badira Zulaikaren bizibidea. Hezkuntzak kezkatuta, Haur Hezkuntza ikasten ari da egun, eta ikastolako gurasoen ordezkaria ere bada.

 

Iker Galartza
(Amezketa, Gipuzkoa, 1977)
Pailazoa, antzezlea eta gidoilaria; baina, lehenik, pailazoa. 16-17 urterekin jantzi zituen ileorde berdea eta sudur gorria, ikasturte amaierako jaialdi batean. Orduan jaio zen Poxpolo, eta herriz herri ibili da urtetan; Mokolorekin lehenik, eta konpainiarekin gero. Euskal filologia ikastera joan zen Gasteiza, ez irakasle izateko bokazioa zuelako, ezpada idaztea eta irakurtzea gustatzen zitzaizkiolako. Eta gidoilari modura egin zituen lehenengo urratsak telebistan, Goenkale-n. Laster egin zuen jauzi kameraren aurrera, Tomax postariaren rolean. Ordutik, hainbatetan aritu da telebistan, euskaraz zein gaztelaniaz: umorezko saioetan, telesailetan eta haurrentzako programetan. Antzerki obra ugari ere egin ditu. Iaz, Gure Zirkua martxan jarri, eta txikitako ametsa bete zuen.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!