Paisaiaren aldirietan

Erabiltzailearen aurpegia Itziar Ugarte Irizar 2019ko abu. 11a, 17:55
Berria.eus

Euskal kultura ez dela zaintzen, ez dela ezagutarazten, ez zaiola ematen dagokion babesa eta espazioa. Argi dute hori Ximun Fuchsek eta Garbiñe Ubedak. Urteak daramate kulturan lanean, eta zorrotz mintzo dira egoeraz; etsipenez baino gehiago, garaiak exijitzen dituen aldaketen premiaz.

Inor ezin da ez egon paisaian, eta, halere, batzuk gehiago daude beste batzuk baino. Ikusgarriak eta ikusezinak alboz albo bizi dira. Eta inon egotekotan, aldirietan dago hor euskal kultura. Aratz ikusten dute hori Ximun Fuchsek eta Garbiñe Ubedak. Bazuten elkarren berri, baina ez zuten elkar ezagutzen. Txingudiko badian elkartu ditu BERRIAk, batzen dituen paisaiaz aritzeko.

Nola hasi zineten kulturgintzan?

XIMUN FUCHS. Ni kasualitatez eta plazerez, ze antzerkia jokoa da eta horretara jostatzen ginen. Nerabe ginela, bagenuen rock talde bat, eta gaztetxez gaztetxe ibiltzen ginen. Gero, Bordeleko fakultatean hasi nintzen antzerkia ikasten. Fakultatea bilakatu zen gure joko terrenoa; egiten genuen antzerkia toki denetan: jantokian, autobusetan, fakultateko korridoreetan... dena esperimentatu dugu. Hau zen benetako formakuntza: imajinazioak permititzen bazuen zerbait askatzea, dena zen posible. Baina antzerkia ez da fakultatean ikasten; ikasi, oholtzan ikasi dut, eginez.

Fakultateko lagunekin frantsesez egiten zenuten?

X.F.: Bai. Baina nire egiazko formakuntza euskal antzerki amateurra izan da. Gaztetxoa nintzenean, baziren hainbat talde euskaraz giro bat elikatzen zutenak. Toberak, maskaradak, pastoralak, libertimenduak... horiek hezi eta hazi naute.

Zure hasierak nolakoak izan ziren, Garbiñe?

G.U.: Neurri batean, Ximunen antzekoa da. Filologia, euskara ikertzeko baino gehiago, egiteko nahi genuen guk. Gaztea zara, eta presa daukazu. Hori [EuskaldunonEgunkaria-ren sorrerako giroarekin uztartu zen. Baina kulturgintza, orokorrean, nik oso txikitatik izan dut nire paisaian: Herri Irratiko musika, ikastolako kantuak, idaztea, marraztea... Hori zen gure egunerokoa, eta nik horren parte izan nahi nuen. Euskalgintzan oso garrantzitsua izan den jendea aurkitu nuen bidean: Euskal Herrian Euskaraz-ekoak, Argia-ko jendea, Txillardegi bera... Hori izan da nire eskola, eta bizitzak handik eraman nau. Ez dut uste ezer berezirik egin dudanik, gogoa agertu besterik.

Zeintzuk izan dira bidean oharturik zein oharkabean hartu dituzuen erabaki aipagarrienak?

G.U.: Erabaki garrantzitsu bat Euskal Filologia utzi eta bestera buru-belarri jartzea izan zen. Egun, beharbada, ez nuen hori egingo, titulu batek ate asko irekitzen dituelako. Baina orduan ezinbestekotzat jo nuen. Bigarrena, berriz, Egunkaria sortu zenean Argia-n geratzea izan zen. Egunkaria fabrika handiegia zen niretzat, lanak zehatzagoak ziren, eta nik adar asko behar ditut batera: idatzi, diseinatu... Askatasuna behar dut, eta Egunkaria-n ez zegoen denborarik galtzeko. Garai hartan, bi gauza ziren oso garrantzitsuak guretzat. Bat zen militantzia: horretara jarri, eta hori zen dena; lagunak galtzen zenituen, dena. Eta bigarrena zen kuadrilla: kuadrilla batek eramaten ditu gauzak aurrera. Bizitzak gero erakutsi dit hori ez dela hain ona, kuadrillaren izenean gauza batzuk gaizki egin ditugula, kontzeptu zabalagoa behar dugula.

Irakurri erreportajea Berrian.

 

Garbiñe Ubeda
(Ibarra, Gipuzkoa, 1967)

Idazlea, kazetaria eta diseinatzailea. Euskal Filologia ikasten hasi zen, baina ikasketak amaitu aurretik egin zuen jauzi lan mundura: «Garbi neukan lanerako sortu nintzela». Argia-n urratu zuen bidea, eta joan-etorrian egin du aurrera. Idazketa eta ilustrazioa, bi mundu horiek egin ditu bere. Eta, horiekin batera, musika da aipatzen duen hurrena. Euskal Idazleen Elkarteko lehendakaritza hartu zuen iazko martxoan, eta idatzi dituen lanen artean daude, besteak beste, Sasieskola gazteentzako eleberria (Elkar, 2019), Hobe isilik  nobela (Elkar, 2013), Mila ezker saiakera (Susa, 2009) eta Negu Gorriak-Ideia zabaldu tour 95 kronika lana (Susa, 1995).

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!