«Organoa pertsona bezalakoa da: joan, eta probatu egin behar da»

Erabiltzailearen aurpegia Alba Cabrera Jauregi 2019ko abu. 8a, 08:49

Mikel Ansolak, Donostiako Musika Hamabostaldian joko duen lehen aldia da. Organo Zikloaren barruan, Ignacio Arakistainekin batera arituko da Tolosako Andre Maria elizan, gaur, 20:00etan.

2011. urtean ezagutu zuen Mikel Ansolak (Markina Xemein, Bizkaia, 2000) organoa. Martin Alberdi herriko organo jotzaileak kontzertu bat eman zuen, Xemeingo Gaua ekitaldian, eta, hura ikustean, instrumentua ikasi behar zuela erabaki zuen. Geroztik, instrumentuan trebatzen ibili da, eta, joan den urtean, goi mailako musika ikasketak hasi zituen Musikenen. Gaur, Ignacio Arakistainekin batera joko du Tolosan (Gipuzkoa), Musika Hamabostaldian. Liszt, Reger, Bach, Franck eta beste hainbat artistaren obrak interpretatuko dituzte. Programa hiru zatitan banatu dute: bakoitzak ordu erdiz joko du, eta, ondoren, lau esku eta lau hankatara arituko dira.

Nola aukeratu dituzue joko dituzuen obrak?

Organo ezberdinak daude —barrokoa, klasikoa, erromantikoa, postrromantikoa...—, eta, azkenean, instrumentuak berak ere errepertorioa baldintzatzen du. Tolosakoa, adibidez, Erromantizismo garaikoa izanda, ez litzateke aukerarik onena barrokoko obra bat jotzeko. Jo daiteke, baina ez da aukera egokiena. Gainera, Tolosako eliza handia da, erreberberazioa handia da; orduan, kontuan eduki behar da zer obra jo eta zer abiaduratan. Horrek denak baldintzatzen du, zer errepertorio aukeratu.

Musika Hamabostaldian jotzen duzun lehen aldia da? Zuretzat zer esan nahi du hor aritzeak?

Zikloan jotzen dudan lehen aldia da. Musika Hamabostaldian, organo zikloa eta kurtsoa egiten dira, eta, zikloak irauten duen bitartean, egiten da ikastaroa. Urtero irakasle gonbidatu bat egoten da, eta herrialde askotako jendea etortzen da. Sarritan, kurtso horretan ibilitako jendeari aukera ematen diote hurrengo urteko zikloan jotzeko. Ikastaroan parte hartu izan dut beste urte batzuetan, baina ziklo barruan kontzertua emango dudan lehen aldia da. Hemen parte hartzea aukera ona da, beste herrialdeetako organista askorekin batera. Azkenean, gu gazteak eta Euskal Herrikoak izanda, eskertzekoa da tokiko ziklo baten barruan bertakoentzako lekua egotea.

Hainbat organo jo izan dituzu (Markinakoa, Bergarakoa, Tolosakoa, Azpeitikoa...); zer alde dago batetik bestera?

Zuk hartu bi organo erromantiko: Tolosakoa (1885) eta Bergarakoa (1889), esaterako. Biak marka, erregistro kopuru eta garai berekoak dira. Eliza ezberdinak dira, Tolosakoak eta Bergarakoak ez dute zerikusirik, inondik inora ere. Orduan, tokiak instrumentua ezberdin egotea, ezberdin entzutea eragingo du. Organoak dituen erregistroen arabera ere diferentea izango da. Horrez gain, instrumentu horrek izan duen mantentzea eta zainketak ere eragina izango du. Beraz, pila bat faktore dago instrumentua bakarra egiten dutenak. Hor dago organoaren punturik interesgarrienetako bat: beti duzu instrumentu berri bat, eta Tolosan edo Bergaran jotzean edukiko dituzun sentsazioak guztiz diferenteak izango dira.

Segi irakurtzen

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!