"Enpresek beste errespetu batekin tratatzen gaituzte orain"

Erabiltzailearen aurpegia Aitziber Arzallus 2019ko abu. 8a, 10:00

«Sekulako nahastea zegoen sektorean», azaldu du Peio Etxeberria artzain eta gaztagileak. Villabona-Amasako Alustiza baserrian bizi da Etxeberria, Gipuzkoan. 300-400 buruko artaldea du, eta baserriaren izen bereko gazta egiten du, Idiazabal jatorri izenaren barruan.

Indarrak batu eta elkarlanean aritzeak emaitzak ematen dituen seinale da Latxa Esnea kooperatiba. Hego Euskal Herri osoko 30 bat ardi esne ekoizlek sortu zuten 2012an, besteak beste, esnea jasotzen zieten enpresekin salerosteko baldintzak hitzartu nahi zituztelako.

Zertan aldatu zaizue egoera kooperatiba sortu zenutenetik?

Erabat. Lehen, egoera penagarrian geunden. Esnea saltzen genuen inolako kontraturik gabe; ez genuen jakiten ez zenbat ordainduko ziguten, ez noiz ordainduko ziguten. Enpresen mende geuden erabat, eta sekulako gabeziak genituen. Horregatik sortu genuen kooperatiba, eta, ordutik, gure egoerak nabarmendu egin du hobera. Beste errespetu batekin tratatzen gaituzte orain.

Zer moduzko harremana daukazue enpresekin?

Bada gurekin ezer jakin nahi ez duenik, baina, oro har, ona. Konturatu dira gu ahaleginak egiten ari garela eurei gauzak errazago jartzeko. Azkenean, denoi mesede egiten diguten konponbideak topatzea da kontua. Lehen, lau baserritar zeuden herri batetik hiru enpresatako kamioiak pasatzen ziren esne bila. Eta, gero, kexatu egiten ziren, esnea biltzea garestiegi ateratzen zitzaielako. Orain, lau enpresetatik hirurekin dugu tratua, eta egin duguna da kooperatibako ekoizleak multzoka banatu eta enpresa bakoitzari multzo jakin bat eman, ahalik eta gasturik txikienak izateko, gero guri esnea gehiago pagatzeko.

Zenbat ekoizten duzue?

Bi motatako artzainak gaude. Batzuk gaztagileak ere badira, beraz, ekoizten duten esnearen parte bat erabili egiten dute, eta bestea saldu. Besteek, berriz, ekoizten duten esne guztia saltzen dute. Guztira 1,5 milioi litro inguru ekoizten ditugu urtean, eta horietatik milioia pasatxo saldu egiten dugu.

Gaztagile ere bazaretenok, norberak bere aldetik ala kooperatiban egiten duzue gazta?

Gaztagile bakoitzak dauka bere gaztandegia, eta han egiten du gazta. Baina, kooperatibak gastu batzuk ditu, eta gastu horiek ordaintzeko kooperatibak gazta egiten du. 22.000 litro inguru erabiltzen ditu horretarako. Era horretara, artzainek ez dute euren patrikatik dirurik jarri behar.

Kooperatibako gaztagile guztiok Idiazabalgo gazta egiten al duzue?

Bai. Kooperatiba sortu genuenean, hango kide izateko baldintza jarri genuen Idiazabal jatorri izenaren barruan egotea.

Segi irakurtzen

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!