«Ama, greba puta hori bukatu da», esan zion alabak Olatz Iruretagoienari (Alkiza, (1975)) greba amaitu zuten egunean, joan den ekainaren 26an. Greba hasi eta bederatzi hilabetera, 281 egunera. Aho-mihietan erabili zuen izendapen hori etxean denbora horretan guztian: «greba puta» gora, «greba puta» behera. «Greba etxera eramaten duzu; nik alabatxoekin igartzen nuen. Nahikoa zen haiek edozein tontakeria esatea edo egitea, eta segituan egiten nuen salto», aitortu du.
Orain, behin akordioa lortuta eta greba amaituta, lasaiago bizi da, baina oraindik ere normaltasunera erabat ohitu gabe. «43 urtean inoiz pankarta baten atzean egon gabe, eta, gero, bederatzi hilabetez egunero pankartarekin!». Animo hitzak baino ez ditu oraindik greban jarraitzen duten bi solaskideentzat, Aitziber Aranberrirentzat eta Begoña Nuñezentzat. «'Egun bat gutxiago', esaten genion guk elkarri egunero», hauspotu ditu.
BERRIAk Donostiako Bulebarrean elkartu ditu hirurak, azkenaldian hainbat emakume langileren erresistentziaren eta borrokaren ikur bihurtu den bulebarrean, Woddy Allenek beretzat ordu batzuez zigilatu bezperan.
Irakurri erreportajea Berrian.
Olatz Iruretagoiena Elola
(Alkiza, Gipuzkoa (1975))
"Tolosako komisarian egiten dut lan, garbitzaile. 281 egun egin ditugu greban, mugagabe. %13ko soldata arrakala geneukan kaleko garbitzaileekin alderatuta [sektore maskulinizatua da], eta lortu dugu %70 txikitzea bost urtean. 2009an bukatu zitzaigun aurreko lan hitzarmena. Orduko hartan, agertzen ziren toxikotasun eta arrisku plusak, baina enpresak ez zituen aplikatzen. Lortu dugu ziegak eta autoan atxilotua joaten den zatia garbitzen ditugun bakoitzean plus hori kobratzea. Eta oso pozik nago greba amaitzeaz. Oso-oso gogorra izan da, baina oso-oso pozik nago".