Pertsonaiatik pertsonara

Erabiltzailearen aurpegia Miren Garate 2019ko uzt. 12a, 08:59

'Altzoko Handia. Euskaldun mitiko bat (nahiz guztiz erreala) XIX. mendeko Europan' liburua idatzi du Luis Angel Sanchezek. Gipuzkoako Aldundiak kaleratu du.

Aurrez gutxi idatzi izan zen hari buruz, baina, Handia filmari esker, han eta hemen egin da ezagun Migel Joakin Eleizegi Altzoko Handia-ren istorioa. Haatik, ez zen pelikulan erakusten den bezain pertsona triste eta manipulagarria izan, Luis Angel Sanchez Gomez (Madril, 1962) Madrilgo Unibertsitate Konplutentseko irakasle eta historian doktoreak azaldu duenez. Ez zela Ipintza baserrira itzultzeko irrikaz bizi zen pertsona bat, edo, beste era batera esanda: filmean irudikatzen den baino askoz pertsona «ausartagoa eta interesgarriagoa» izan zela. Pertsonaia, asmakeriak eta kondairazko datuak alboratuta,haren bizitza sakon aztertzeko asmoz idatzi du Altzoko Handia. Euskaldun mitiko bat (nahiz guztiz erreala) XIX. mendeko Europan liburua. Jaso duen informazioaren zati bat argitaratu gabe zegoen orain arte.

Sanchezen esanetan, XIX. mendean interes handia zegoen akromegalia gaitza zutenekin, batik bat anatomista antropologoen artean, uste baitzuten gizakiaren jatorriari edo nondik norakoei buruzko informazioa eman zezaketela. XIX. mende hasieran, artean ez zen ezagutzen gaitza. Azaldu du Eleizegik garai hartako beste gaixoek egiten zutena egin zuela: errentagarritasuna atera zorigaitzari, sarrera baten truke bera ikusteko aukera ematen baitzion publikoari, Europako beste gaixo batzuek egiten zuten bezala. «Hasieran hiru pertsonako elkarte bat egon zen, baina elkarte hori segituan desagertu zen, seguru asko aitak pentsatu zuelako oso erraza zela semea erakustea eta ez zegoela bitartekarien beharrik».

Altzoko Handia Ipintza Zar baserrian jaio zen, eta Sanchezek nabarmendu du eleizegitarrak ez zirela diru premia handiko familia bat. «Migel Joakinen aitak bi baserri jaso zituen oinordetzan, eta, beraz, egoera ekonomiko nahiko erosoa zuten». Eta ez zen bat-batean handitu. «Hipofisian tumore bat zuen, tumore onbera bat. Horrek zapaldu egiten zion hipofisia, eta hazkunde hormona asko sorrarazten zizkion». Historialariak kontatu du urte batzuetan nahiko modu proportzionalean hazi zela, baina 18-20 urtetik aurrera aurrez erraldoitasuna zena akromegalia bihurtu zitzaiola; hau da, hezur batzuek hazteari utzi arren, haren organismoak hazten jarraitu zuela, hala nola eskuetako eta hanketako hezurrek, masailezurrak eta burezurrak.

Ez dago argi zenbat neurtzera iritsi zen. 2,42 metro izan zirela ere aipatzen da, eta, Sanchezen esanetan, oso litekeena da garaiera horretara iritsi izana. Euskal Herrian orain artean izandako pertsonarik altuena da, nahiz eta nazioartean izan den handiagorik ere.

ERAGINIK EZ ADIMENEAN

Buruko mina, ikusmen arazoak, lotarako zailtasunak eta abar ziren akromegaliaren beste ondorioetako batzuk. «Horregatik mugitzen ziren geldo, eta ia beti makilarekin». Gaitzak, ordea, adimenean ez zuen inolako eraginik, adierazi duenez. «Handia asko gustatu zitzaidan, baina tematu dira batzuetan haurren jokabideak dituen pertsona baten gisa erakusten. Pertsona ez oso argiaren irudia ere ematen du, eta badago akromegalia duten pertsonekiko topiko hori; ez direla oso argiak esaten da, baina batak eta besteak ez dute zerikusirik».

Eleizegiren bizitzan, bidaiak eta erakustaldiak izan ziren nagusi, baina Sanchezen ustez «nahiko modu duinean» erakusten zuten. «Ez zen pelikulan ikusten den bezala kristal baten atzean erakusten, baizik eta gehienbat logeletan. Aulkitik altxatzen zen, pauso batzuk ematen zituen aurrera, beste batzuk atzera, eta besoak mugitzen zituen». Etxe partikularretan, kafetegietan eta hoteletan izaten ziren saio horietako gehienak, eta, besteak beste, Londresen, Parisen eta Portugalen izan zen.

Erakustaldi horien berri emateko, egunkarietan argitaratu ziren iragarkietako batzuk bildu ditu liburuan. Pertsona batzuk jaten ageri da horietako batean; beste batean, berriz, pertsona batzuk beso gainean eramaten, lurra bustita zegoenez ez erortzeko; Punch izeneko Erresuma Batuko agerkarian bi egun ezberdinetan argitaratu zuten bineta bat, esanez ez zela sartzen egun bakarrekoan. Iragarki horiek egundoko oihartzuna eman zioten. «Ondo atera zioten errentagarritasuna, eta seguru asko aitak edo anaiak konbentzituko zuten, baina ez dut uste pertsona esplotatu bat izan zenik».

Besteak beste, testamentuaren adibidea aipatu du. «Aldatu egin zuen. Aurrenekoan, anaiari eta ilobetako bati uzten zien herentzia handia; hil baino bi aste lehenago idatzitakoan, berriz, ez dakigu zergatik, aitarentzat zen zatirik handiena». Egilearen ustez, horrek erakusten du Altzoko Handiak bazuela erabakitzeko gaitasuna, eta ez zela familiak edo enpresaren batek nahi bezala erabiltzen zuten txotxongilo bat. Sanchezek ez du bat egiten hil ostean gorpua lapurtu egin zuten hipotesiarekin.

Gipuzkoako Foru Aldundiren Kultura Departamentuak argitaratu du liburua, eta mila ale atera dituzte; erdiak, euskaraz, eta beste erdiak, gaztelaniaz. Donostiako liburu azokan jarriko dute salgai, ostiralean, bai eta liburu dendetan eta Altzoko informazio puntuan ere, 15 euroan.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!