Hogeita bost urte zituen pasarte gogor hura bizi zuenean, baina oraindik ondo baino hobeto gogoratzen du bizi izan zuena. "Nire bizitzako pasarterik gogorrenetakoa izan da" adierazi du, TVE Espaniako telebista katean egin dioten elkarrizketa batean. "Ez zen bortxaketa soilik izan, ia hil egin ninduen gizon hark".
Artetak azaldu duenez, 1990ean New Yorken zuen bizilekua ez zen hain zuzen inguru lasaia. "Egunean zehar merkatal gunea zena, prostituten, proxeneten eta drogen bilgune bilakatzen zen gaua iristean... azpimundu beldurgarria". Familia bat eta neskatila bat zaintzen lan egiten zuen abeslariak, eta, egun batean, etxera bidean, eraso egin eta bortxatu egin zuen gizon batek. Hain justu, lehen opera batean parte hartzeko gonbita egin zioten egun berean. Lau egun zituen Artetak egokitu zitzaion papera ikasteko; Rosinniren Errauskine obran parte hartu behar zuen, Clorindaren papera interpretatuz. Lau egun zituen pertsonaia ikasteko, eta partiturak eskuan zituela eraso egin zion gizonak. "Ez nuen denborarik izan dolua igarotzeko, ez eta gertatu zitzaidanaren inguruan pentsatu eta hausnartzeko", adierazi du. "Bizirik egotea zoriontsu egoteko modukoa zela esan zidan poliziak".
Pasarteak ondorioak utzi ditu abeslariarengan. "Nazka sentitzen nuen norbait niregana gerturatzen zenean, bai bere gustokoa nintzelako edo beste edozein arrazoirengatik". Horregatik, egoera horien aurrean bere jarrera "irmoa" izan dela adierazi du, eta kasu batzuetan, baita "hezibide txarrekoa" ere. Zoritxarreko esperientzia izan zen, baina Artetak aurrera egin zuen bere lehen operarekin. Ibildide oparo eta arrakastatsu baten hasiera izan zen, beste emakume askoren antzera, bidean indarkeriak zipriztindua.