Fiskaltzak beste 570.000 euroko iruzurra leporatzen dio Xabi Alonsori

Erabiltzailearen aurpegia Berria 2019ko ekainaren 20a

Bigarren kereila bat aurkeztu du futbol jokalari ohiaren aurka. Lehenengo kereilan, hiru delitu fiskal egozten dizkio eta bost urteko espetxe zigorra eskatu du Alonsorentzat.

Xabi Alonsok beste salaketa bati egin beharko dio aurre. Fiskaltzak bigarren kereila bat aurkeztu du haren aurka, 2013an Espainiako Ogasunari 572.008 euroko iruzurra egitea leporatuta.

Datorren urtean Realeko bigarren taldeko entrenatzaile izango denari hiru delitu fiskal egotzi zizkion Fiskaltzak lehenengo kereilan. Bere irudi eskubideak Madeiran (Portugal) kokaturiko enpresa baten bitartez kudeatu eta horrela iruzur fiskala egin izana egotzi zion Xabi Alonsori. Fiskaltzaren arabera, futbolari ohiak bi milioi euroko iruzurra egin zuen 2010, 2011 eta 2012 urteetan. Hori dela eta, bost urteko kartzela zigorra eskatu zuen harentzat. Bigarren kereilan, milioi erdi eurotik gorako iruzurra egitea leporatzen dio 2013 urtean.

Alonso Madrilgo audientzian epaitu behar zuten joan den urtarrilean, baina audientziak bertan behera utzi zuen jokalari ohiaren aurkako epaiketa, egotzi zaizkion delituak epaitzeko ardura duen edo ez zehaztu arte.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!