"Adin aniztasuna ezaugarria, estrategia eta helburua da"

Erabiltzailearen aurpegia Arantxa Iraola 2019ko eka. 5a, 08:59
Argazkia: Gorka Rubio/Foku

Saltoka, jolasean, dantzan. Haurrak presente izan ziren joan den astean Gipuzkoako Eskola Txikien Jaiaren aurkezpenean, Aginagan (Usurbil, Gipuzkoa). Ekainaren 9an izango da, eta «auzolanean» ari da eskola komunitatea, dena prest egon dadin. 41 ume ditu ikastetxeak: Haur Hezkuntzako 2. mailan hasi eta Lehen Hezkuntza amaitu arte. Aurkezpenean, zentroko arduradunek lagun izan zuten Mikel Goñi (Amezketa, Gipuzkoa, 1981), Araba, Bizkai eta Gipuzkoako eskola txikien irakasleen koordinatzailea. Lanak talaia ona ematen dio zentro horiek osatzen duten sarearen sendotasunari erreparatzeko.

Zer sare osatzen dute eskola txikiek? Kuantitatiboki zein da egoera? Eta kualitatiboki?

Araba, Bizkai eta Gipuzkoan 51 eskola dira. Araban, bost; Bizkaian, 20; Gipuzkoan, 26. Guk autodefinizio bat egiten dugu: eskola txikiak adin aniztasuna bultzatzen duten tamaina txikiko eskola publikoak dira, landa eremuan daude, eta, aukera horiei esker, aukera metodologiko ezberdinak dituzte lan ona egiteko. Definizio horretan sartzen direnak gaur egun 51 ikastetxe dira.

Badago ikasle kopuru jakin bat eskola txikien eta gainerakoen arteko muga zedarritzeko?

Ez. Azken urteotan bilatu duguna da zer kualitate behar dituen eskola batek: zein diren arlo kualitatiboan eskola txikiak identifikatzeko ezaugarriak. Duela urte batzuk egon zen nolabaiteko eztabaida: ehun ikasle zituzten zentroak eskola txikiak ziren, eta 101 zituztenak, ez. Baina hori arraroa zen. Eta bazeuden ikastetxe batzuk ikasturte batean eskola txikitzat hartzen zirenak, eta hurrengo urtean, berriz, ez. Horrelako korapilo batean zeuden. Horregatik bultzatu dugu orain aldagai kualitatiboen ideia hori. Lehen, halaber, adin aniztasunaren inguruko kontzepzioa izaten zen adin aniztasuna eduki egin behar zela ikasgeletan. Hor pauso bat harago egin dugu orain. Adin aniztasuna bultzatu egin behar dela esaten dugu: bilatu egiten dugu, ez baldin badaukagu ere, bilatu. Alegia, akaso eskoletan egon daiteke mailaka antolatzeko adinako ume kopurua, baina egiten den hautua izaten da adin aniztasunaren bila joatekoa.

Ikasgelan adin aniztasuna bermatzeak zer onura mota ditu, bada, haurrak hezteko garaian?

Eskola hauen ezaugarri propio-propioa da. Aniztasunaz asko hitz egiten dugu egun, eta, hain justu, gero eta aniztasun handiagoa daukagu Euskal Herrian. Adin aniztasunak zer egiten du? Aukera sorta handitu egiten du: umeek pentsatzeko, ikasteko, sentitzeko eta elkarrekin interakzioan jarduteko dituzten aukerak aberastu egiten direla pentsatzen dugu. Horregatik bilatzen da: aniztasunari bide zabalago bat egiteko. Hor sortzen diren erlazioak ere oso bereziak izaten dira: kooperatzeko bide batzuk zabaltzen zaizkie umeei, bestela ez dituztenak. Bide horretan ari gara; adin aniztasuna dagoeneko ezaugarria, estrategia eta helburua da. Funtzio asko betetzen ditu. Jakina, ezin da edozein gauza egin gero ikasgelan; lan egiteko edozein metodologiak ez du balio, dinamikek ere adin aniztasun horri erantzuteko modukoak izan behar dute, eta planteamenduetan ere aniztasun handiagoa behar da...

Eta zer moduzko trebakuntza izaten dute irakasleek eskola txiki batean lanean hasi, eta hango martxari egokitzeko?

Saiatzen gara. Irakasle iritsi berriei trebakuntza ematen zaie, eta urteak daramatzatenentzat ere heziketa foroak antolatzen dira: sakontzeko, eta gaietan gehiago mamitzeko. Irakasle berrien prestakuntzari dagokionez, berriz, unibertsitatera begira, hor badago zeregina. Baina zeregina ez dago eskola txikietara begira bakarrik, orokorra da premia: irakasleak ia eskolak ezagutu gabe etortzen dira eskolara, unibertsitatean lau urte egin eta gero. Egiten duten praktikaldia oso ona izaten da, baina, alde horretatik, ongi legoke eskakizun handiagoak izatea. Unibertsitateak hor badauka zer pentsatua.

Landa guneko eskola txikiak dira. Herrian, kaleko bizitzan, beste eremu batzuetan baino libreago ibil daitezke haurrak. Hori bera hezitzailea da, noski. Eta herrientzat, bizi iturria...

Noski. Horrek berak bizia ematen dio herriari. Herritarrek ikusten dute bizia dagoela ikasleen artean, eta herriak biziberritzeko oso inportantea da eskola bat izatea. Eskolarik ez dagoen herri batean zailagoa da. Eguneroko bizitza egiteko ere, gaur egungo egiturak eskolaren inguruan antolatzen dira kasurik gehienetan: familiak hor txertatzen dira, eta sustrai hori gabe nekezagoa izaten da.

Eskola txikien mapara begira, sare aski trinkoa osatzen dute? Hutsunerik atzematen da?

Uste dut dauden horiek sare trinko bat osatzen dutela, baina gehiago egongo balira, aukera on bat zabalduko litzateke, bereziki Arabako aldean.

 

Jarraitu irakurtzen hemen.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!