"Bost urteotan, laukoiztu egin dira webgunean dauzkagun bisitak"

Erabiltzailearen aurpegia Urtzi Urkizu 2019ko ots. 10a, 08:44
JUAN CARLOS RUIZ / FOKU / BERRIA.EUS

Urrian bost urte bete zituen, eta asteon 1.000. zenbakia argitaratu du 'Tolosaldeko Ataria'-k. Calvok esan du gazteengana iritsi nahi dutela, eta horretarako webgunea eta izaera multimedia indartuko dituztela.

Tolosaldeko eta Leitzaldeko Hitza-n 2008. urtean hasi zen kazetari lanetan Rebeka Calvo (Tolosa, Gipuzkoa, 1981). Abenduan izendatu zuten Tolosaldeko Ataria-ko koordinatzaile.

1.000 zenbaki euskaraz ateratzea ez da gutxi. Zer balantze egiten duzu bost urte hauetaz?

Balantze oso ona egiten dugu. Galtzaundi astekariak, Txolarre irratiak eta Tolosaldeko Hitza-k bat egitea adostu genuenean, uste genuen euskarazko komunikazio proiektu sendo bat eskaini behar geniola Tolosaldeari. Ziur aski gauzak hobetzeko badaude, baina proiektua garatzen eta erronka berriei heltzen jarraitzen dugu. 

Nola sentitu zinen abenduan koordinatzaile kargua hartu zenuenean?

Ardura handiarekin. Txikiak gara, baina ardura handiak dauzkagu. Kazetariek egunerokoan ere badute ardura, multimedia izaera dela eta. Albiste baten bila doazenean, paperean —egunkarian eta astekarian—, Interneten eta irratian pentsatu beharra dago. Hori guztia koordinatzea ez da erronka erraza. Gogotsu nago, edonola ere. 

Zer moduz doaz irakurle, harpidedun eta Atarikide datuak?

Bost urteotan irakurle kopurua handituz joan da. CIESen arabera, 12.000 irakurle dauzkagu. Horrek esan nahi du eskualdean euskaraz dakitenen herenera iristen garela. Harpidedunak mantentzen ari gara. Horiek zaintzea funtsezkoa da guretzat, autofinantzaketaren aldeko lanean ari garelako.

Interneteko datuek zein neurritan egin dute gora urteotan?

Webgunea erdigunean jarri dugu beti, zentralitate bat dauka. Bost urteotan, webguneko bisitak laukoiztu egin dira, eta erabiltzaile bakarrak bikoiztu. Webguneko bisiten %40 inguru sare sozialetatik iristen dira, batez ere Facebooketik eta Twitterretik. Facebooken, 5.615 jarraitzaile dauzkagu, eta Twiterren, 3.918. Instagramen eta Youtuben ere bagaude.

Eskualdean bada telebista bat: 28 Kanala. Nolako harremana duzue haiekin?

28 Kanalarekin elkarlanean aritzen gara, proiektu puntualetan. Adibidez, inauterietan ostegun gizeneko txupinazoa elkarrekin emango dugu. Inauterietan ere elkarlanean arituko gara bideo batzuekin.

Publizitate sarrerak zer moduz doaz azkenaldian?

Publizitatea zaila da, baina horri begira ere apustu berriak egiten ari gara. Kontsumitzeko erak aldatzen ari dira, eta publizitaterako eskaintza berritzaileagoak egin nahiko genituzke. Papera da diru iturri nagusi, baina Interneteko publizitatea indartu nahiko genuke.

Datozen hilabeteei begira, zeintzuk dira dauzkazuen erronka nagusiak?

Ohiko moduan, kalitatezko kazetaritza eskaini nahi dugu, tokian tokikoa, eta euskaltzaleen elkargune eta laguntzaile izaten jarraitzeko asmoa dugu. Webgunea eta sare sozialen presentzia indartu nahiko genuke. Gazteengana iritsi nahi dugu, eta, horretarako, multimedia izaera indartu beharko dugu.

Eskualdeko herri eragileekin eta udalekin hartu-emanak gehiago lantzeko aukera ikusten duzu?

Beti izan dugu presente hau herritar guztion ataria dela. Eragileekin eta udalekin lankidetzak egin behar dira. Beste alde batetik, webgunean komunitatearen atala daukagu, eta bertan eragileek edukiak argitaratu ditzakete. Gure asmoa da eragileetako norbanakoak fisikoki guregana etortzea; gure egoitzara, alegia. Hartu-eman zuzena izatea nahiko genuke, Tolosaldeko Ataria-ren egoitza ere haiena balitz moduan senti dezaten.

Zer da tokiko kazetaritzan ari diren kazetarientzat onena eta txarrena?

Onena jendearekiko hartu-eman zuzena da. Txarrena ere hori bera izan daiteke, jendea oso gainean izatea. Gertutasunak gauza onak ematen ditu, eta zenbaitetan, txarrak, baina normalean kontu onak izaten dira gehiago.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!