Tolosar baten gorpuzkiak Erorien Haranetik ateratzeko eskatu du haren sendiak

Erabiltzailearen aurpegia Hodei Iruretagoiena 2019ko urt. 29a, 12:30
ARGAZKIA: J.J.Guillen / Berria.eus

1962an eraman zituzten frankistek Lucas Ugarte Plazaren gorpuzkiak Tolosako hilerritik, familiaren baimenik gabe. Udalbatzan egingo dute eskaria, gaur, handik Espainiako Gobernuari bideratzeko.

Familia abertzaleko semea zen Lucas Ugarte Plaza (Ordizia, Gipuzkoa, 1914), eta1938ko uztailean hil zen, Levanteko frontean. "Gerra ekintzen ondorioz" hil ere, garai hartako heriotza agiriak dakarrenez. Hiru urte lehenago joan behar izan zuen derrigorrezko soldaduska egitera, eta armadan harrapatu zuen frankisten altxamenduak. "Ahalegin handien" ondoren, Veremuda Plazak —Lucasen amak— lortu zuen semearen gorpua Tolosara ekartzea, baina Madrilgo Erorien Harana amaitutakoan, hilerritik gorpuzkiak hartu eta Espainiako hiriburura eraman zituzten, familiari haren berri eman gabe. 1962an izan zen. "Duintasunagatik eta aurrekoenganako errespetuagatik", Ugarte Plazaren gorpuzkiak itzultzea nahi du orain haren familiak.

Gaur egingo dute eskaera ofiziala, Tolosako udalbatzan. EAJk, EH Bilduk eta PSEk batera aurkeztuko dute eskaria, eta, hori kontuan harturik, aho batez onartzea espero dute.

Hiru puntu jasotzen ditu gaur bozkatuko duten mozioak: Espainiako Gobernuari Ugarte Plazaren gorpuzkiak Tolosako hilerrira ekartzeko eskatzea; onartutako testua Dolores Delgado Justizia ministroari eta Fernando Martinez Memoria Historikorako idazkari nagusiari helaraztea; eta Tolosako alkateari ematea familiaren eskaria gauzatzeko beharrezko dokumentuak sinatzeko eskumena. Horrekin guztiarekin, Tolosako herritarraren heriotza argitzea ere nahi dute senideek.

"Asko izan daitezke"

Ugarte Plazaren gurasoak eta anai-arrebak hilak direnez, haien ondorengoek sinatu dute eskaria. "Aipatzekoa da asko izan daitezkeela egoera horretan eraman zituzten euskaldunen gorpuzkiak", nabarmendu du Ugarte Plaza familiak.

Gainera, oroitarazi dute Hego Euskal Herrian ez dagoela Memoria Historikorako legerik; ez Nafarroan, ez EAEn. "Behar-beharrezkoa dugula uste dugu. Gauzak hala, gertuen dugun instituziora joko dugu, erakunde publikoak ardura hartzen has daitezen, senideak bide zail honetan lagunduz eta gertatutakoa ikertuz". 

1970eko hamarkadan, Erriberako (Nafarroa) zenbait alkatek lortu zuten Madrilgo Erorien Haranetik gorpuzki batzuk ekartzea, Erorien Haranera bertaraino joanda. Zumarragako Udalak ere onartu zuen antzerako kasu bati buruzko eskari bat.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!