"Zorte handia izan dut; egin dudan guztiarekin, hemen jarraitzen dut"

Erabiltzailearen aurpegia
Argazkia: JUAN CARLOS RUIZ / FOKU / BERRIA.EUS

Bizitza bidaia bat da, eta, Iztuetaren kasuan, bidaiatzea da bizitzea. Ez du edozein bizimodu, ez du edozein bidaia egiten. Gauzak antolatzen ditu, betiere inprobisazioari lekua eginda.

Ia berrogei urte daramatza bidaiak prestatzen Josu Iztuetak (Tolosa, Gipuzkoa, 1957). Urte askotan, Anjel Ortiz izan zuen bidaide —tartean Nairobitarra kamioi ezagunean—, baina azken urteetan bakarrik moldatzen da. 2.000 pertsona inguru izan ditu bidelagun urte hauetan guztietan. Oraindik ere bidaiatzen jarraitzeko asmoa du. Berak aukeratutako bizitza bizitzen jarraitu nahi du luzaroan.

Ez da erraza Iztuetarekin elkartzea. Urtean, 120 egun inguru igarotzen ditu Tolosatik kanpo. Hala ere, Tolosako kaleetan herritar gehienek ezagutzen dute.

Baserri mundutik etorrita, nondik datorkizu bidaietarako zaletasuna?

Ni, hala ere, kalean jaiotakoa naiz! Etxean ez gara bidaiazaleak izan. Aita artzaina izan zen lehenik, eta, gero, kamioiarekin ibili zen; ama, berriz, Larraulgoa zen. Ez genuen bidaiak egiteko tradiziorik. Uste dut denboraren perspektibak eman didala bidaiatzeko gogoa. Mendi elkarteak ere erru handia izan du. Proiekzio asko ikusitakoa naiz. Orain dela ia berrogeita hamar urte ez zen arrotza Gaston Rebuffaten neurriko mendi gidari bat Euskal Herrira etortzea hitzaldiak ematera. Etxera etorrita, asko zor diet Miguel Arrastrori, Lukas Mendikuteri, Antxon Bandresi... Mutil koskorrak ginela, askotan eramaten gintuzten kanpora.

Hala ere, 15 eta 18 urterekin zure bidaia txikiak egin zenituen.

Bai, hala da. 15 urterekin, Kordobatik [Andaluzia, Espainia] auto-stop eginda etorrita nago etxeraino. 18 urterekin ere egin nuen, baina Londrestik.

Bizitzako hautua oso gaztea zinela egin zenuen. Oso argi al zenuen horrela bizi nahi zenuela?

Bai. Paper Ingeniaritza ikasitakoa naiz, baina lan egiten nuen 15 urte nituenetik: papera jartzen, moketa jartzen, Suitzan fruta biltzen, eraikuntzan... Banekien zer ez nuen izan nahi. Ez nuen aurretik aritutako ezertan betirako jardun nahi, ezta euskarazko klaseak ematetik bizi ere, edo iraupen eskiko monitore izan. Zalantzarik gabe esan dezaket orduko lan haiek diru pixka bat biltzeko egiten nituela, bidaiatzeko, argazki kamera bat erosteko... Oso garrantzitsua izaten da jakitea zertan ez dugun denbora galdu nahi. Geroz eta argiago daukat erabat asmatu nuela bizitzeko erarekin.

Ez da bizimodu erraza, hala ere.

Ez. Askotan ekonomikoki gaizki, beldur asko, segurtasun falta, ziurgabetasun asko... Beti horrela izan da. Gure garaian bazirudien jende gehiagok egingo zuela hautu bera, baina ez, suhiltzaile izateko aukera izan zutenek nahiago izan zuten postua ziurtatu. Ez da ez hobea, ez okerragoa, ezberdina baizik.

Lehen bidaia, Saharara.

Oso ondo gogoratzen naiz. Orduan saldu nituen mendiko eskiak, botak eta foka larruak, 10.000 pezetatan. Kamioiaren gurpil baten estalkiaren erdia adina balio zuten. Hogei bezerorekin joan ginen Saharara. Garai haietan ez zen erraza izaten bidaiak saltzea, orduan ez baitzegoen ez sare sozialik, ez Internetik; etxean telefonorik ere ez dakit bagenuen ere... Urte haietan ez zen erraza norbere kabuz desertura joatea, eta horrek asko lagundu zigun. Orduko 40.000 pezetako kostua zuen bidaiak, hilabeteko soldata gutxi gorabehera. Hango jendeaz gogoratzen naiz, nomaden bizitza zeramaten. Gu nomada kapritxosoak ginen, batetik bestera; baina haiena beste egoera bat zen.

Konturatu nintzen gutxirekin bizitzen jakinez gero posible zela horrela bizitzea. Egia zen guk ardura handiak hartzen genituela besteen oporrak gure lana bihurtuz. 24 urte genituen. Etortzen ziren guztiak gu baino zaharragoak ziren. 400 litro gasolio eta beste 500 litro ur eramaten genituen. Orduan ez genuen ez telefonorik, ez sakelakorik, ez sateliterik...

Zenbat denbora behar izan zenuten kamioia atontzeko?

Mudantzetarako erabiltzen zuten kamioi bat zen, Zarauzko Muebles Trekurena. Bitxia zen: denek Nairobitarra deitzen zioten, nahiz eta ez zen inoiz hara joan. Bost hilabete egin genituen lanean. Dena guk egin genuen: leihoak, ateak... Irizarrera bidaia batzuk egin genituen, baita txatartegi batzuetara ere. Beti topatzen genuen norbait laguntzeko prest. Konturatzen ginen gu egiten ari ginela jende askok egin ez zuena. Jende askok guregan proiektatzen zuen berak egin ezin zuena. Etenik gabeko lana izan zen bost hilabetean. Aitak askotan esaten zidan. «Hor pasatu dituzuen ordu guztiekin, berria erosteko ere izango zenuten!». Hura amaitutakoan joan ginen Saharara.

Espedizioak ere egindakoa zara. Aurten bete ditu 30 urte Groenlandiako espedizio hark.

1984an, Laponiara joan ginen zeharkaldi bat egitera. Orduan irakurri nuen Fridtjof Nansenek 100 urte lehenago egin zuen bidaia, Groenlandia alderik alde eskiekin zeharkatuz. Guk beti bereizi ditugu lana, besteen oporrak antolatzea alegia, eta gure gertukoekin egindako espedizioak. Orduan elkartu ginen, Anjel, Txiki Plazas, Nekane Urkia, Dina Bilbao eta ni neu, Nansenek egin zuen ibilbide bera egiteko. Oso esperientzia gogorra izan zen. Basamortuarekin antzekotasun handia du elurrak. Bideari jarraitu behar izaten diozu askotan, baina bidea ere azkar ezabatzen da haizearekin. Askotan galduta zaudela sentitzen duzu. Bakartzea izan zen gauzarik gogorrena, ez ginela itzuliko sentitzea. Han ez zegoen atzera egiteko aukerarik. Barneratuta genuen esaldia da: «Haraino, edo ezer ez; edo denok, edo inor ez».

Mendiko espediziotan oso garrantzitsua da sokalaguna. Askotan pasatu al zaizu espediziokideak ondo ez aukeratzea?

Horretan zorte handia izan dut beti. Beti eman diet garrantzi handia emakumeei. Oso baldintza muturrekoetan, gizonezkook baino askoz ere gogorragoak dira biologikoki. Horregatik joaten nintzen askotan Dinarekin, gutxik bezala menderatzen zituelako zailtasunak. Haren jarrera izugarria zen.

Askotan pentsatu al duzu zure espedizioek bizirik irauteko modutik ere asko izan dutela?

Gauzak ondo xamar antolatuta eraman izan ditugu beti, baina argi daukat inprobisatzaile hobeak izan garela antolatzaileak baino. Ez naiz oso antolatua, ezta bizitzan ere, baina inprobisatzeko nahiko abilidadea badut. Egia da muturreko baldintzetan ibiltzea tokatu zaigula, baina ez dira zortzimilako batean izan daitezkeen zailtasunak.

Bidaiak bakarrik egitea ez omen zaizu inoiz gustatu. Egia al da?

Ez naiz inoiz bakarrik joan zalea izan. Gauza onak partekatu zalea izan naiz beti, eta gauza txarrak, erdibana badira, hobe [barreak].

Dina Bilbao zena aipatu duzu lehen, kirolari handia zen hura.

Berandu hasi zen kirolean; esaterako, iraupen eskian 20 urterekin hasi zen. Orduan ez zebilen jende asko, ez triatloian, ez bizikletan. Harentzat kirola aitzakia bat zen bidaiatzeko. Hark argi esaten zuen oso erraza zela ona izatea jende gutxi ibiltzen zen kiroletan. Emaitzei baino askoz ere garrantzi handiagoa ematen zion bere burua ezagutzeari, harremanak egiteari, lekuak ezagutzeari... Berak ez zuen bere burua kirolari handitzat; hori bai, motibatzen zenean, edozeinek gelditzen zuen! Berezkotik ikaragarri zuen.

1997an Dina Bilbao eta zure lehengusu Iñigo Rossen desagertzea izan al da zure ibilbideko pasarterik gogorrena?

Ez. Hala ere, hura oso gogorra izan zen. Berriro ere ez nituela ikusiko imajinatzea izan zen gogorrena. Baina gustuko lekuan hil ziren, eta horrek ere asko balio du. Hiltzeko modua ere amestuko luketen bezala izan zela iruditzen zait. Orduan ere bagenekien horrelako bizimodu batek nolako arriskuak zituen. Hura ez zen atzera egiteko aitzakia izan; gehiago esango dut: hura pasa eta gero, aurrera egiteko gogo handiagoa izan nuen edozertarako.

Bereziki gogoratzen duzun bidaiarik baduzu?

Zeelanda Berrira joan nintzen lehen aldia, Groenlandiara ere bai... Nairobitarrarekin New Yorkera iritsi ginenekoa ere ez dut ahazteko. Izugarria izan zen Bosgarren Hiribidean sartu ginenean. Filmetan ikusitakoa bezalakoa izan zen. Bidaia asko ditut gogoratzeko.

Itzuliko ez zinatekeen lekurik ba al duzu?

Ez daukat. Egona naiz gerra egoeretan; Belgraden, esaterako, Bosniako gerran. Ez nintzateke itzuliko gerragatik; lekuagatik bai, zalantzarik gabe. Hala ere, mugazainekin, militarrekin, narkotrafikatzaileekin, paramilitarrekin eta horrelako jendearekin dugu arriskurik handiena, ez naturak sortutako zerbaitekin.

Muturreko egoera askotan egotea tokatu al zaizu?

Horrelakoetan, muturrak elastikoa dela ematen du, nahiz eta gero konturatu zein ahulak garen. Askotan egoerarik okerrenetan ez da ezer gertatzen; beste batzuetan, berriz, edozein txorakeriarengatik bizia gal dezakezu.

Hainbat espedizio eginak dituzu, baina inoiz ez mendikorik. Zergatik?

Ni inoiz ez naiz bertikalen aldekoa izan. 20 urtera arte bai, Telerara [Huesca, Espainia, 2.764 metro] joan eta edozein tututik jaisten ginen. Orduan akabatu ez baginen! Horretan jarraitu izan bagenu, agian ez ginateke gaur hemen izango. Niri altuerak beti eman izan dit beldurra.

Zuen belaunaldiko jende gehienak, ordea, mendirako joera hartu zuen.

Bai, gehienek jauzi egin zuten Pirinioetara, Alpeetara, Andeetara eta Himalaiara; hura izaten zen ibilbide naturala. Agian izango zen orduan ez genuelako hainbesteko aurrekonturik, ez dakit. Gu egunean bizi ginen. Bestalde, esan dezakegu ez genuela horretarako balio. Egia da mendi espedizioetatik asko edan dudala, baina nik ez nuen neure burua mendian ikusten. Hala ere, beti argi izan dut bertikalean ondo moldatzen dena horizontalean ere ondo moldatzen dela. Alderantziz, ordea, nire zalantzak ditut.

Zuk esana da: «Diru askorekin mundu gutxi ezagut daiteke, eta diru gutxirekin, ordea, asko». Muturreraino eraman duzun bigarren ideia.

Askotan gehiegi eta guzti. Egia da inoiz ez naizela damutu, baina zailtasun handiak pasatutakoak gara. Bestalde, egia da guk egindako hautua zela, ez behartua. Gauzak asko aldatu dira. Adibide bat jartze aldera; lehen, galtzak zulatzen genituenean, petatxu bat jarri eta balekoa izaten zen; gaur egun, ordea, zulatutakoak erosten ditugu. Pentsa, zein absurdoak bihurtu garen! Gosea pasatu izan dugu, beldur handia, hotza... Baina horrelakoetatik ere ikasi izan dugu. Hurrengo belaunaldikoekin, auskalo!

Oraindik zerk bultzatzen zaitu bidaiatzen jarraitzera?

Zorte handia izan dut; egin dudan guztiarekin, oraindik ere hemen jarraitzen dudalako. Gustatzen zaidana egiten dut, nahiz eta gustatzen zaidan horretan dena ona ez izan. Egiten dudana jendearekin partekatzea gustatzen zait; agian horregatik sortu dira azken bi dokumentalak, Biziminez eta Yukon. Jarraitzeko asmoa dut; gehienbat, nire adineko jende asko erretiroa hartzen ari delako, eta nik osasuna besterik ez dut eskatzen datozen hamabost edo hogei urteetarako. Argi daukat lautik hiru ziaboga osatuta ditudala, baina ez dut azkenera iritsi nahi.

Asko aldatu al da bezeroaren soslaia?

Bai, asko. Esaterako, orain jende askok daki ingelesez, lehen ez. Lehen, hegazkin bat hartzea urteko erabakia izaten zen; gaur egun, berriz, Madrilera autobusa hartzearen antzekoa da. Informazio askoz gehiago dago. Mugak nola dauden jakiten da, eta, gainera, gaur egun askoz ere merkeagoa da bidaiatzea. Inork ez du bere burua turistatzat hartu nahi, baina denok dugu turistatik asko.

Azken urteetan, bidaiek abentura kutsua galdu dute?

Bai, zalantzarik gabe. Lehen esan bezala, askoz ere informazio gehiago dago, eta, lehen, dena berria izaten zen. Jendea gehiegi akomodatu da.

Zer eskatzen du bezeroak?

Bakoitzaren oporrak direnean, jendeari gauzak lotuta edukitzea gustatzen zaio hein handi batean. %90 lotuta eramaten dut, baina gainerakoa inprobisatzeko. Zerbait ezberdina egitea gustatzen zaion jendea ere bada, agian bakarrik egitera ausartuko ez liratekeenak. Ander Izagirre lagunak askotan esaten dit: «Hi, Josu, hainbeste urte pasa eta gero, hirekin zein joaten dituk, oso ondo pasatzen dutenak, edo norekin joanik ez dutenak?».

Asko kostatzen al da gaur egun taldeak osatzea?

Azkeneko urteetan zazpi pertsonako taldeekin mugitzen naiz, furgonetan sartzeko adina. Ez da erraza taldea osatzea. Gazteak biltzea geroz eta zailagoa da, edonork duelako gaur egun furgoneta.

Askotan entzundakoa al zara, «hi bizi haiz hi!»?

Bai, dezentetan. Bi gauzagatik izan daiteke, inbidiagatik edo pozagatik. Lagunak esandakoa bada, ondo etorria izango da.

Atzera egiteko aukerarik bazenu, bizitza bera aukeratuko al zenuke?

Bai, ez naiz batere damutzen.

Urtea nola antolatu duzu?

Aste Santuan, Korsikara joango naiz; udan, uztailean, Ternuara; abuztuan Europa zeharkatu nahi dut diagonalean; eta, udazkenean, Finlandian eta Suedian izango naiz.

Albiste hau ATARIKIDEei esker argitaratu dezakegu. Haiei esker Tolosaldeko albisteak libre, euskaraz eta kalitatez irakurtzen dituzu. Horrela izaten jarraitzeko eman babesa Tolosaldeko Atariari eta ZU ERE IZAN ZAITEZ ATARIKIDE.

BATAK BESTEA DAKAR


EGIN ATARIKIDE!