Zubietako errauste planta martxo-apiriletarako jarri nahi du lanean Gipuzkoako Foru Aldundiak. GuraSOS elkarteak, baina, uste du hori gelditzeko denbora dagoela, eta erraustea ordezkatuko lukeen alternatiba bat jarri du mahai gainean: birziklatu ezin diren hondakinak inertizatzea —hots, materia bizigabe bihurtzea, jardun biologikoa, gasa eta lixibatuak kenduz—, horiek biltzea, eta zigilatutako gelaxketan gordetzea, zehaztu ez duen zabortegi edo bestelako tokiren batean.
2017ko abenduan hasitako Hitzartu prozesu parte hartzailearen emaitza izan da "trantsizioko" proposamen hori. Donostiako Residua aholkularitza enpresaren laguntza izan dute, eta berme batzorde batek ere egin dio jarraipena. Juan Jose Alvarez eta Garbiñe Biurrun legelariek, Bernardo Atxaga idazleak, Ernesto Ganuza eta Pedro Ibarra gizarte zientzietako ikerlariek, eta Esther Larrañaga Eusko Jaurlaritzako Ingurumen sailburu ohiak osatu dute batzorde hori; GuraSOSek egindako lanak aintzat hartzeko eskatu diote aldundiari, eta gaiari buruz elkarrizketa bideak abiatzeko herritarrekin.
Hernanin (Gipuzkoa) egindako aurkezpenean, Alvarezek nabarmendu du —bideo konferentziaz— helburua ez dela "egia absolutua aurkitzea, guztion artean konponbide iraunkorra aurkitzea baizik". Horretarako, Gipuzkoako Diputazioak herritarren iritzia aintzat hartzea nahi dute: "Denon artean, etorkizunekoa, behin betikoa eta hondakinen kontuarentzako bideragarria den irtenbide bat eraikitzea".
Hitzartu prozesuaren barruan, ikerketa baten emaitzak ere ezagutarazi zituzten urrian. Zubietan eraikitzen ari diren errauste planta "gaindimentsionatua" dagoela salatu zuten.
Irakurri Berria.eus-en