Lur beraren hitz barrukoenak

Erabiltzailearen aurpegia Berria 2018ko aza. 22a, 12:29
Karlos Linazasoro, Donostiako Parte Zaharrean, Lurra bere erro gorrira liburuarekin. Argazkia: Andoni Canellada / FOKU

Poema liburu berri bat plazaratu du Karlos Linazasorok, Balea Zuriarekin: 'Lurra bere erro gorrira'.

Udazkenero legez, hostoak bezala metatzen dira liburuak; edo liburuak bezala metatzen hostoak. Hala aipatu du Juan Ramon Makuso poeta eta Balea Zuriako kideak, argitaletxearen azken liburuaren berri ematean: Karlos Linazasororen (Tolosa, Gipuzkoa, 1962) Lurra bere erro gorrira poema liburua. Obra oparoko egilea da Linazasoro, eta badoan idazle belaunaldi bati lekukoa hartuko diotenetako bat, Makusoren hitzetan: «Azken urteetan, joaten ari zaizkigu guretzat klasikoak eta maisuak izan diren egileak, eta esango nuke belaunaldi horri eusteko garaia heldu dela; horietako bat Karlos Linazasoro da, poeta bezala».

Sustraietara jo nahi izan du Linazasorok poema liburu honetan, erroetara, izenburuak aurreratzen duenez. «Poeta bati eska dakiokeen gauzetako bat bere egia plazaratzea da; eta Karlos poeta ez da gezurretan ibiltzen», zehaztu du Makusok. Poema «lurtarrak» direla nabarmendu du egileak, bere kezkei eta galderei erantzuten diotenak. Hala, «transzendentzia» bilatu nahi bat antzematen du hark bere idatzietan, azalekotik harago dagoena jasotzeko nahi bat: «Hor badago beste zerbait; batzuek filosofiari eusten diote, beste batzuek erlijioari, eta beste batzuk poesian ikusten dugu horra heltzeko bidea». Lau ardatz ikusten dizkio bilaketari: batasuna, edertasuna, egia eta ontasuna. «Ezer berririk agian ez badago ere, agian hori da kontua: ahaztu ditugun gauzak berriz begien aurrean jartzea».

Lau dira, halaber, liburuaren atalak: Zohargiaren zilarra, Dena isiltzen denean, Begiaren loreak eta Negu ilunagoan burdina. Linazasororen obran ohikoa denez, naturako elementuen presentzia nabarmena da poema askotan, eta horren erakusgarri dira atalei emandako izenburuak ere. Azaleko irudiak ere jasotzen du hitzetako giro hori; Imanol Larrinagak egin du, eta liburua irakurri ostean naturan ibili izanaren sentsazioa aitortu zuen hark ere. Termino «modernoetan», liburu «ekologikotzat» ere jo du Makusok.

Azken boladan Horazio berrirakurtzen aritu dela azaldu zuen liburuaren aurkezpenean Linazasorok, K.a-ko VIII. mendeko idazlea. «Konturatu naiz, mende asko beranduago, gauza berdinez ari garela, modu ezberdinetan, baina gai berberak direla». Horien artean aipatu zituen, besteak beste, ihesa, lagunartea, bizimodu apala, eta maitasunaren minak eta zorionak. «Maitasuna da bizitzan daukagun motorrik handiena, hori gabe ez dago ezer niretzat», gaineratu zuen.

Bizitza ospatu eta unean unekoa gozatzearen ideiak ere zeharkatzen du liburua, eta, hala berean, baita iragandako denborarekiko nostalgiak ere. «Kontrapuntua hor dago: alde batetik, zorionekoak izan behar dugu bizi izan dugunagatik; baina, beste aldetik, denbora badoa, hau bukatu egingo da, eta horrek sortzen duen beldurra eta ezinegona, hori dena ere azaltzen da poemetan, Horaziorenetan azaltzen den bezala».

Jarraitu irakurtzen Berria.eus-en

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!