Info7 itxi eta euskara hutsezko irrati bat irekiko dute datorren urtean

Erabiltzailearen aurpegia Edu Lartzanguren 2018ko urr. 16a, 09:44
Iñaki Altuna Info7ren sortzailea —ezkerrean— eta Eider Olazar Aztibegi elkarteko burua —eskuinean—, Info7ko bi esatarirekin, egitasmo berria iragartzen. INFO7

Info7 irratiak abenduaren 15ean egingo du azken saioa, eta lekukoa pasatu egitasmo berriari.

«Info7rekin, lortu genuen bonsai polit bat egitea, baina horrek ez du behar adinako itzala ematen oraindik. Orain zerbait handiagoa behar dugu, anbizio handiagokoa eta itzal handiagoa emango duena», esan du Iñaki Altunak, Aztibegia elkartearen sortzaile, lehenengo lehendakari eta Naiz. eus-eko buruak. Egitasmo handia iragarri dute elkarteko ordezkariek: euskarazko irrati bat zabalduko dute datorren urtean. «Hego Euskal Herrian, ez-publikoen artean irratirik handiena izango litzateke, zabalkundeari dagokionez», elkarteko oraingo buru Eider Olazarrek esan duenez.

Info7 irratiaren errautsetatik aterako da egitasmo berria: abenduaren 15ean egingo du azken emanaldia. Olazarrek esan duenez, ezinezkoa izan da Info7 legez zabaltzeko baimenak lortzea. «Legezkotasun hori ez edukitzeak ezintasun asko dakartza ekonomikoki garatzeko; orain iritsi zaigu legezkotasuna lortzeko urteetako lanaren emaitza». Izan ere, Araban, Bizkaian, Gipuzkoan eta Nafarroan emititzeko lizentzia gehien edukiko duen irratia izango baita berria, Olazarren arabera. «Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, ia biztanle guztiengana helduko ginateke», azaldu du. Nafarroan, mendialdean emititzeko baimena lortu dute. 

EITBren monopolioa

Irratigintzan EITBk daukan «monopolioa» zalantzan jarri nahi du egitasmoak, Olazarren arabera. «Ez dago nazio proiekturik irratigintzan, publikotik aparte. Hori ikusirik, orain beste aukera bat sortuko da, eta berrikuntza handia izango da».

Zabalduko duten irratia euskara hutsezkoa izango da, baina, Aztibegiko buruak esan duenez, ez dute baztertzen etorkizunean gaztelera eta frantsesa sartzea: «Aukerak sortu ahala hartuko ditugu erabakiak». Irrati berriak ez du baimenik Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan emititzeko, baina lizentziak lortzea da erronketako bat, Olazarrek azaldu duenez.

«Info7ren ondarea aurrera joango da», esan du Altunak, egitasmoaren berri emateko zabalduriko bideoan. «Komunikabideen arloan, eta irratigintzan hain zuzen, beste garai batzuk datoz, eta horretara egokitu beharra dago».

Aztibegikoek ez dute irrati berriaren izena aurreratu nahi, xehetasunak aurrerago emango dituztelako. Arrosa sarean parte hartu izan du orain arte Info7k, eta egitasmo berriak ere jarraituko du horretan. Estudio nagusia «ziurrenera» Urruñatik (Lapurdi) Donostiara eramango dutela esan du Olazarrek.

Egitasmoaren xehetasunen berri emateko, herrialdekako hitzaldiak antolatu dituzte: Iruñean, bihar egingo dute, 19:00etan, Kondestablearen jauregian; Donostian, etzi, 19:00etan, Egia kultur etxean; Gasteizen urriaren 24an izango dira, 19:00etan, Aldabe gizarte etxean, eta Bilbon ordu berean, Burtsa eraikinean.

Info7ri agur esateko, «ospakizun handi bat» egin nahi dute, Olazarrek esan duenez. Abenduaren 15eko ekitaldira irratian parte hartu duten guztiak gonbidatu dituzte, direla langileak, direla kolaboratzaileak, bazkideak eta entzuleak. «Festa giroan agurtu nahi dugu buruko min asko eman dizkigun irrati kutuna. Izan ere, ez da itxiera soil bat, baizik eta egitasmo handiago baten mesederako egiten den itxiera bat».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!