«Hemen, zirku mundua irekiera eta eraikuntza momentuan dago»

Erabiltzailearen aurpegia Berria 2018ko urr. 7a, 10:05
Argazkia: Maialen Andres / FOKU

Afizioaren eta ofizioaren arteko orekan dihardu, kable gainetik, Garazi Pascualek. Gure Zirkuan ezagutu du askok. Bakarkako proiektua aurkeztu zuen uztailean; beste bat ari da prestatzen Markeliñerekin. Baikor begiratzen dio zirkuaren etorkizunari.

Asvinenea pabiloiko (Aduna, Gipuzkoa) ateak zabalik daude. Udazkeneko eguzki freskoa kanpoan, musika beroa barruan. Eta oholtza, fokuak, DJ-txotxongilo txokoa, sukaldea, tabernako barra, goiko kamerinoa, bulegoa, zirkularien lanabesak... Eta Garazi Pascualen (Lastur, Gipuzkoa, 1989) kablea, erdigunean. Zorura ongi iltzatua. Gure Zirkuan eta bakarkako emanaldietan ohi baino gertuago lurretik. Airean, hala ere. Entrenamenduetarako. Entseguetarako, nahiago bada. Oraingoan, argazkietarako igo da hari metalikora. Pala formako orekagailua —berak egina da— eskuan, jauzi, lasterkaldi, espagat, izerdi. Dantzan ari da. Gehien maite duena horixe omen da. Goikola baserriko alabak. Batxillergoa bukatzen ari zela Iruñean zirku eskola bat bazela entzutean argia ikusi zuenak.

Nola hasi zenuen zirkurainoko bidea?

Gurasoak gaztaginak nituen, eta haiekin joaten nintzen Erdi Aroko azoketara gazta saltzera-eta. Azokotako musikariekin eta malabaristekin aritzen nintzen, diaboloarekin-eta jolasean. Eskolan, soinketan bakarrik nabarmentzen nintzen, eta, batxillergoa bukatzear nintzela, ahizpa etorri zitzaidan behin esanez Iruñean bazela zirku eskola bat, Oreka izenekoa. Sekula joan gabea nintzen zirkua ikustera, baina eskola hartara joatea erabaki nuen.

Zer zenekien zirkuaz?

Ez nuen ezagutzen. Ezta telebistaz ere, baserrian ez baikenuen telebistarik. Uste dut umetako azoka giro horretan hartu nuela ikuskizunaren eta artearen lehen zentzua. Ez nekien non sartzera nindoan, ezta ezertarako gauza izango nintzen ere.

Ikasketa bide luzea hasi zenuen orduan.

Bai. Iruñean urtebetez egon nintzen diziplina guztiak lantzen: aireko zein lurreko akrobaziak, dantza garaikidea eta klasikoa, interpretazioa, clowna, oreka... Murgiltzeko oso ona izan zen. 18 urte nituen.

Iruñetik Italiara joan zinen.

2009an. Italiako eskolan [Turingo Vertigo], diziplina guztiak probatzen eman genituen lehen bizpahiru hilabeteak, bat aukeratu ahal izateko, eta, konturatzerako, kable gainean nintzen. Ordutik, kable gaineko oreka da nire diziplina. Ez zen erabaki arrazional bat izan. Gorputzak esan zidan hor banuela aukera, eta halaxe hasi nintzen.

Eta kable gainean dantza egitearena, erabaki arrazionala izan al zen?

Ezta hori ere. Musika lagun ikasten genuen beti, eta, konturatzerako, musikaren erritmoan ari nintzen lanean. Irakasleak, hala ikusi ninduenean, galdetu zidan: «Ba al dakizu kable gainean dantza egin dezakezula?». Hark esan arte ez nintzen horretaz jabetu. Ordutik, dantza egiten dut kable gainean. Eta urteekin konturatu naiz benetan gustatzen zaidana dantza dela, mugimendua.

Italian urte batzuk egin zenituen.

Bai. Eskola horretan bi urte egin nituen, eta, segidan, urtebeteko beste proiektu bat egiteko aukera sortu zitzaidan, diziplina zehatzago lantzeko. Hor geundela jakin genuen goi mailako eskolak ere bazirela: Frantzian bi, eta Bruselan, Stockholmen eta Montrealen beste bana. Parisko Fratellini akademiara eskaera bidali nuen, eta hartu egin ninduten. Parisko Antzerki Unibertsitatearekin akordioa egin berri zuen akademia hark, eta unibertsitatera ere joaten ginen ikastera. Teorikoak ziren ikasketa haiek, eta horixe egin zitzaidan zailena. Hala, Zirku Profesional Garaikideko lizentzia eskuratu zuen Europako lehen promoziokoak [2015ekoa] bihurtu ginen, hiru urteko ikasketen ondoren. Eta nahikoa zela erabaki nuen. Beti dago zer ikasia, baina halakoetan ikasi beharrekoak ikasiak nituen. Guztira, zortzi urte eginak nituen eskola batean edo bestean.

Han hasi zen, nolabait esatearren, zure itzulera bidea. Orduan argi al zenuen bueltatuko zinela?

Ez. Zer da bueltatzea? Eta joatea? Pertsonalki, etxera begira jarri nintzen berriro ere, eta, artistikoki ere, nire ilearekin lanean hasi nintzen kable gainean, sorginekin, mitologiarekin, gure identitatearekin, sustraiekin... Denak bueltarako bidea erakusten zidala pentsatu nuen, eta halaxe bueltatu nintzen, 2016an.

Eta zer aurkitu zenuen bueltatu zinenean? Zirkua arte eszeniko garrantzitsutzat daukan eremu batetik zentozen, eta hemen ez dauka halako estatusik.

Bada, etorri naizenetik, mugitzen eta lanean ari naiz. Proiektu eta aukera piloa ikusi dut. Zirkutik bizi naiz, eta ez nuen espero. Ez nuen espero, beti esan izan delako hemen ez zegoela ezer, kanpora joan behar zela, eta egia da neurri batean ez dagoela asko hemen, baina, hemen gelditzea erabaki zutenek egindako lanari esker, orain badago lanerako aukera. Nahiko gori dago zirku giroa. Zirkorrika egon zen, gero eta tailer gehiago antolatzen da herrietan eta ikastetxeetan, zirkua gero eta gehiago programatzen da, diru laguntzetan ere zirkurako adarra sortu da... Lan asko dago egiteko, baina lan ederra da, dena asmatzeko baitago. Frantzian ez bezala. Han sistema bat badago, lehiakortasun handia duena.

Erraia lana aurkeztu duzu berriki. Hemen oso ohikoa ez den ikuskizun bat da. Nola ari da erantzuten jendea?

Bueltatzeaz ari naiz lan horretan, maleta eskuan eta txapela buruan, eta arriskatua da ikuskizuna, hemen ezagutzen den kodean ez naizelako ari, beste lengoaia bat darabilkidalako. Proposamen europarragoa da, nahi baduzu. Badakit edozein lekutan ezin dudala egin eta programatzaile asko ez dagoela ohituta zirkua antzokietan ikustera —halako espazioetarako aproposa da—, baina uste dut inportantea dela egitea, horrela bakarrik alda daitezke-eta gauzak. Beti egin izan dena egiten segitzen badugu, ez da ezer aldatzen. Egin dudan ibilbide guztia Euskal Herrian jendearekin partekatzeari garrantzitsu deritzot. Dakidana zabaldu nahi dut, beste ikuspuntu bat, beste egiteko era bat, posible dela erakusteko.

Azken hamarkadetan asko eboluzionatu du zirkuak arte eszeniko gisa.

Bai. Zirkua denok ezagutzen dugu. Gure memorian dago. Zein zirku daukagun buruan? Ikusi izan duguna. Horregatik, artiston lana ere bada zirkua txalo eta ondo pasa bakarrik ez dela ikusaraztea Euskal Herrian. Lana daukagu, eta hori da interesgarria. Lehen esan dut: zirku mundua irekiera eta eraikuntza momentu batean dago hemen; momentu horretan iritsi naizela sentitu dut; eta horrek lanerako gogoa hauspotzen dit. Ia hamar urte egin ditut kanpoan, eta sustraiak hartzeko momentuan ere banago. Garenak gara, eta beti behar dugu mugitu eta itzuli, hartu eta eman.

Jarraitu irakurtzen Berria.eus-en

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!