Adio. Izen hori aukeratu du Kukaik bihar Oñatiko (Gipuzkoa) Arantzazuko santutegian Donostiako 79. Musika Hamabostaldiaren harira egingo duen emanaldia aurkezteko. Emanaldi bat eta bakarra izango da: agur bat Arantzazuko santutegiari, diosala Iñaki Beristain eta Bitoriano Gandiaga poetari eta frantziskotarrei; keinu bat Kukai izan denari, eta baita gaur egun dantza taldeak duen esentziari: «Ariketa espirituala» da, Jon Maia taldeko zuzendariaren arabera. Ez da emanaldi berri bat, ez dago estreinaldiko agurrik, baina egin dutenaren eta egiteko dutenaren arteko zubia izatea nahi dute.
«Aspalditik ari gara Arantzazun ekitaldiren bat egin nahian», azaldu du Maiak. Orain zenbait urte Patrick Alfaya Hamabostaldiko zuzendariak proposatu zien elkarlanean aritzea, baina orain arte ez dute aukerarik aurkitu horretarako. Oraingoan, ordea, lekuak eta denborak bat egin dute: Kukaik Erritu lan berria estreinatu du orain gutxi, eta Oskara ikuskizunarekin dabil biran. Batetik eta bestetik hartuta, eta pieza bereziak sortuta, emanaldia osatu du taldeak. Gainera, Musika Hamabostaldiaren egitasmoa izanda, poesia eta zuzeneko musika ere izango dira dantzak iraun bitartean. David Azurza eta Landarbaso abesbatza arituko dira kantuan, eta Iñaki Salvador piano jotzaileak lagunduko du ekitaldia. Izango dira gonbidatu bereziak ere: Oñatiko Oñatz dantza taldeak eta Pello Zabala frantziskotarrak parte hartuko dute ikuskizunean.
Hain justu, Zabalak Gandiagaren poesia eramango du oholtzara. Poeta bera hil ostean argitaratutako liburu batek ematen dio izenburua ikuskizunari: Adio. Hala azaldu du Maiak: «Begirunezko gurtzea da agurra, baina Gandiagaren eta Beristainen kasuan bazuen garrantzi emozionala». Tokiak ere izan du eragina ikuskizunaren sortze prozesuan: «Hara joan, eta ingurunearekin harremanetan jartzen ahalegindu gara. Saiatu gara ahalik eta gehien sentitzen bertako giroa».
Jarraitu Berria.eus-en irakurtzen