«Nire bizia arrunta, xumea eta hutsa izan da, baina zerbait idatzi dut etxekoentzat»

Erabiltzailearen aurpegia Miel A. Elustondo 2018ko abu. 19a, 12:18
ZALDI ERO / BERRIA.EUS

Literatura aldizkari batean jaso genuen lehenbizikoz Andoni Garikanoren historia: «Aitaren albisteak Frantziatik». Gerra garaiak ekarri zuen etenaren historia, gero baino gero gutxiago diren lekuko bizien eskutik, zuzenean. Bere belaunaldiaren berri ez ezik, aurrekoarena ere ematen diguna eta, zorionez, Garikanok partez idatzia duena.

Etxerat ezin joan ilundu artean,
egoten ohi dira zozoen elean
Jean Martin Hiribarren

Tolosan jaio, hazi eta bizi zarena zaitugu... 1932ko azaroaren 20an hiru izan omen zineten herrian jaioak.

Gutxienez hiru! Migel Casteres, Muñoa sendiko bat eta hirurok. Etxean jaio ginen denok, ez emaginik ez pediatrarik ondoan genuela. Halaxe zen orduan. Geroago, gure ama ibili zen, emakumeak erditzen laguntzen. Deitu omen zioten behin, joan zen, eta harrezkero behin baino gehiagotan jardun omen zuen horretan. Ezagutzen ditut gure amaren laguntzaz jaioak Tolosan.

Zirtolaria zenuten aita Antonio. Hil zen egunean zer edo zer idatzi zuen Antonio Maria Labaienek.

Bai. Umore handikoa zen, alaia, bertsozalea, euskaltzalea... Harakina zen lanbidez. Elurretan ezkondu zen gure amarekin, ilbeltzak 25 zituen batean. Sei anai-arreba izan ginen etxean, lau mutil lehenengo, eta gerra ondotik, aita Frantziako desterrutik etorri zenean, arreba eta anaia txikia jaio ziren. Aita erbestean, ama Tolosan lau mutiko bihurrirekin —ni, lauretan hirugarrena—, jostun lanean etxean, bere koinata Danielaren dendarako, gehienbat. Lanerako buzoak, mahoizko bonbatxoak, alkandorak, gonak, soinekoak, maindire eta burkoak, kortseak eta gainerakoak... Denetatik josten zuen gure ama Mariak, eta neska gazteak etxean hartu ere bai, josten ikasteko. Gogoan daukat tartean Santa Marinako [Albiztur, Gipuzkoa] bi neska zirela, gaztelaniaz tutik ez zekitenak, eta behin galdetu niola bati: «¿Has sabido la lección , Joxepa?» [Ikasgaia jakin duzu?]. Eta berak: «¡Medio culo!». Erdipurdi, alegia.

Euskaltzale giroa bizi zenuten gerraurre hartan.

Gurasoek euskara eta abertzaletasuna gauza askoren aurretik jartzen zituzten. Oso haurra nintzen, baina gogoan daukat bi edo hiru bider Tolosako batzokian izan ginela, gurasoekin. Aitak batzokiko antzezlanetan parte hartzen zuen; barregarrizkoak ziren, gehienak. Hango izenak entzun genituen gero: Ramon Larrañaga, Doroteo Ziaurriz, Pepe Izagirre, Jesus Elosegi, Antonio Maria Labaien, Aitzol, Lizardi... Askotan entzun nion gure aitari esaten Lizardiri Tolosan egindako hileta bezalakorik ez zuela bizian ezagutu. Milaka lagun bildu omen ziren. Tolosako batzokiko zuzendari izan zen, eta Perot lantegiko gerente. Jakina da lanetik irten eta Lizardi askotan joaten zela Urkizu aldera. Hil ondoren, oroitarria egin zioten han, baina gerra garaian han inguruko baserritar frankista batek txikitu egin zuen, eta harriak bertan utzi. Mutitegi baserrikoak, orduan, harriak gurdian hartu eta etxean gorde zituen. Handik hogeiren bat urtera, gure anaia Mikelek —Mutitegiko alaba batekin ezkondua baitzen—, Antonio Maria Labaienek eta koinatuak atzera lehengo tokira igo zituzten harriak, gurdian. Gero, Larrarte aita-semeek berritu zuten oroitarria. Inguruko lizarrak, berriz, gure senideek zaindu izan dituzte, eta orain ere gure ilobak txukuntzen du tokia urtero.

Arestian esan duzunez, gerra ondoan erbestean izan zenuten aita.

Franco nagusitu zen! «Patxi gaizto», esaten zion gure aitak. Etsaiak Tolosara inguratu zirenean, errekete eta faxistek errepublikarrak eta abertzaleak atxilotzeari ekin zioten. Baita bide bazter eta hilerrietan tiroz hiltzeari ere, batere motiborik gabe. Gure aitari ere iritsi behar zitzaion txanda, nonbait, baina erreketeen buru egiten zuena laguna zuen, eta ihesi joateko esan zion gure aitari, hilko zutela bestela. Eta alde egin behar, etxean emaztea eta lau seme utzita; 2 urte zituen txikienak, 7, berriz, zaharrenak. Eta eskerrak alde egin zuen! Hiru bider etorri ziren gurera aitaren bila! Gauaren erdian beti. Aita berriz, inguruan, Aiako herrian ezkutatuta egon zen lehenengo, baina, azkenean, Baztanera joan, eta Luis Iribarren lehengusu txikiak —erreketea zen— lagundu omen zion mugaraino. Handik, Sarara bidean, Anduitzeko bordan egon zen. Agure bat topatu omen zuen, haur ttiki bati kantatzen: Iruten ari nuzu... Beste iheslari asko ere baziren han, jakina. Joxemiel Barandiaran, Mentxaka —Gasteizko katedraleko kanonigoa—, On Pello Zubeldia lizartzarra, Bonifazio Etxegarai —Karmelo idazlearen anaia—, Langarika —Dalmazio ziklista famatuaren aita—, eta haurrak, haur asko, bizkaitarrak, aitak esaten zuenez.

Zuen aitak erbestetik idazten zizkizuen eskutitzen berri eman zenuen Erleaaldizkarian.

Aitak maiz idazten baitzigun! Ni oso ume nintzen, eta zer eta nola idazten zuen ez nuen ulertzen, baina pozgarriak zitzaizkigun aitak bidaltzen zizkigun postalak. Hemengoetan, Franco, Jose Antonio [Primo de Rivera], erreketeak, pelaioak... agertzen ziren. Hangoetan, animaliak, dantzariak, txistulariak, musikariak, zezenketak... Aitak bi postal bidaltzen zituen, bata bi anaia zaharrentzat, bestea bi txikiontzat. Baina haietan aldatuta ageri ziren gure izenak: Miguelito, Javiercho, Antonito eta Inacito ginen; «ilobak», ez semeak. Eta berak ere ezizen bat erabiltzen zuen: Magdalena Arraiet. Esan dut aita oso antzerkizalea zela, eta, beharbada horregatik, erraza egin zitzaion delako Magdalena horren paperean sartzea. Batean, etxekoandreak soineko berria egin ziola esanez idatziko zigun. Bestean, senargaia zuela eta ezkontzekotan zela... Horrelakoak. Gure amari idazten zion, baina «adiskide estimatua» esanez zuzentzen zitzaion, gaztelaniaz, postalak zentsuratuko ote zituzten beldurrez. Zioen familia baten haurrak zaintzen ari zela, neskame, baina, benetan, joan berritan harakin aritu zen Donibane Garazin, eta ondoren, berriz, egur-zerran Akizen. 1936ko azaroaren lehenean alde egin zuen, eta 1941eko apirilaren 21ean itzuli. Lehenago, alemanak Frantziara sartu ziren, eta hemendik hara ihesi joandako gazteak gerrara eramaten zituzten. Gure aitari ere deitu zioten, baina 45 urte beteak zituen eta, gainera, lau seme ere bai! Gure amak gu lauron argazkia bidali zion, guraso zela erakusteko, eta halaxe libratu zen Bigarren Mundu Gerrara joatetik.

Eta bitartean zuek Tolosan, amarekin. Ez zen erraza izango.

Oso garai zaila izan zen. Arrazionamendua indarrean jarri zuten: kartilla bat genuen, kupoiak mozten genituen handik erosketak egiteko. Behin, kartilla hartu eta Ibarrara bidali ninduten, Zelaiaren dendara. Azukrea, pezeta batena bakarrik saltzen zuten. Adibidez. Berdin tabakoa. Ahal zen moduan bizi zen jendea. Gure etxeko patioan hegazti asko izaten zen balkoietan. Nire anaia Xabierrek kukurruku egiteko zaletasuna zuen —orain ere badu—, eta kukurruku jotzen zuen edozein garaitan; berdin gauerdian! Xabierrek kukurruku jo, eta kukurruku eta kakaraka jartzen zituen patio hartako oilar-oilasko guztiak! Baina urte gogorrak izan ziren. Gure etxe ondoan bazen familia bat, euskaldunen eta euskararen etsaia. Aita erbestean genuela, leihoa zabaltzen zuten eta kantari hasten ziren, guk entzuteagatik: Laster etorriko da don Karlos gurea, karlistaz betea, eta tiro eta tiro eta tiro etsaiari, eta tiro eta tiro nazionalistari!!! Azken hitzak, eztarria behartuz. Haiek isiltzen zirenean, berriz, ama-semeok euskarazkoak kantatzen genituen, Uso zuria, Hara nun diran, Gernikako Arbola, Gora ta gora Euskadi... baina hau, Gora ta gora, isil-isilik, bestela bertan genuen salaketa! Gerratik edo kartzelan egonda etortzen zirenek kantatzen zutena ere kantatzen genuen: Kristorenak, Kristorenak gera, Kristorenak hartuta etorri gera...

Erbestean bost urte igaro eta itzuli zitzaizuen aita. Orduan zer?

Eta etorrita ere, kontuak. Erbestera joan aurretik bere osabarekin aritu zen lanean, harakin, baina erbestealditik etorri zenerako, osaba hark semea lanean hasia zuen, eta gure aitarentzako lanik ez! Eta, bestalde, isuna, ihesi joan zelako. 50.000 pezeta! Dirutza handia zen garai hartan. Gero, barkatu zioten, eta eskerrak: ez zuen pagatu beharrik izan. Maria Pilar Sansineneari 500.000 pezetako isuna jarri zioten, eta haren senar Jesus Elosegiri hogei mila durokoa. Luis Azkueri, 50.000koa. Pedro Arraizi, 45.000koa. On Migel Apeztegia Tolosako parrokiako apaizari, bi milakoa. Esaten da apaiz euskaldunek Francori lagundu ziotela, baina asko izan ziren aurpegia eman ziotenak, bateko Mateo Mujika, besteko Jose Ariztimuño Aitzol eta beste asko. Hil ere egin zituzten apaizak... Aita Iparraldetik etorri berritan, euskal festa egin zen Tolosan, falangisten ikur eta bandera artean. Zerkausian, herriko musika banda Gernikako arbola jotzen hasi zen, eta gure aita kantari! Laster etorri zitzaion bat, isiltzeko esanez: «Bestela, kartzelara sartuko haute!». Euskal kutsua zuen guztiaren aurka zeuden agintariak, eta herria ere bai. Francoren inguruko zerbait zenean, ardiak bezala, artaldean joaten ziren denak atzetik.

Horixe Tolosako giroa gerraondoan...

Gerra aurreko lana galduta ere, urte batzuetara beste harategi batean hasi zen, harakin. Behin, guardia zibilak etorri zitzaizkion: «Zer ari zara esaten txerri kontuak Francori buruz?». Eta aitak: «Egia da. Txerria hil eta atarian jarrita zeukala lapurtu egin diote Leaburuko Franco Iturriotzi!». Garai hartan beldurgarriak ziren guardia zibilak. Eskolara hasi ginenean, berriz, dena gaztelania zen. Are gehiago, «¡¡¡Habla en cristiano!!!», esaten ziguten. Kalean ere maiz entzuten zen hori... Eskolapioetan fraide gehienak nafarrak ziren. Ramon Labaien zenari entzun nion behin bilera batean esaten eskolapioek kalte handia egin ziotela euskarari Tolosan. Egia izango da. Gure aitak kontatu zigunez, Emeterio Arresek ere —tolosarra— gorroto zien eskolapioei. Arrazoia? Zigortzen zutenean lurrari muin ematera behartzen zutela. Arresek berak gure aitari esana da hori.

Zuek ere eskolapioetan ikasiko zenuten gero...

Bai, gure aitak bezalaxe. Apaiz edo irakasle gutxi ziren han euskaldunak. Baina, hala ere, euskaraz etxean behar du lehenengo. Eskolan gaztelaniaz zen dena, eta elizan, kantu asko, latinez. Baina gure etxean beti-beti euskaraz egiten zen dena. Hitz bat gaztelaniaz egin eta laster entzungo zen: «Euskaraz!». Eguberritan, Gabon egunean, haurrak ateratzen ziren, etxez etxe kantari, jaiotza hartuta. Haietako asko, buruan txapel gorria jantzita ateratzen ziren, Dale a la zambombaeta horrelakoak kantari. Gu artzain jantzita irteten ginen, buruan txapela, baina beltza edo urdina —ez gorria!—, euskarazko kantak kantatuz. Txapel gorria jantzita ibilitakoak Tolosan badira oraindik!

Idatziak dituzu zure oroitzapenak...

2010ean hasi nintzen idazten. Urteetan zehar izandako gorabeherak nolabait idazteko esan zidaten etxekoek, eta horixe egin nuen zenbait urtez. Nire bizia arrunta, xumea eta hutsa izan da. Nire trebezia idazten, berriz, hutsaren hurrengoa. Hala eta guztiz ere, zerbait idatzi dut, bai, baina etxekoentzat. Besterik ez bada ere, XXI. gizaldian bizi diren gazteei urteetan izan diren aldaketa era guztietakoak adierazteko.

 

Jarraitu irakurtzen hemen.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!