«Zirrara sortzen dit neure burua gorriz jokatzen ikusteak»

Erabiltzailearen aurpegia Iñaki Odriozola 2018ko abu. 3a, 09:36
GORKA RUBIO / FOKU / BERRIA.EUS

Bizkarreko arazoak ahaztuta, amezketarra prest dago udako konpromisoei heltzeko. Igandean du aurrenekoa: buruz buruko txapelketako errebantxa jokatuko du, Olaizola II.aren aurka.

Batzuek jaiez gozatzeko besteek lan egin beharra ez da gauza berria. Pilotarien kasuan, hala izan da betidanik. Jokin Altunak (1996, Amezketa) egutegian egun gutxi ditu markatu gabe. Parrandarako betarik gabe, «zintzo» dabil amezketarra. Atzo egin zen Zarautz Hiria torneoaren aurkezpena, eta gainean zituen begirada guztiak. Zabaleta izango du bizkarzain, abuztuaren 17an, Zarautzen, Artolaren eta Albisuren aurka jokatuko duten finalaurrekoan. Hilaren 15ean jakingo da, Azkoitian, nor izango den lehen finalista. Olaizola II.a eta Imaz Irribarriaren eta Rezustaren aurka ariko dira.

Bizkarreko lesioak hobera egin al du?

Bai, ahaztua dut dagoeneko. Ez dut batere arazorik. Hala ere, erabat zaintzen dut fisioterapeutekin eta. Partidak amaitutakoan ere, osatzeko lana egin behar izaten dut.

Min hartzeko ez dago garai onik, baina uda hasieran lesionatzea ez da gozoa izango, ezta?

Hala da. San Fermin torneoko aurreneko neurketan hartu nuen min, eta pena handia eman zidan gehiago jokatu ezin izanak. Garai txarrenean etortzen dira horrelakoak.

Hemendik aurrera, atseden hartzeko denborarik izango al duzu?

Egia esan, ez. Uztailean, astebete min hartuta pasatuta ere, zortzi partida jokatu nituen. Hamar edo 11 izango ziren bestela. Abuztua eta iraila gogorrak izango dira, ziur. Igandean, Gasteizen, buruz buru jokatuko dut Aimar Olaizolaren aurka, eta Andre Maria Zuriaren torneoan eta Zarautz Hiria torneoan Jose Javier Zabaletarekin osatuko dut bikotea. Herrietan egingo diren beste zenbait jaialditan ere izango naiz. Partida faltarik ez dut izango, behintzat.

Udako torneoak preziatuak dira pilotarientzat, eta Zabaletarekin jarri zaituzte. Irabazteko hautagaiak izango al zarete?

Bikote sendoa osatuko dugula iruditzen zait. Aspen maila oneko atzelariak ditugu, baina Rezusta eta Zabaleta gainontzekoak baino koska bat gorago daude. Bi bikote baino gehiago sartzen diren torneoetan beste konbinazio batzuekin jokatu behar izaten dugu. Bi atzelari behar badira, gehienetan biak sartzen dituzte, eta erraza da batarekin edo bestearekin jokatzea. Zabaletarekin jarri naute, eta oso gustura nago.

Aurten, gainera, buruz buruko txapelduna zarenez, elastiko gorriarekin jokatuko duzu. Presiorik sortzen al dizu horrek?

Alde horretatik, ez dut inongo arazorik. Jakitun naiz jendeak nitaz hitz egingo duela. Partidetan, aurkezpen ekitaldietan eta antzekoetan, zirrara sortzen dit neure burua gorriz jantzita ikusteak. Hala ere, joan den urtean partida pila jokatu nituen, eta kantxan ez dut aldaketarik nabari. Urte ona egin dut, eta udan maila berean jarraitu nahiko nuke. Erregularra izan nahi dut. Baina garbi dut berdin didala txapeldun izan eta gorriz jantzita irten beharrak.


Jarraitu irakurtzen hemen.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!