«Enpresek dirua ematen zuten emakumea etxera joan zedin, eta asko erori ziren tranpan»

Erabiltzailearen aurpegia Edu Lartzanguren 2018ko uzt. 22a, 15:31
JUAN CARLOS RUIZ / FOKU / BERRIA.EUS

Nondik atera dira pentsio duinak eskatzeko mugimenduko jendetza horiek, Euskal Herriko kaleak bete dituztenak? Usandizagaren kasua adibide ona da hori ikusteko: bizitza osoan hainbat borrokatan ibilitako emakume zaildua baita.

«Nik, honezkero, lotsa guztiak galduak ditut», esan du Itziar Usandizagak (Asteasu, Gipuzkoa, 1948) Bergarako (Gipuzkoa) udaletxe plazaren erdian argazkirako dagoela, mikrofonoari eusten. Azken hilabeteetako borrokaren sinboloa da bozgorailua. Mikrofonoarekin aritu da borrokalari beteranoa pentsiodunek astero egin dituzten protestetan. Ganorazko pentsioak eskatzen dituen Duintasun Plataformako burua da Bergaran.

Zurea familia zigortua izan dela esan izan duzu. Zergatik?

Aita nazionalista zen —Txomin Usandizaga Aranburu—, eta 25 urterekin harrapatu zuen gerrak. Gizon handia eta sasoitsua zen, eta berehala hartu zuen lubakien ardura, mendi guztiak ezagutzen zituelako. Jaurlaritzako jendearekin harreman zuzena zeukan, Saseta sistema defentsaren barruan. Santoñan [Espainia] harrapatu zuten azkenean. Espetxean lau urte egin zituen, Puerto de Santamarian [Espainia]. Orduan ere, sakabanaketa ezarri zieten presoei. Tifusa hartu zuen han.

Asteasutik Oñatira (Gipuzkoa) joan zineten, gazte zinela. Euskalki traumarik izan al zenuten?

Aitaren lanarengatik joan ginen Oñatira familia osoa. Eta gauza bat gertatu zen: Oñatin izugarri ondo baloratu zuten gure euskara. «Zelako euskara garbia egiten duzuen!», esaten ziguten. 1970ean izan zen. «Hemengo euskaran dena da xixa-xixa eta inork ez du entenditzen, eta ikastolarako garbi berba egiten duten andereñoak behar ditugu».

Horrela, «euskara garbia»? Horrenbeste gutxiesten zuten Oñatiko euskara Oñatin bertan?

Bai, orduan bai. Gero boteretu da euskara Oñatin. Ni gaztea nintzen, eta umeekin zoragarri moldatzen nintzen. Urtebete egin genuen Ikastolen Federazioak Donostian andereñoak trebatzeko zuen etxe batean, irakasteko metodoak ikasten, literatura, euskara batua... Etxean oso abertzaleak izan gara, eta euskararen sena egunero bizi genuen. Horregatik, horretan neure giroan nengoen.

Baina bizitza osoa Bergarako ehungintza lantegietan eman duzu. Zer gertatu zen ikastolan?

Urte haiek politikoki oso nahasiak izan ziren, eta hori ikastolan ere islatu zen. Gu oso berritzaileak ginen: metodo berria genuen, filosofia berria. Erlijioa ikastolatik kanpo egon behar zela pentsatzen genuen. Talka bat egon zen. Guraso batzuk oso tradizionalak ziren, eta ez zuten hori ondo ikusten. EAJren eskua egon zen hor, ezkerreko andereñoak kanporatzeko. Ez zen bakarrik Oñatin gertatu. Ondo diseinaturiko estrategia izan zen. Guraso talde horrek asanblea paralelo bat eratu zuen, eta zazpi irakasletatik bost kanporatu gintuzten. 1969tik 1972ra, lau urte egin nituen irakasle. Etxean gordeta daukat Eli Galdosek sinatutako kanporatze gutuna. Enpresari jauntxo bat zen, orduan, EAJkoa; kargu politikoetan sartzeko zegoen.

Hori ez zen, ordea, Oñatin bakarrik gertatuko, ezta?

Urretxun, Arrasaten, Antzuolan [Gipuzkoa]... Tabu handia izan dira kaleratze horiek 50 urtez. Urte horietako historia ez da osorik kontatzen, eta uste dut oraingo belaunaldiei iruzur egitea dela hori. Lan egin genuen bitartean, askotan ez genuen kobratzen, eta ez genuen kotizatzen. Aukera izan zuten ikastolaren 50. urteurrenean hura gogoratzeko. Ez dakit zenbat plaka eman zizkieten laguntzen ibilitako andreei. Gu aipatu ere ez. Zelako sentsibilitate falta. Gure aitari ere hil ondoren egin zioten omenaldia. Ikastolen Elkarteak zor handia dauka kanporatuak izan ginenokin.

Kalera, beraz, baina etxean geratzeko asmorik gabe?

Bergarako Elorregi auzoan, ehungintza lantegi bat egin behar zuten, eta izena eman nuen han lan egiteko. 1974an izan zen hura. Levi's eta Lois etxeentzat egiten genituen oihalak. Erretiroa hartu arte egin nuen lan horretan. Astoen pare egiten genuen lan 1980ko hamarkadan, gau eta egun. Emakumeek orduan ezin zuten legez lan egin gauez, baina kapitalistek lortu zuten, mendeku handiarekin: gure leloa orduan lan bera, soldata bera zen. «Berdintasun nahi duzue? Bada, gauez zuek ere», sartu ziguten ziria. Bost txanda ere egiten genituen orduan, eta igande askotan ere lan egindakoa naiz, beti produkzioan. Eskaeraren arabera egiten zen lan: ez zegoenean berehala espedientea ezartzen zuten; hiru hilabeterako, etxera.

Orduko ohiturak agintzen zuen emakumeek lanpostua utzi behar zutela ezkondu ondoren. Zuk zergatik egin zenion muzin horri, eta lantegian jarraitu?

Enpresek dirua ematen zuten emakumea etxera joan zedin, eta asko erori ziren tranpan. Dotea esaten zioten, eta dirutxoa zen. Horretan ere desberdina izan nintzen: «jarraitu behar dugu», esaten nuen; emakumeen independentzia ekonomian dago; guk geure nomina eduki behar dugu, eta kotizatu egin behar dugu gero ere edukitzeko.

Batzuek gaizki hartu zuten?

Bai. Ni nintzen «borrokalaria», esaten zutenez. «Itziarrek zer egingo du, bada?». Baina Itziarrek lan hori familia batekin eta etxe batekin bateratu du. Hortik ez zuten ni gaitzesteko heldulekurik izan.

Eta krisia heldu zenean, eta langabezia izugarri handitu, emakumeei ere leporatzen zizueten lanpostuak okupatzea. Zer esaten zizueten?

Asko sakatu gintuzten orduan enpresariek, baina baita gure bizilagunek ere. Herrian hori oso barneratuta zegoen: «Nire semea lan barik dago, eta zu lanpostua kentzen ari zara; zure etxean bi soldata sartzen ari dira», esaten ziguten. Beti emakumeoi, senarrari inoiz ez. Baina hori ere gainditu dugu. Urrats handiak egin ditugu.

Zergatik itxi zituzten lantegiok?

Hau oso garestia zen haientzat. Ekoizpena Valentziara [Herrialde Katalanak] bidaltzen hasi ziren, eta gero Marokora, multinazionalak sartu zirenean. Algodonera lantegiaren 100. urteurrena ospatu genuen, eta bagenekien nor zen horren gerentea, eta ezagutzen genituen akziodunak. Baina multinazionalak sartu zirenean, ez genekien nor zegoen enpresaren atzean. Eutsi nahi izan genion herriaren oihalgintzari, gure seme-alabentzako lanpostuak bermatzeko. Baina ez genuen lortu. Hiru hilabetez egon ginen zubian kanpaturik, txandaka. Ez zen nahikoa izan. Hogei bat oihal enpresa zeuden; gaur ez dago arrastorik.

Borroka sindikalarengatik askotan zigortu zintuzten?

Zigor asko jasotakoa naiz. Etxera bidaltzen ninduten, hiru egun lanik eta soldatarik gabe. Zergatik: lantegiko beste pabiloi batera joan eta jendea grebara bultzatzeagatik. Sindikatuko ordezkaria nintzen, eta hori zen nire eginkizuna. Halere, egia da orduan greba politiko asko egiten zirela.

 

Jarraitu irakurtzen hemen.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!