Aralarko pisten auzia artxibatzeko saiakera salatu du Naturkonek

Erabiltzailearen aurpegia Gorka Berasategi Otamendi 2018ko uzt. 18a, 13:20

Elkarte ekologista eta naturisten plataformak jakinarazi duenez, Gipuzkoako Aldundiak auzia artxibatzeko eskaria aurkeztu du, eta eskari horri helegitea aurkeztu dio Naturkonek. Aldundiari leporatu dio bere "ardura penalen larritasuna ezkutatzen" saiatzea.

Tolosako epaitegian (Gipuzkoa) Gipuzkoako Foru Aldundiko bi arduradun ari da ikertzen, lurralde antolamenduaren kontrako delituak leporatuta. Mendietako zuzendari Arantxa Ariztimuño eta Gipuzkoako Ingurumen zuzendari ohi Felix Asensio dira ikertuak. Enirio-Aralarko Mankomunitateak sustatuta, Aralarko Parke Naturalean Goroskintxuraino eraikitako pistarengatik salatu zituzten Landarlan eta Eguzki talde ekologistek. Bi elkarte horiek ohar bidez adierazi dutenez, Gipuzkoako aldundiak epaitegiari eskatu dio ikertzen ari den txosten penala artxibatzeko.

Gipuzkoako aldundia "legez kanpoko obra horretan duen ardura penalaren larritasuna ezkutatzen" saiatzen ari dela ohartarazi dute Eguzkik eta Landarlanek, "habitat naturalen eta mehatxatutako hainbat espezieen gainean ingurumen eragin larria sortu ondoren". Elkarteen esanetan, ardura agerian gelditu da aldundiaren ardura, eta, orain, auziak izan dezakeen ohiartzun soziala eragotzi nahian ari da foru gobernua. "Ertzaintzak egindako txosten teknikoak argigarriak izan dira: Ingurumen inpaktu handia eragin dute Goroskintxu eremuan egindako legez kanpoko pistek; hain zuzen, Kontserbazio Bereziko Eremu (KBE) eta Natura 2000 Sarean babestuta dagoen Aralarko Parke Naturalean".

Eguzkik eta Landarlanek helegitea jarri diote Gipuzkoako aldundiak txosten penala artxibatzeko aurkeztu duen eskariari. Naturkon plataforman biltzen diren erakunde ekologistek eta naturalistek ziurtatu dute lanean jarraituko dutela "justizia indarrean egon dadin".

Jarraitu hemen irakurtzen. 

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!