Denen bueltarako borondatea

Erabiltzailearen aurpegia Enekoitz Esnaola 2018ko uzt. 6a, 08:29
Argazkia: Jon Urbe / FOKU

Iheslari eta deportaturik gabeko Euskal Herria aldarrikatuko dute bihar Orion. Neurri batzuk eskatzen dizkiote Madrili, eta laguntza sozialetarako deia egin diote gizarteari.

Duela bost urte Miarritzen (Lapurdi) itzulerarako hautua agertu ondotik adierazpen batekin, 150 bat iheslari eta deportatu bueltatu dira sorterrira, baina oraindik, EIPK Euskal Iheslari Politikoen Kolektiboaren datuen arabera, hamalau deportatu falta dira etortzeko, eta iheslariak 65-70 dira. Guztiak ere sorterrian nahi dituzte, eta badaude aukerak, Xabier Miguel Ezkerra iheslari ohiak (Usurbil, Gipuzkoa, 1954) dioenez: «Espainiako Estatuaren neurri batzuekin, %90 bueltatzeko moduan egongo lirateke».

Bost eskaera dauzkate: Auzitegi Nazionalak euskal iheslarien eta deportatuen egoera juridikoaren berri ematea abokatuei —auzitegitik esaten dietena da itzul daitezela eta ikusiko dela gero; «torturekin kutsatuta» dauden auziak bertan behera uztea; preskripzioaren kontaketa «mendekuaren eta errepresioaren» irizpideekin ez egitea; «oinarri juridikorik eta legalik» ez duten deportazioak amaitzea; eta adina eta osasuna aintzat hartzea. Jokin Aranalde iheslari izandakoak (Gaztelu, Gipuzkoa, 1946) dio nahikoa litzatekeela Madrilek «borondatea» edukitzea: «Espetxe politika aldatuko dutela esan du Pedro Sanchezek. Beraz, iheslariekin eta deportatuekin ere aldatu egin beharko luke. Ez da akordiorik behar bost neurri horiek gauzatzeko».

Beste askoren moduan, Ezkerra eta Aranalde 2014an bueltatu ziren. Aurrenak 1975ean alde egin zuen Usurbildik. 1986an atzeman zuten, ETArekin lotuta, eta Lillen (Frantzia) eduki zuten asignazioan. «Erbestea kalamitate gisa hartzen bada, gogorra da. Horrela ez dela pentsatzeak arindu bakarrik egiten du. Nik Lillen ez nuen amore eman, eta oso esperientzia aberatsa izan zen». Baina, erabaki kolektibo baten bitartez, Ipar Euskal Herrira bueltatu zen 1995ean. EIPKren «oinarriak desagertuta» aurkitu zituztela dio, errefuxiatuak ez zeudela kalean, eta mugimendu hori «altxatzen» hasi ziren. Ezker abertzaleak estrategia aldatu ostean argitaratu zuen EIPK-k bere adierazpena, 2013an, aurreko bi urteetan, Ezkerrak nabarmentzen duenez, han eta hemen lan asko eginda, besteak beste iheslari ugariren arrastorik ez zutelako. 2014ko apirilean itzuli zen Usurbilera; gaur-gaurkoz, Ziburu (Lapurdi) eta bien artean ibiltzen da.

Aranalde ere duela hiru urte bueltatu zen sorterrira, baina bestela. 2002an atxilotu zuten, ETArekin zerikusia zuelakoan, baina baldintzapean aske utzi zuten. Uste zuen berriro atzetik zeuzkala poliziak, eta, «mentalki eta fisikoki gai» ez zuenez ikusten bere burua «torturak berriro» jasateko moduan, Ipar Euskal Herrira joan zen. Saiatu zen bizimodu normala egiten, «baina iheslariak beti du ezpata lepoan, eta ez dauka inolako egonkortasunik. Gainera, garai haietan Poliziak iheslari bat bahitu zuen Iparraldean, eta Jon Anza hilda azaldu zen». Euroagindu eskaera baten ondorioz, Frantziak Espainiaratu egin zuen 2014an. Soto del Real espetxean sartu zuten, baina baldintzapean kalean geratu zen azkar, eta etxera itzuli zen. Hilabete batzuetara artxibatu zuten haren auzia.

Jarraitu irakurtzen Berria.eus-en

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!