Kohesioan elkarrekin haziz

Erabiltzailearen aurpegia Eihartze Aramendia Iparragirre 2018ko mai. 30a, 08:50
Uztaritze-Tolosa. Ikasleak memoria historikoari buruzko lana egiten

Euskal Herriko herrien arteko senidetzeen loraldia 1980ko hamarkadan izan zen; ordutik, batzuk bidean gelditu dira, beste batzuk indartsu daude eta beste hainbat berpizten ari dira. Euskal Herriaren kohesioa sendotzeko balio dutela jakinik, senidetze gehiago ere martxan jarri dira.

Etxean aihertarrik hartzera animatzen bazara, eman horren berri ondorengo datuekin batera udaletxean». Antzuolako (Gipuzkoa) Udaleko webguneko berrien atalean irakur daiteke iragarki hori. Aurten, hirugarren urtez jarraian, Aiherrako (Nafarroa Beherea) haurrek Antzuolako udalekuetan parte hartuko dute. Ez da kasualitatea edo besterik gabe sortutako egitasmoa. Atzean gogoeta bat dago, bi herrien arteko senidetzean oinarritua eta ondoko belaunaldiek gaur egun denen buruetan dauden muga horiek ezabatzeko asmoaz egina. 34 urte bete dira bien arteko harremana hasi zela. Euskal Herriko herrien arteko senidetzarik sendoenetako bat da. Bidean, ordea, dena ez da izan eguzki; ilunak ere izan dira.

Lagunarteko istorio batekin hasi zen dena. Aiherrako bikote batek eta Antzuolako beste batek mendian egin zuten topo, eta gauza batek bestea ekarri zuen. Aiherran Beltzuntze elkartea zegoen, eta hark zuen kudeatzen senidetzea. Bertako kide da Jean-Mixel Barbier; garai hartan mutiko gazte bat zen, baina bera ere lotu zen harremanera: «Politikan, erraten dugu herri bat garela, baina, eguneroko gauzekin ez badugu lotura bat sentitzen, hitz horiek diskurtso hutsean gelditzen dira. Ekintzak behar dira, eta ekintza molde bat bi herrien arteko senidetzea da».

Hogei urte pasatu arte ez zen senidetze ofizialik egin. «Orduko auzapeza euskalduna zen; alta, ez gintuen ikusi ere egin nahi», kontatu du Barbierrek. Antzuolako alkatea, baina, Aiherrako auzapezarengana joan zen, eta orduan sinatu zuten hitzarmen bat lehen aldiz: «Aiherrako auzapeza izutu zen: Antzuolakoa deliberatua ikusi zuen, eta erabaki bat hartzeko galdegin zion. Geroztik, lagun handiak bilakatu dira, eta, gerora, sustengatu gaitu». Beltzuntzeko kideak dio ofizialtasun horrek beldur asko gainditzeko balio izan duela: «Batzuk ordura arte ez ziren Antzuolarat heldu, eta geroztik urte guziz baditugu buru berriak. Uste ez genuen jendea ere etorri da, eta ikusi dute antzuolarrak jende normalak direla, ez direla denak pistoleta batekin. Muga zegoen garaian, beldur handia zegoen. Ofizialtasunak ekarri duena da konturatzea denak herri berekoak garela eta hizkuntza bera dugula, nahiz eta ohitura desberdin batzuk izan».

Bi herrietako herritarrak urtean behin elkartzen dira ofizialki, nahiz eta gero badituzten harremanak urtean zehar ere. Urte batean Antzuolan elkartzen dira, eta hurrengoan, Aiherran; bestela, hitzordua beste nonbait jartzen dute, beste tokiak ezagutzeko: Miarritzeko Lurraman izan ziren, esaterako, Iratiko oihanean, Arantzazun... Bada, hala ere, egin zuten egitasmo gogoangarri bat: bi herrien artean dauden 140 kilometroak Korrika moduko batean elkartu zituzten, lekuko eta guzti. Horrelaxe gogoratzen du Barbierrek: «Lehen kilometroa oinez egin genuen, joaldunekin, argiekin... Biziki hunkigarria izan zen. Azken kilometroan 700 lagun ginen Antzuolan. Gertakaririk handiena izan da. Dena den, hastapenean antzuolarrek ez zuten egin nahi, eta guk baietz, egin behar genuela. Gero, harritu ziren».

Beñar Kortabarria Antzuolako alkateak bi ikuspuntutatik ezagutzen du senidetzea: herritar gisa eta alkate gisa. Euskal Herriko herrien arteko senidetzea «oinarrizkoa» dela deritzo, «asko dugulako elkarrengandik ezagutzeko eta batzuek amesten dugun Euskal Herri hori egiteko bide ona izan daitekeelako, bide bat gehiago». Festa elkar ezagutzeko modu ona bada ere, harremanak harago eramaten dituzte, eta bisitatuak dituzte lehen sektoreko hainbat enpresa. Proiektu ekonomiko bat partekatu ahal izatea da Kortabarriaren nahia.

Senidetzearen oinarri herritarrak direla eskas du beharbada Tolosa (Gipuzkoa) eta Uztaritzeren (Lapurdi) artekoak. Hala uste du Lore Aristizabal Uztaritzeko hautetsiak eta Uztaritze-Tolosa senidetze batzordeko kideak: «Tolosan ez da senidetza elkarterik, eta konplikatuagoa da herritarren aldetik harreman zuzenak lortzea. Jendeak parte hartzen du antolatzen diren ekintzetan, baina ez dugu lortzen herritarren arteko topaketa bat egotea. Harreman hurbilago bat lortu nahi dugu».

1989an sortu zen bi herrien arteko senidetzea, hiru alorrek batuta: historikoki, biak ziren haien probintziako hiriburuak; inauteriak; eta euskara. Administratiboki, Frantziaren estatutuen arabera, herriko etxeek ezin zuten zuzenki beste herri batekin senidetu: elkarte bat sortu behar zuen, eta, beraz, sortu zuten, baina herriko etxeko hautetsiak ziren. Lehen lauzpabost urteetan dinamika bat sortu zen, baina, gero, dinamika hori apaldu egin zen berehala.

Hogei urteko loaldian egon eta gero, Uztaritze Bai taldeak alkatetza eskuratu zuenean, elkartea martxan jarri zuten berriz, uztariztarren inplikazioa xede harturik. «Berriz dena bultzatu behar zen. Tolosako hautetsi taldea gurekin harremanetan sartu zen, eta elkarrekin lan egiten gogoa adierazi ziguten: horrek lagundu du», adierazi du Aristizabalek. «Bi administrazioek elkar ezagutu behar genuela pentsatu genuen», gehitu du Olatz Peon Tolosako alkateak. Orain bi urte hitzarmena berritu zuten, eta harreman «jarraituagoa» lortu dute, Peonen hitzetan: «Festaz gain, beste alor batzuk jorratzen saiatu gara. Euskara erdigunean izan da hasieratik: horrek lotzen gaitu erabat». Hezkuntza da alor horietako bat. Lizeoko ikasleekin memoria historikoari buruzko proiektu bat egin zuten, eta Uztaritzekoak Tolosara joan ziren egindako lana borobiltzeko. Tolosarren etxeetan lo egin zuten, eta horri esker ordura arte zituzten beldurrak gainditu ahal izan dituzte, hala nola euskaraz elkar ulertuko ote zuten. Herriko elkarteen artean pixkanaka harreman zuzenak egon daitezen nahi dute, eta elkarrekin proiektu komun bat gauza dezaten. Heldu den urtean 30 urte beteko ditu euren arteko senidetzeak, eta prestaketa lanetan hasiak dira dagoeneko.

Gereziak batuta

Orain dela lau urte, harremanetan hasi ziren Itsasuko (Lapurdi) eta Etxauriko (Nafarroa) herritarrak. Gereziak batu zituen. «Azken urteetan, Itsasuko gerezi guti izan da, eta Gereziaren Besta egiteko gereziak Frantziako eskualdeetatik jinarazten hasi zen Itsasuarrak elkartea, bestaren antolatzailea. Xapata elkarteak gerezia berriro balioztatzeko lana egin du, eta, haiek Etxauribarreko gerezi ekoizleak ezagutzen zituztenez, harremanetan jarri ziren bestara euren gereziak ekartzeko», azaldu du Filipe Lazkarai Itsasuko hautetsiak. Orduan, Lazkaraik Udalbitzan ibiltzen zen etxauriar bat ezagutu zuen, eta hark senidetzearena zer iruditzen zitzaion galdegin zion. «Auzapezak ez zuen begi txarrez ikusi, baina beti uzkurturik egon da», adierazi du.

Hala, Etxaurira joan ziren, bailarako gerezi festara, eta lotura bat egin zuten bertan. Etxauriarrak Itsasura gonbidatu zituzten, eta, ikusirik bazela senidetzeko gogo bat, joan den larunbatean bilkura izan zuten Itsasuko herriko etxean: «Auzapezordeak zioen goizegi dela, ofizialki egitea lana dela... Oraingoz, ez dugu trenkatu, baina harremana ona da, eta segitzeko ados gara». Etxauribar-Itsasu senidetze batzordeko kide Irene Bidaurreta gogotsu dago. Ibarreko udal guztiei senidetzean sartzea proposatuko diete, gainera. «Proiektu politak atera daitezke, festaz haragokoak. Gerezia oso ongi lantzen dakite, eta horretan guk ikasteko dugu. Hezkuntzan ere, harremanetan daude Auzalar Orkoiengo ikastetxea eta Itsasuko Arrokagari Ikastola; zerbait egin nahi dugu heldu den ikasturtean». 

Udalbiltzak bi herri horien arteko koordinazio lana egin nahi du, senidetzea «sakontzeko asmoz». Orain dela lau urte sortu zuen Hurbiltzen programa, senidetzeen inguruan aritzeko. «Konturatzen gara aholkularitza anitz falta dela, batez ere juridikoa», esan du Argitxu Etxandi Udalbiltzako kideak. Hala, Udalbiltzak «ikuspegi nazional» bat eman nahi die senidetzeei, «anitz ez baitziren alde horretatik egin». Garrantzitsuena azpitik proiektu batzuk ekartzea dela uste du: «Elkarteen artean izan daiteke, eragileen artean... haria ez sekula galtzeko. Anitzetan, hitzarmen bat egiten da herriko etxeen artean, eta balioa galtzen du ordezkariak aldatzen direnean; ez du sendotasun handirik. Oinarrian herritarrek egon behar dute, biziki garrantzitsua da hori». Gaur-gaurkoz, Udalbiltzak 24 senidetze ditu izendatuak —herri guztiak ez dira Partzuergoko kide—, eta, horiez gain, beste hainbat abian dira.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!