Bukatu du ETAk

Erabiltzailearen aurpegia Enekoitz Esnaola 2018ko maiatzaren 3a

Nazioarteko eragile batzuei egin die ofizial erabakia erakundeak, Genevan, Henri Dunant zentroan. Bertan izan da BERRIA. Josu Urrutikoetxeak eta Maixol Iparragirrek irakurri dute adierazpena, aurrez grabatutako formatu batean. ETAk bere "egitura guztiak desegin" ditu eta aurrerantzean ez du funtzio politikorik izango.

Ofiziala eta publikoa da: bukatu du ETAk bere ibilbidea. Genevan (Suitza) jakinarazi du, 14:00etan, Henri Dunant zentroan, nazioarteko komunitateko eragile batzuei aurrez grabatutako euskarri batean "ETAren azken adierazpena" irakurrita. Josu Urrutikoetxea eta Maixol Iparragirre erakundeko militante historikoek jarri diote ahotsa. Aretoan izan dira Henri Dunanteko arduradunak eta hainbat diplomazialari, eta hedabide gutxi batzuk –BERRIA, Gara, BBC eta Suitzako hiru–. "ETA herritik sortu zen eta orain herrian urtuko da".

"ETAk bere egitura guztiak erabat desegin ditu", dio adierazpenak, erabakiaren berri emateko lehen puntuan. Bigarrengoan dator aurrerantzean ez duela funtziorik izango, "bere ekinbide politikoa bukatutzat jo" duelako. "Ez da berriro posizio politikoak adierazten, ekimenak sustatzen eta gainerako aktoreak interpelatzen dituen eragile bat izango".

ETAk adierazi duenez, bere sorrera garaian "Euskal Herria hiltzorian" zegoen, "frankismoaren atzaparretan itota eta estatu jakobinoak asimilatuta", eta, aldiz, gaur egun, "bere buruaren jabe izan nahi duen herri bat bizi da".

"Gakotzat" jo du "nazio aitorpena lortzeko erabakitzeko eskubidearen egikaritzea", eta uste du horretarako "indar metaketa, herri aktibazioa eta ezberdinen arteko akordioak ardatz izango dituen herri prozesu bat eraikitzea" dela "erronka nagusia", baita gatazkaren ondorioak konpontzeko ere. "Inongo beldurrik" ez diolako egoera berriari, "fase historiko berri horren mesedetan" hartu du bukatzeko erabakia ETAk.

[Albistearen jarraipen osoa, zuzenean, BERRIA.eus-en]

Donostiako Aieteko Konferentziatik Donostiako Arnagako Bake Topaketetara bitartean ETA erakundearen inguruan izan diren gertakari nagusien kronologia.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!