«Bizitza kontatzeko modu bat ere bada ironia»

Erabiltzailearen aurpegia Ainhoa Sarasola 2018ko api. 29a, 13:45
Argazkia: Juan Carlos Ruiz / FOKU

'Honetara ezkero' du izena Iturberen lan berriak, egoera horretan baitaude 29 ipuin laburretan bizi diren pertsonaietako asko. Harremanez adina hitz egiten dute eguneroko bizitzaz; pertsonez adina haien ezinez.

«Irratilaritza» du bizibide, baita bizipoza ere Arantxa Iturbek (Alegia, Gipuzkoa, 1964). Irratian 33 urte daramatzan arren, Euskadi Irratiko Arratsean saioa hasi aurretik oraindik ere urduri jartzen dela aitortu du. «Uste dut hori sentitzen ez dudan egunean utzi egingo dudala, ze ardurak sortzen dizun urduritasun bat da; urduri jartzen naiz, eta ez nuke nahi urduri ez jarri». Hala ere, egunero gozatzen duela dio, lanbidea berak bezala ulertzen duten lankide-lagunak dituelako alboan, artistak elkarrizketatzen eta kultur gaiak jorratzen dituelako, eta entzule «konplizeak» dituztelako. Mundu txikiak sortzea delakoan, uhinetan konbertsazioaren artea gehiago praktikatzearen aldekoa da. Eta horixe egiten du berak mikrofonoaren aurrean, bi aldeetan.

Mikrofonoaren beste aldean jarri da oraingoan bere beste bokazioaz, literaturaz, hitz egiteko, eta hari buruz ere pasioz mintzo da. Hitz gutxirekin ahalik eta gehiena esateko erronkaz, pertsonaiez eta haien ezinez... Irakurleen konplizitatea topatzeak «poza bikoiztu» egiten badio ere, poza ja ordura artekoan, prozesuan datorkiola dio. Gozatu du Honetara ezkero (Susa) liburuko narrazioak idaztean ere. «Honetara ezkero edo Hemendik aurrera da kontua», dio ipuinetako batean pertsonaia batek. Esaldi hori izan liteke liburuko 29 narrazioak lotzen dituen haria. Iturbek halako egoeretan jarri baititu bere pertsonaia gehienak. Ipuin laburrak dira, hitz gutxiren bidez irakurleari bere istorioa eraikitzeko amuak ematen dizkiotenak. Ironiaz bustiak. Eta hemendik aurrera horren alde egitea iradokitzen dutenak.

2006koa duzu aurreko narrazio liburua, Kontu-jaten (Alberdania). Zerk animatu zaitu berriz ipuinekin plazara ateratzera?

Gogoak. Ipuinak aspalditik neuzkan buruan; hori dute ona, oso laburrean eta oso momentuan idatz daitezke, baina aspalditik daude zurekin; esango nuke liburu honetako gehienek ia bizi osoa daramatela nire buruan. Urte asko pasatu nituen argitaratu gabe, seguruena izu eszenikoagatik, plazaratzea ere ez zaidalako gustatzen. Kuriosoa da, ze barreraren beste aldean lan egiten dut, eta urteekin pentsatu dut oso ondo egindako aukera bat izan dela: ez zait erantzutea gustatzen, galderak egitea gustatzen zait. Badakit zure lan bat defendatu behar duzunean erantzunak eman behar dituzula, eta oso deseroso sentiarazten nau. Nire bokazioa bestea da. Ipuinak sekula ez dira erantzunak emateko, galderak airean uzteko baizik. Baina kasu honetan gogoa nuen. Koadernoa zuri atera berri zen, elkarlan batetik. Eta esan nuen: «Zerbait neure-neurea egin nahi dut, behar dut eta momentu honetan gogoa dut». Eta zoro moduan hasi nintzen idazten. Baina, tira, erantzun laburra da gogoak eman zidala, eta ederra da gogoak ematen dizuna egin ahal izatea. Ez da beti lortzen [irribarrez].

Orotara, 29 narrazio bildu dituzu liburuan, laburrak guztiak. Istorio bat kontatzeko, neurri laburrean kabitzea ez al da zailagoa?

Nik uste dut baietz. Badaukat inpresioa laburrean idaztea oso gutxietsia dagoen lan bat dela, ze badirudi nobela luze bat idaztea dela benetako gauzak, gauza serioak idaztea. Nik arnasa luzean hasteko ez dut eragozpenik, baina tentatzen nauena edo desafio moduan bizi dudana da juxtu ahalik eta laburrena kontatu ahal izatea. Batetik, ariketa pertsonal moduan gustatu egiten zaidalako, eta, bestetik, irakurleari nolabaiteko erronka bat jartzeko. Nik nahiago ditut printzak, neronek osatu pertsona horren biografia, une horretako egoera edo dena delakoa. Estilo kontu bat da, gustu kontu bat. Bestetik, luzean eginda badaukazu, horri kentzea batzuetan mingarria da. 

«Bonsai ipuinak» deitu izan diezu, kimatze prozesu horren irudi modura. Gustura aritu zara horretan, ala mingarria ere izan da?

Nik disfrutatu dut, ikaragarri! Ez dut sekula bonsai bat egin; ez dakit bonsai batekin disfrutatuko nukeen, ze esaten dute sufriarazi egiten zaiela. Baina ipuinek ez dute bizitzarik, eta ez diezu sufriarazten.

Gorka Arrese editoreak, berriz, ipuin «bizkorrak» deitu zituen. Bat zatoz definizio horrekin?

Oso definizio polita iruditu zitzaidan, eta, gainera, harrotasun puntu bat sentiarazi zidan, bizkorra-k dituen bi esanahiengatik: ez da bakarrik azkar doazela, baizik eta bizkor, inteligentziarekin loturik. Tira, pentsatu nahi dut bi zentzuetan esan zuela [irribarrez].

Idazketa prozesua ere bizkorra izan al da? Nola aritu zara? 

Idazketa bera bai. Martxoan deitu nion [Arreseri] ipuin batzuekin hasita nengoela esanez, eta azaroan argitaratu zen liburua. Ordurako, esango nuke ipuinen erdiak zerbait idatzita baneuzkala, baina buruan neuzkan gehiago. Idazteko ez duzu denbora asko behar; pentsatzeko behar duzu denbora asko, edo aldaketak egiteko. 

Kimatzeak hartu dizu denbora.

Bai, pentsatuta neukan hori nola jarri, formak pentsatu, nondik hasi eta bukatu... askotan niretzako jolas hutsa diren gauzak.

Behin kentzen hasita, izenik ere ez dute pertsonaiek. 

Hori gerora egindako ariketa bat da. Hasieran batzuek bazuten; uste dut bi ipuinetan mantendu ditudala izenak, ezinezkoa nuelako kenduta ulergarri egitea. Beste batzuk izenik gabe sortu nituen, irudipena dudalako izenek ikaragarri markatzen dutela istorioa. Bakoitzak gure istorio eta izenak ditugu buruan, eta izen bat entzutean, ja eraikitzen dugu horren inguruan pertsonaiaren ez fisikoa bakarrik, baita izaera ere. Eta iruditzen zitzaidan horiek kenduta askoz ere biluziago geratzen zirela pertsonaiak, eta gertaerei edo esaten zutenari inportantzia handiagoa ematen niela. Bueno, jolasak dira.

Eman dezake izenak eta lekuak zehaztea, deskribatzea, narrazio baten ezinbesteko osagaiak direla, baina zuretzat ez dira. 

Niretzat, ez. Nobela mota batean, bai, eta lekuak ere garrantzitsuak dira, baina, hemen, batez ere pertsonak daude, eta haien ezintasunak, eta iruditzen zait horiek hemen edo han oso antzekoak behar dutela izan. Pertsonetan arreta jartzen dudanean, pertsonetan ari naiz jartzen, eta ez hainbeste inguruan duten horretan, ez zait garrantzitsua iruditzen.

Hasieran, buruan zenituenean, pertsonaiak askoz garatuagoak zenituen? Bazuten biografiarik?

Bai, bazuten. Ez nituen idatzita e, baina buruan bai, jakina. Nik badakit nolakoa den autobidetik eroritako harri batek semea hil dion ama horren bizitza jaio zenetik hori gertatu arte. Nik badakit, baina nahi dudana da zuk imajinatzea zuk nahi duzun bezalakoa. Nik kontatu dut zer gertatu zaion istorioaren une jakin batean; gainerakoa imajinatu zuk, egin zuk zerbait, ez dut dena nik egingo.

Narrazio gehienetan emakumeak dira protagonista. 

Hala ateratzen zait, ez da ezer bilatua. Protagonista bakarra da gizona, eta hori ere hala atera da. Beti idatzi izan ditut emakumeei buruzko istorioak, eta ez gizonenak idazteko gai ez naizelako; emakumeenak interesatzen zaizkit batez ere, eta gero eta gehiago, iruditzen zaidalako baditugula kontatu ez diren zenbait gauza kontatzeko. Asko, gainera, adin batetik aurrerakoak dira. Eta gure gizarteak onartuko ez lituzkeen erabaki edo jarrerak hartu dituztenak.
Horiek interesatzen zaizkit. Polonian ipuin jaialdi batean izan nintzen, eta andre batek esan zidan deigarria egin zitzaiola nire liburuko protagonista guztiak «amonak» zirela —hala deitu zien—, Europan oso gutxi azaldu izan dela amona protagonista; askotan dagoela hor, baina gauza nostalgiko edo haurtzaroko bat bezala, sekula ez amona izaeradunak, gaiztoak, etsipena onartzen ez dutenak. Emakumeak pertsonak gara, denak ezberdinak. Alde horretatik, asko interesatu zait protagonista moduan, eta adin batekoa, ez etxean biloben zain dagoen amonatxoa. Nahi ditut amonak esango dutenak: «Iritsi naiz honaino, baina hemendik aurrera ere bizi nahi dut». Nire adineko jendea ikusten dut ere, esanez: «Tira, adin honetara iritsita... honetara ezkero...». Honetara ezkero, zer? Bizirik zaude, ondo zaude... egin gauzak ahal duzun neurrian! Bueno, hori pentsatzen dut teorian, orduan, horretatik asko dute nire amonek.

Oro har, honetara ezkero egoeran jarri dituzu pertsonaiak, dauden lekutik atera ezinik bezala... 

Bai, kanpotik ikusita, oso erraza ematen du ateratzea, baina hori da mezua, atera hortik, utzi etxe hori, utzi senar hori!

Ez dirudi lekur ederrena egoteko. Istorio bat eraikitzeko bada? 

Ez segur aski hala pentsatuta, baina irakurtzen hasten zara, eta beti ari naiz ezintasun egoerei buruz, egoera patetikoei buruz.

Gure artean zabaldua dagoen jarrera bat iruditzen zaizu honetara ezkero horretan egotea?

Ez dakit, baina baietz iruditzen zait. 20 urterekin ez zaizu iruditzen, baina askotan bizitzak eramaten zaitu ez zuk pentsatu dituzun toki batzuetara, baizik halabeharrez, hobe beharrez... Eta bat-batean plantatzen zara 50 urte pasatxotan, begiratzen duzu atzera, eta esaten duzu: «Mundua jango nuela uste nuen atzo, eta orain hemen nago, isilik edo 'tira, ez nago hain gaizki ere'...». Barkatu? Ezin dut horrekin; ezin dut neronen buruarekin e, ez naiz ari inor salatzen. Eta horren aurka altxatzen naiz. 20 urterekin nuen errebeldia gogo hori —eta ez naiz ari errebeldia politiko, sozial bati buruz, ari naiz gauza txikiekiko errebeldiaz—, berdin-berdina dut barruan. Jende asko ikusten dut inguruan zoriontsu horrela, eta fenomeno iruditzen zait. Problema dut hor zoriontsu sentitzen ez den jendearekin. Orduan, istorio guztiak hortik ateratzen zaizkit, ezin dut saihestu.

Horren kontra altxatzeko modu bat dira zure ipuinok? 

Bai. Ez dakit horrela jasotzen diren, baina nire partetik oihu bat dira. Zer egiten ari gara? Herri honetan gatazkarekin daramatzagu urteak... Gatazkak daude lau paretaren barruan, inork kaso egiten ez dien gatazka txiki horiek, eta denok bizi ditugunak gutxi asko; geure etxeko lau pareten barruko harremanei buruzko gatazka horiek bai konpartitzen ditugu, onerako edo txarrerako.

Lehen ipuin liburutik duzu harremanena gai kutuna. Askotarikoak agertu dituzu honetan ere.

Munduko gairik inportanteena iruditzen zait, bizitza bat zoriontsu edo zorigaitzeko egiteko adinakoa. Bizitzan edozer gauza gertatzen zaizula, txarrena jo dezagun, lagunduko dizun eta konplize izango den jendea baduzu inguruan, salbatua zaude; munduko gauzarik ederrena gertatuta ere, adiskidetasun sare horrek kale egiten badizu, bakarrik bazaude, zer zentzu dauka? Niri munduko gauzarik inportanteena iruditzen zait; zitzaidan, eta zait orain ere.

Jarraitu irakurtzen Berria.eus-en

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!