«Baietz», «ezetz». Taberna giroan, desafioak, hamaika bider paso eman dio apustuari Euskal Herrian. «Ez dakit beste toki batzuetan baino gehiago edo gutxiago, baina euskaldunek garrantzi handia ematen diote ohoreari eta hitzari. Esandakoa bete egin behar da», azaldu du Jose Antonio Azpiazu Juegos y apuestas en la historia de Euskal Herria (Jokoak eta apustuak Euska Herriko historian) liburuaren egileak eta antropologoak. Liburuan datuak, historia zaharrak eta anekdotak bildu ditu: kasurako, Markinako emakumeen karta jokoak, XVIII. mendeko Etumeta eta Irurriotz arteko idi probak eta 1890. urteko ondarroarren eta donostiarren arteko estropada: 25.000 pezeta (150 euro) jokatu zituzten zeharka egindako apustuak kontuan izan gabe, eta herri osoaren ohorea.
«Gustatzen zaigu euskaldunei apustuen liturgia», gaineratu du Xabier Orbegozo Arria V.a aizkolariak. Alatzne Etxaburua segalariak ere gozatu egiten du apustuetan, nahiz eta onartu lehia hasi arte gaizki pasatzen duela: «Epaileak hasteko agindua ematen duenean, segan gozatu egiten dut». Andres Osa Sakonaherri kirol kazetariarentzat, jokoa euskaldunen izaeraren parte da.
Ez da ohitura berria. «Seguru asko, apustuak zaharragoak dira, baina dokumentu ofizial zaharrenak XVI. mendekoak dira», dio Azpiazuk. Haserretu eta epaitegietan amaitu zuten apustuenak dira lehen dokumentu horiek. Jokoak anitz dira: idi probak, ahari jokoa, arrauna, billarra, dardoak, karta jokoak... «Jolasa gizakiaren izaeraren parte da. Eta jolasetik apustura, azkar jauzi egiten dugu», azaldu du antropologoak. Ofiziotik apustura ere, tarte txikia dago. «Joko gehienak baserriko eta itsasoko ingurukoak dira. Lana joko bilakatu zuten gure arbasoek». Balea agertzean, aurrena nor helduko, traineruen artean lasterketa hasten zen. Hala sortu ziren estropadak; idiak garraiorako erabiltzen ziren, larreak segatu egin behar ziren, harriak zulatu, egurrak moztu...
«Lan gogorrak ziren, eta sasoi onean egon beharra zegoen», nabarmendu du Azpiazuk. Haren esanetan, horregatik eman izan zaio garrantzi handia euskal gizartean indarrari.
Irakurri erreportajea osorik hemen.