Aire berriak euskal selekzioan

Erabiltzailearen aurpegia Unai Ugartemendia 2018ko api. 17a, 18:09

Eskarmentua eta freskotasuna uztartu ditu mendi lasterketen euskal selekzioak. Euskal Herrian eta nazioartean distira egin duten izenei etorkizun oparoa izan dezaketen gazteak gehitu dizkiete. Tartean dira Aitziber Ibarbia eta Hassan Ait Chaou.

Sasoiko eta indartsu dago mendi lasterketetako euskal selekzioa. 2018ko proba ofizialetan sartuta dabil martxotik, eta emaitzek agerian uzten dute etorkizuna bermatuta dagoela. Lehiaketa bakoitzean izango diren lasterkarien izenak kontuan hartzekoak dira. Lehen aldaketa nagusia hautatzailearen laguntzailearena izan da: Iban Letamendi. Korrika egiteaz gain, Eneko Aliende hautatzaileari laguntzeaz ere arduratuko da.

Beteranoak ez dira falta: Jokin Lizeaga, Oihana Azkorbebeitia, Hassan Ait Chaou, Aitziber Ibarbia eta lehen aipatutako Iban Letamendi. Gazteek, baina, haize berria emango diote selekzioari.

Munduko Kopan arituko dira aipatutako lehen hiru korrikalariak; beste biak, berriz, Espainiako Kopan arituko diren korrikalari gazteei euren esperientzia kutsatzen saiatuko dira. Espainiako Kopan ari dira buru-belarri, Zegama-Aizkorrin Munduko Kopako lehen proba jokatu aurretik.

AITZIBER IBARBIA (Zizurkil, Gipuzkoa, 1977)

Nola antolatu duzu denboraldia?
Denboraldia antolatu nahian nenbilela, pneumonia bat harrapatu dut eta hankaz gora jarri dit denboraldi hasiera. Beraz, oraindik ez daukat ezer antolatuta.

Nola joan dira orain arte egindako lasterketak?
Otsaileko bi lasterketa baino ez ditut egin, eta balio izan zidaten konturatzeko lan handia neukala egiteko.

Zein lasterketa egingo dituzu denboraldi honetan?
Munduko Kopakoak egin nahiko nituzke, baino, horretarako, lan handia daukat egiteko.

Zein izango dira helburu nagusiak?
Lau aste egon naiz geldirik, eta ea gorputzak buelta nola ematen dion. Horren arabera finkatuko ditut helburuak.

Zerekin konformatuko zinateke denboraldi honetan?
Maratoiaren distantziatik goragoko lasterketei gustua hartzea ez litzateke txarra! Horrekin gustura geldituko nintzateke.

Erreportaje osoa Berria.eus-en

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!