Garbiñe Ubeda, Euskal Idazleen Elkarteko lehendakari berria

Erabiltzailearen aurpegia Berria 2018ko mar. 18a, 12:20

Datozen lau urteotan beteko du ardura hori Ubedak, EIEren batzar orokorrean aho batez erabaki dutenez. Nora Arbelbide, Ana Galarraga eta Peru Iparragirre ere batu zaizkio Zuzendaritza Batzordeari.

Euskal Idazleen Elkarteak (EIE) Jasone Osoro izan du lehendakari azken lau urteotan. Haren lekukoa hartuta, Garbiñe Ubeda Goikoetxea (Tolosa, Gipuzkoa, 1967) izango da elkarteko lehendakari berria aurrerantzean. EIEko kideek aho batez hartu zuten erabakia, atzo goizean, Bilboko Azkuna zentroan egin zuten batzar nagusian.

Elkartearen zuzendaritzak berak proposatu zuen Ubeda ardura hori betetzeko, EIEk ohar baten bidez jakinarazi zuenez. Kideen babesa lortuta, zeregin horretan ariko da datozen lau urteetan. Kazetari eta diseinatzaile lanetan urte luzez jardun izan du Ubedak —Argia-n eta BERRIAn, besteak beste—, eta hitza eta irudia uztartzea izan du zeregin nagusi sarritan.

Hainbat liburu ere eman ditu argitara urteotan. Negu Gorriak-Ideia zabaldu tour 95 (1995, Susa) izan zuen lehena, zeinetan musika taldeak Europan eginiko biraren eta giroaren kronika jaso zuen. Mila ezker (2009, Susa) izan zuen hurrengoa, ezkerra izateari buruzko saiakera; artean, musikan, kirolean eta beste hainbat arlotan ezkerrekoak direnek eragozpenei nola egiten dieten aurre kontatu zuen. Eta Hobe isilik (2013, Elkar) nobela plazaratu zen gero, Agustin Zubikarai sariaren laguntzaz idatzi zuena. Bilaketa bat kontatu zuen nobela hartan, 36ko gerran miliziano ibili ostean, Frantzian galdu zen aitona anarkistaren arrastoaren atzetik dabilen bilobaren bilaketa, hain zuzen.

Ubeda ez ezik, aurrerantzean EIEko Zuzendaritza Batzordeko kide izango diren beste hiru lagun ere aukeratu zituzten elkartekideek atzoko batzar nagusian: Nora Arbelbide BERRIAko kazetaria eta idazlea, Ana Galarraga Elhuyarren zientzia-komunikatzailea eta Zarauzko Literaturia jaialdia antolatzen aritzen den taldeko kidea, eta Peru Iparragirre idazlea eta BERRIAko literatur kritikaria. Baina bestelako gaiak ere izan zituzten hizpide bilkuran; besteak beste, aurrekontuen eta elkartearen egitasmoen inguruan jardun zuten.

Ezohiko batzar berezia

Batzar nagusia egin aurretik, ezohiko batzar berezia ere egin zuten Bilboko Azkuna zentroan bildutako elkartekideek. Bazkide gazteen parte hartzea errazteko moduak eta horretarako elkartearen estatutuetan egin beharreko aldaketak izan zituzten eztabaidagai, besteak beste.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!