Pentsiodunak, aurrera egin ezinda, baina etsitzeko asmorik gabe

Erabiltzailearen aurpegia Berria 2018ko mar. 17a, 21:22
Argazkia: Andoni Canellada / Foku

Handiak izan dira Donostia, Bilbo, Gasteiz eta Iruñean pentsio duinen alde egin dituzten manifestazioak. Adin guztietako jendea elkartu da, eta jendetzaren artean nekez egin dute aurrera une batzuetan. Gogor daude, eta argi utzi dute ez dutela etsitzeko asmorik. Tolosaldetik ere hainbat autobus joan dira Donostiara.

Manifestazioak jendetsuak izan dira. KPIaren araberako igoera aldarrikatu dute, eta "adar jotzetzat" jo dute Espainiako Gobernuak 2018an ezarri duen %0,25eko igoera. Gutxieneko pentsioa 1.080 eurokoa izatea ere aldarrikatu dute. Eskaerak lortzeko, mobilizatzen jarraitzera dei egin dute, gainera.

Herri batzuetan ere egin dituzte manifestazioak. Esate batereko, Eibarren (Gipuzkoa). Han 3.000 pertsona elkartu dira, antolatzaileen arabera, eta herrian inoiz izan den manifestaziorik handienetakoa izan dela esan dute bertakoek.

Hainbat alderdik eta sindikatuk bat egin dute deialdiarekin. Hala nola EH Bilduk, PSE-EEk, Ahal Dugu-k, Geroa Baik, Ezkerrak, ELAk, LABek, CCOOk, UGTk... Ordezkaritza zabala izan da manifestazio guztietan. Alderdi politikoez gain, galde taldeak eta talde feministak ere lagun izan dituzte.

Azken bost urteetan pentsioak %0,25 igotzeak eta erosahalmena galtzeak piztu du pentsiodunen sumina. Mariano Rajoy Espainiako gobernuburuak neurri hori aldatzeko asmorik ez duela ziurtatu su aste honetan, eta, gutxieneko pentsioak zein alargunenak igotzeko asmoa adierazi arren, Espainiako aurrekontuak onartzearekin lotu zituen neurriok. Rajoyren hitzek ez dute haserrea baretu, guztiz alderantziz baizik. "Diskurtsoak gu zatitzea nahi zuen. Sinetsita nago indar handiago emango digula kaleko jendeari", esan zuen heregun Bilbon, Andrea Uñak, Bizkaiko Pentsiodunak mugimenduko ordezkariak. "Desmobilizatzea pentsatzen bazuen, kontrako efektua eragin du", esan zuen Manuel Vazquezek, Helduak Krisiaren Aurka plataformako kideak.

Tolosaldetik ere hainbat autobus joan dira Donostiako manifestaziora.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!