«Gizonengan eta andreengan dago artea»

Erabiltzailearen aurpegia Maialen Unanue Irureta 2018ko mar. 15a, 15:24
Argazkia: Josetxo Perez

Berri Txarrak taldearen azken diskoko 'Beude' abestia oinarri hartuta, taldekideei eskainitako horma irudi sorta bat jarri du Balu artistak, omenaldi gisa. Horietako bat Tolosako Bonberenean egin du.

Bartzelona du bizileku azken urte luzeetan Baluk (Ormaiztegi, Gipuzkoa, 1984). Horma irudiak sortzen ditu, eta kalean jarri: AEBetan da egunotan, eta material pixka bat darama maletan, han ere zer edo zer egiteko asmotan. Azken egunotan dezente zabaldu da sarean haren azken esku hartzea: Berri Txarrak-en Beude abestia oinarri hartuta, taldekideen aurpegiak jarri ditu kantuan aipatzen diren leku guztietan.

Ez ziren gutxi izango Berri Txarrak-en irudi horien guztien atzean marketin kanpaina bat dagoela pentsatuko zutenak... Hala da?

[Barreak] Hori esaten didan lehenengoa zara! Egia esan, ez da marketin kanpaina bat, baina egia da eragin handia eduki duen artelan bat izan dela. Orain dela asko pentsatua nuen Berri Txarrak taldeari omenaldi bat egitea, izan duen ibilbideagatik eta beti gustuko izan dudan talde bat delako. Beude abestia entzun nuenean, erabat garbi ikusi nuen zer egin behar nuen: Euskal Herriko hainbat gaztetxe eta kontzertu areto aipatzen ditu kantak. Nire esku hartzeak abestian aipatzen diren toki guztietan daude, Berri Txarrak eta leku horiek omentzeko.

11 leku aipatzen ditu abestiak: denbora pixka bat emango zizun guztietara joateak...

Denbora asko, bai. Lehenengo lana Lekunberrin jarri nuen, Kantinan, eta hurrengoa Durangon, Plateruenan. Berriz etxera bueltatu nintzen lan gehiago margotzeko, 11 herri baitira, beraz, 11 lan margotu behar, denbora errekor batean. Hurrengo egunean Gipuzkoa, Nafarroa, Iparralde, Araba eta Bizkaiko herrietara joan nintzen gainontzekoak egiteko; guztira, 700 kilometro baino gehiago.

Zure sormena kalera ateratzen duzu, hormetara. Zergatik?

Artea ez dago museoetan, artea gizonengan eta andreengan dago. Nire lana espazioan oinarritzen da, espazio publikoan hain zuzen ere, non artelanek eta tokiak harreman estua duten: horien barruan beste kontzeptu batzuk daude, beraz, gai garenean artelanak eta tokiak duten mamia ikusten, zentzu berri batzuk sortzen dira, era poetiko batean. Esku hartze batzuetan berezko zentzua edo esanahia duten gauzei esanahia erabat aldatu diet, umore kutsu batekin. Beude abestiaren kasuan, adibidez, esan dezakegu abesti bat fisiko bihurtu dela non artearen bi diziplinak elkarri eskua eman dioten, pinturak eta musikak.

Zenbat denbora hartzen dizu esku hartze bat lantzen hasten zarenetik bukatu arte?

Geruzak mozten, 6-7 ordu, eta, gero, papera margotzen, beste ordu bat. Esku hartzea tokian jartzeak ez du berez denbora asko eramaten, paper margotua itsatsi besterik ez baita egin behar: asko jota, bost minutu. Baina Beude-ren kasuan, denbora gehiago eskatu zidan tokietara joateak lana egiteak baino.

Jarraitu irakurtzen Berria.eus-en

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!