Eztanda giroko egunak

Erabiltzailearen aurpegia Itziar Ugarte Irizar 2018ko mar. 11a, 17:01

Karlos Linazasorok '6012' eleberri laburra plazaratu du, 1978an gertutik bizi izan zuen tren istripu bat abiapuntutzat hartu eta fikziora eramanda.

Karlos Linazasoro (Tolosa, Gipuzkoa, 1962) nerabea zela, tren istripu batek hankaz gora jarri zituen haren sorterria eta inguru guztia. 1978ko martxoaren 28a zen. Goizaldeko ordu bata eta erdiak inguruan, 6012 zenbakia zeraman merkantzia tren bat errailetatik atera zen Tolosan, eta lehergailu arriskutsu bat utzi zuen trenbidearen erdian: 55 tona azido zianhidriko zeramatzan zisterna bat. 15 urte zituen Linazasorok, eta, aita herriko udal batzordeko presidentea zuenez, gertaeraren ondorengoak lehen lerrotik bizi izan zituen. «Etxean bizi izan genuena dramatikoa izan zen», gogoratu du, egun haietatik ia 40 urte betetzear direla. Aspalditik zekien inoiz kontatuko zuela istorio hura, eta kontatu du: ehun orrira iristen ez den 6012 eleberri laburra kaleratu du, Erein etxearekin.


«Bonba atomiko txiki bat». Halako efektua izan zuen errailen erdian gelditu zen lehergailuak herritarrengan, Linazasororen arabera. «Errealitatea da 50 tona azido zianhidriko zeramatzan zilindro hura ez zela lehertu. Zorionez, Tolosa eta Tolosaldea birrintzeko indarra baitzeukan bonba hark. Benetan arriskutsua zen, eta Tolosa erdi-erdian geratu zen, geltokiaren eta apeaderoaren artean».

Lehertu ez bazen ere, egoera «ia-ia kaotikoak» ekarri zituen: azido zianhidrikoaren ihesak egon zitezkeela zabaldu zen, jende askok alde egin zuten herritik, geltoki ondoan bizi zirenen etxeak hustu zituzten... Gezurrek, zurrumurruek, mehatxuek eta bestelakoek giroa gaiztotu zuten herrian, eta kaleko kaosari etxe barrukoa gehitu zitzaion linazasorotarrenean. Aitak eta udaletxeko beste kargudunek herritik ihes egin zutela zabaldu zenean, esaterako. «Aitari istripuaren ondorengo erabaki asko hartzea tokatu zitzaion, eta trenbidean pasatu zituen bizpahiru egun, oso larriak». Egun haietako argazkiak eta paperak karpetetan gordeta eduki ditu urte luzez egileak.

Istorio «zinematografikoa» da 6012 trenak utzi zuena, egilearen iritziko, eta, horregatik, istripuaren tentsioak dakarren suspensea eta intriga bihurtu ditu kontakizunaren hari nagusia; batez ere, egoera hartan hartu behar izan ziren erabakien katean oinarritu du narrazioa.

Jarraitu irakurtzen hemen

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!