«'Made in Spain' markatik bereiztea garrantzitsua da guretzat, eta positiboa»

Erabiltzailearen aurpegia Xabier Martin 2018ko ots. 25a, 13:33
Berria.eus - MIKEL ARRAZOLA / IREKIA

Eusko Jaurlaritzak nazioartekotzeko estrategia berritu du, euskal enpresak eraginkorragoak izan daitezen atzerriko merkatuetara ateratzean. BTIk jomugak sailkatu ditu, lehentasunak ezarrita.

Basque Trade Invesment agentzia koordinatzen hasi da Eusko Jaurlaritzaren nazioartekotzeko alor guztia, baita SPRI barneratuta ere, eta Ainhoa Ondarzabalek (Tolosa, Gipuzkoa, 1968) hartu du agentziaren zuzendaritza. 2017an euskal esportazioek izan dituzten kopuru bikainek aurten ere segida izango dutela azaldu du.

Esportazioak errekor kopuruetan dira. Euskal enpresa nazioartekotzeko ahaleginak emaitzak eman dituela ematen du. Gustura?

Frogatua dago nazioartekotzeari heldu dioten enpresek hobeto jasan dutela krisi egoera. Lehiakor izaten laguntzen du atzerrira saltzera ateratzeak, eta, bai, oso gustura gaude emaitzak ikusita.

23.857 milioi euro esportazioetan, iaz baino %10 gehiago. Horrelako hazkundeari eutsi ahal izango zaio aurten?

Intergune+ nazioartekotze foroa egin berri dugu, eta mundu zabaleko eragile askorekin egon gara. Dinamismoa izugarria izan da. Ez dakit 2018ko zenbakiek gora egingo duten, baina kopuruei eutsiko zaiela bai.

Esportatzeko sukarra dagoela ematen du. Zergatik da positiboa sukar hori?

Esportazioa enpresen nazioartekotzearen emaitza da, eta nazioartekotzea ez da aukera bat, obligazio bat baizik. Zergatik? Lehiakor egiten garelako munduko lehiakideekin lehiatuz. Hobeak egiten gara berrikuntzan, teknologian, zerbitzuetan... Azkenean, indartzen gara, eta merkatuak irekitzen jarraitzen dugu, bezeroen poltsa handituz. Merkatuak dibertsifikatzeak egonkortasuna ematen dio enpresari. Onurak asko dira, eta askotarikoak.

Basque Country marka baliatzeko eskatu diezue enpresei. Zer abantaila dauka Made in Spain erabiltzearen aldean?

Guretzat, oso garrantzitsua da marka propioa edukitzea. Marka hori ezagutarazi egin behar dugu munduan. Gure enpresak dira gure enbaxadorerik onenak; oso ondo ari dira, hemen eta kanpoan, baina baita enpresa ez hain handiak ere, negozio zehatzak aurkitu baitituzte. Haien irudi ona Euskal Herriaren markarekin lotzea oso positiboa da guretzat: kalitatea, seriotasuna, fidagarritasuna... hainbat bertute lotzen dira herrialdera. Gainera, garrantzitsua da Made In Spain markatik bereiztea, gure kalitatea, gure bertuteak beste batzuk direlako, herrialde industrial batenak. Desberdintzea positiboa da.

Lehentasunen arabera sailkatu dituzue munduko merkatuak. Nora esportatzea komeni da?

Oraintxe, Europako merkatuetara ari gara esportatzen gehien, Alemania eta Frantziara; gero, AEBak daude, baina laugarren lekuan Italia dago, berriro Europa. Mexiko eta Brasil ere pisua hartzen ari dira. Jomugak dibertsifikatu egin behar dira. Garatzeko bidean dauden herrialdeekin euforia moduko bat egon da, aukera oso onak egon direlako, baina baikortasun handiegiz aztertu dira akaso negozio horiek, arazo handiak dituztelako gauzak egonkortasunez egiteko. Horregatik, estrategia konbinatua behar da, herrialde industrialetara ere joaz. Haietan saltzea zailagoa da agian, baina beste baldintza batzuk daude lanerako.

Jarraitu irakurtzen Berria-n.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!