«Mezua argiago iristen da zeure kantuak jota»

Erabiltzailearen aurpegia Miren Garate 2018ko ots. 24a, 10:25

Iker Piris tolosarra The Romanticos taldeko abeslari eta gitarra jotzailea da. Azken diskoan, bertsiorik ez dute sartu, eta kantu propioak soilik jotzen dituzte zuzenekoetan ere. Modu horretan, proiektuak «nortasun handiagoa» duela uste dute.

Urteroko ohiturari eutsi, eta aurten ere Blues Gaua antolatu dute Zizurkilen (Gipuzkoa). Batetik, Shirley Davis & The Silverback izango da, gaur, Egarri tabernan (00:30); eta, bestetik, Iker Piris tolosarra buru duen The Romanticos, Pasus tabernan (23:00). Hirukotetak iazko maiatzean argitaratu zuen Good Vibration diskoa, orain arteko hirugarrena. «Naturala eta organikoa» atera zaiela azaldu du Pirisek, besteak beste, molde zaharrean grabatu dutelako, kontzertu batean baleude bezala.

Orain arteko lanik «eklektikoena eta partikularrena» dela esan izan duzu. Zer gehiago esango zenuke Good Vibrations diskoari buruz?

Bluesean, normalean, bertsioak egiten dira, edo besteen kantu zaharrak moldatzen dira. Aurrekoekin konparatuta, disko honen berezitasuna da ez daukala bertsiorik. Zuzenekoetan ere ez dugu egiten bertsiorik eta moldaketarik; agian, baten bat noizbait, baina beti gure kantuak jotzen ditugu.

Zergatik erabaki duzue hori?

Neure ekimena izan da, zeren eta ikusten nuen neuk sortutako kantak jotzen nituenean hobeto sentitzen nintzela. Proiektuak beti nortasun handiagoa izaten du norberak sortutako kantak dituenean; azkenean, zure mezua argiago iristen da zeure kantuak jota.

Nolakoa izan zen grabaketa?

Oiartzunen grabatu genuen, Mecca estudioan. Niri gustatzen zait musika hau kontzertu bat balitz bezala grabatzea, estudioan denek batera joz. Horrek daukan puntu ona da beti naturalagoa eta organikoagoa geratzen dela; puntu txarra, berriz, ezin duzula editatu, akats bat baldin badago, hor geratuko da, baina, hala ere, niri gustatzen zait.

Molde zaharrean grabatutako diskoa da, beraz.

Hasieran, 1940ko hamarkadan, mikrofono batekin egiten ziren grabaketak. Abeslaria mikrofonotik oso-oso gertu jartzen zen, eta lortu nahi zen nahasketaren arabera, metalak pixka bat urrutiago, kontrabaxua gertuago... Teknologia hobetzen joan zen heinean, hasi ziren hiru mikrofono erabiltzen, soinuak baztertzeko panel batzuk erabiltzen... Orain ere egin daiteke mikrofono batekin; badago jendea egiten duena, baina oso zaila da.

Zuek grabatu bezala grabatzeak kontzentrazio handia eskatuko du, ezta?

Grabatu aurretik, aste guztia biran eman genuen, jotzen, eta grabatzen hasi behar genuenean, gaixotu egin nintzen. Orduan, grabaketako lehen egunetik uste dut kanta bakar bat atera zela, eta ondoren, disko guztia goiz batean grabatu genuen.

Hirukotea zarete. Adrian Carrerak bateria jotzen du, eta Ricky Avilak baxua. Zer esango zenuke haiei buruz?

Adrian orain dela sei urte-edo ezagutu nuen, Madrilen. Oso gaztea izan arren, kristoren bateria jotzailea da, egundoko talentua dauka, eta ziur nago hemendik urte batzuetara penintsulako bateria jotzaile onenetakoa izango dela. Ricky umetatik ezagutzen dut. Nire aita eta emaztea Extremadurako herri batekoak dira, eta bai hark eta bai nik han pasatzen genituen udak. Sekulako musikaria da: saxoa jotzen du, gitarra, baxua...

Madrilgoak dira biak. Egia da entseatu gabe grabatu zenutela diskoa?

Bai, egia da, uste dut hiru urtean entsegu bakarra egin dugula. Normalean, kanta bat sortzen dudanean, nire home studio-an grabatzen dut. Gero, audio track bat bidaltzen diet haiei, entzuten dute, eta soinu probetan probatzen dugu, edo bestela zuzean jotzen dugu. Belarriak ireki, eta batzuetan akatsen bat egoten da, baina ezagutzen dugu elkar, eta ez dugu asko hitz egin beharrik kantu batek zer norabide eduki behar duen jakiteko. Talde bateko soinuak uztartzeko, nik uste dut inportanteena dela asko jotzea elkarrekin.

Orduan, asko inprobisatuko duzue kontzertuetan.

Inoiz ez dugu jotzen kanta bat hasierarik bukaerara berdin, inoiz ez.

Badu estimurik bluesak Euskal Herrian?

Jarraitu irakurtzen, berria.eus-en

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!