«Egunero-egunero kozinatu ditugu babarrunak, 25 urtez»

Erabiltzailearen aurpegia Itziar Ugarte Irizar 2018ko ots. 3a, 12:07
berria.eus - JUAN CARLOS RUIZ / ARGAZKI PRESS

Tolosako Fronton jatetxeko sukaldaria izan da Ruiz azken mende laurdenean, lokalaren udal baimena amaitu zaien arte. Hika txakolindegian irekiko du haren taldeak jatetxe berria, laster.

Fronton jatetxeko telefonoa markatuz gero, inork ez du hartzen bestaldetik. Urtezaharrarekin batera amaitu zitzaion Tolosako (Gipuzkoa) jatetxe enblematikoenetako bati 25 urterako baimen administratiboa. Roberto Ruiz (Beasain, Gipuzkoa, 1968) izan da hango sukaldaria hasieratik, eta babarrunen «gotorleku» bihurtu du jatetxea. Are gehiago, herriko bizitzaren parte ere bihurtu da Fronton.

Abenduaren 31tik itxita dago Fronton jatetxea. Nolakoa izan da amaierako etapa?

Berez, martxora arte luzatzeko aukera izan dugu, baina ez dugu nahi izan; hona iritsita, lehenbailehen amaitu nahi genuen, gure artean antolatu ahal izateko. Jatetxea nola kafetegia Beotibar pilotalekura itsatsita daude, eta udalaren kontzesioa da, lehiaketara irteten dena. Lehen egunetik jakin dut 25 urte barru amaituko zela baimena. Hala, azken urteetan, catering zerbitzu bat eta beste jarduera batzuk abiarazi ditugu.

Saiatu zarete negoziatzen Frontonen bizitza luzatzeko?

Kontu administratibo bat da, eta prozesu oso bat du atzean, berriz lehiaketara irten aurretik. Hasieran, luzatzearen aldeko apustua egin nahi genuen, baina egoera ez da asko argitu, eta apurka-apurka aldenduz joan gara.

Baduzue proiektu berriren bat esku artean?

Bai. Gure asmoa da jatetxe berri bat irekitzea martxo-apiril aldera, Villabona-Amasako Hika txakolin upategian. Eraikin berezia da, zeinetan sukaldaritzari lotutako jarduera bat zabalduko dugun, egunerokora bideratuta. Saiatuko gara, Fronton Tolosan izan den moduan, hau ere leku enblematiko bat bihurtzen, bertako produktua defendatuko duena, mahasti artean, bere baratze eta guzti... Ilusioz gaude berriz marka gastronomiko bat egiteko, erreferentea izango dena.

Erabat itxi da Frontonen etapa?

Guztiz itxita dago, bai. Ez dagoelako ezer argi; ez dago kontzesiorik irekita, ez dago inbertsiorik... Hamar laguneko talde bat gara, eta ezin gara zain geratu: lanean jarraitu behar dugu. Hikan jarri dugu ilusio guztia orain.

Badago aukerarik, lehiaketa argitutakoan, Fronton eta Hikako jatetxeak paraleloki hartzeko? 

Ez da sartzen gure planetan. Beti konprometitu gara gure inguruarekin, maila gastronomikoan eta sozialean, eta ezin da egon erdizkako konpromisorik.

Zein da, bada, Frontonen 25 urteko balorazioa?

Uste dut Tolosako historia gastronomikoaren parte garrantzitsua izan dela. 25 urtean egitasmo askoren garapena bizi izan dugu; azokena, babarrunarena... Etapa eder bat izan da, bukatu dena.

Babarruna izan da zuen izarra?

Egunero-egunero kozinatu ditugu babarrunak, 25 urtez. Babarrunaren gotorlekua izan da Fronton. Bandera hori gidatu dugu, produktu hori gaur dagoen lekura eraman arte. Baina baita gazta edo errege sagarra bera ere. Azkenean, bertako produktuen eta sukaldaritzaren erakusleihoa izan gara hasiera-hasieratik.

Zer aurkitu duzu, sukaldari gisa, babarrunaren bidez?

Babarrunak herrialde askotara eta azoka eta kongresuen agertokietara eraman gaitu. Nolabait, atzeragoardiatik abangoardiara igaro gara. Baina, batez ere, baserritarren unibertsora hurbildu gintuen hasieratik; ezagutzen duzun eta, aldi berean, ezagutzen ez duzun sektore horretara. Gure plater sinbolikoenak, ardi latxarena, esaterako, babarrunak lehen sektorera hurbildu gintuelako lortu ditugu.

Bertako produktuaren aldeko aldarriak ez al du lortu leku garrantzitsu bat gaur egun?

Oso modan dago, eta ona da. Guk diskurtso hori errealitate bihurtzea lortu genuen, duela 25 urte.


Jarraitu irakurtzen berria.eus-en

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!