«2022ko Paralinpiar Jokoetan pentsatzen jarriko naiz erabat»

Erabiltzailearen aurpegia Unai Ugartemendia 2018ko urt. 30a, 09:54
Argazkia: Gorka Rubio / Argazki Press

Ibon Mugertza tolosarrak kolpeak eta mugak gainditzea erabaki du. Paralisia dauka eskuineko besoan, baina snowboardean eta surfean aritzen da. Paralinpiar Jokoak ditu amets.

Snowboardeko ohola eskuan agertu da Ibon Mugertza (Tolosa, Gipuzkoa, 1984), baina itsasora begira jarri da azkar batean. Surfa ere oso gustuko baitu Zarautzen bizi den tolosar honek. Jada hamabi urte dira moto istripu baten ondorioz besoan elbarritasuna duela. Une garratz asko pasatzea tokatu zaion arren, irribarrea oraindik ere ez du galdu. Bizitzak eman dion bigarren aukera ez du alferrik galdu nahi.

Nola gelditu zinen elbarri?

21 urterekin moto istripua izan nuen, Donostian, lagun batekin. Nik kolpea besoan hartu nuen; lagunak, berriz, buruan. Bizi guztirako paralisia edo hemiplegia bat gelditu zait eskuineko besoan. Oso zorte txarra izan genuela pentsatu izan dut askotan; beste askotan, berriz, zein zorte ona izan genuen, bizirik gaudelako. Hala ere, ezin ditut irudi haiek ahaztu: 02:00ak, iluntasuna, lurrean erorita, sakelakoa hogei zentimetrora lurrean eta hura hartzeko gai ez nintzela...

Kirolaria al zinen istripua izan arte?

Bai; gainera, beti nuen buruan kirola serioago hartzea. Hala ere, denbora-pasa zen kirola orduan. Surfa eta snowboarda egin ditut betidanik.

Nolakoak izan ziren istripuaren ondorengo egunak?

Ospitaleratzea hamabost egunekoa izan zen. Izugarrizko minarekin pasatu nituen lehen egunak, eta hiru edo lau aldiz morfina eman behar izan zidaten. Ez zekiten mina nondik zetorren. Besoa hilda balego bezala nuen. Sei egunetan ez zidaten ezer esan; ez zekiten istripuaren larritasuna. Minaren barealdia iritsi zenean, hamabost egunera, lesio larria zela esan zidaten, bizkarrezurretik besoraino doazen nerbioak hautsiak nituela. Donostian ez zegoen lesio horretan aditurik, eta, hilabetera, Bartzelonara bidali ninduten kontsulta batera. Han egindako proba batekin lesioa nolakoa zen esan zidaten: oso lesio larria.

Nola gogoratzen dituzu egun haiek?

Zainketa intentsiboetako unitateko egunak gogoratzen ditut. Hamabost egunera utzi nuen ospitalea, baina lagunak bost hilabete pasatu zituen. Ia egunero joaten nintzaion bisitan. Oso oroitzapen arraroak ziren, gogorrak, baina onak ere bai. Oso une politak bizi izan genituen, aurrerapen txikiena ere aurrerapen handia zelako.

Istripua izan eta gutxira, surfean probaren bat egin zenuen.

Bai. Uda zen. Istriputik hiru hilabetera, laguna bisitatu nuen Arrasaten. Izugarrizko tristurarekin itzuli nintzen. Etxera joan, eta bainu bat hartzeko asmoz jaitsi nintzen hondartzara. Bidean, lagun bat ikusi nuen surfeko oholarekin uretatik irteten. Ikusi orduko, bota nion: «Utziko al didazu probatzen?». Hark, ondotik: «Ziur zaude?». Baietz erantzun nion. Taula hartu, uretara sartu, eta lehenengoan zutik jarri nintzen. Sekulakoa izan zen ! Hurrengo egunean ohol berri bat erosi nuen [barreak]. Berdin zitzaidan berriro noiz hasiko nintzen, baina argi nuen berriro ere gai izango nintzela surfean aritzeko.

Hainbeste denbora geldirik egon eta gero, gogorra izango da berriro ere itzultzea.

Istripua 2005eko maiatzean izan nuen, eta urtebete pasatu nuen ia geldirik. Neguan prestatzen hasi nintzen, 2006ko udan berriro ere surfean aritzeko. Ebakuntza egin zidan medikuak baimena eman zidan berriro ere surfean aritzeko, baita errehabilitazioan ondoan izan nituen profesional guztiek ere. Harritu ninduten. Gauza bitxia izan zen: profesional denek baietz, hasteko esaten zidaten; ingurukoek, berriz, erokeriarik ez egiteko, min hartuko nuela. Lehenengoei egin nien kasu, kirola egiteak burua asko lasaitzen baitzidan. Hurrengo urtean mendian korrika egiten ere hasi nintzen nire kasara, baita mendiko bizikletarekin ere.

Geldirik zinela, Patxi Usobiaga ezagutu zenuen. Nola?

Bere lesioengatik eskalada utzita egon zen lehen urtean, surfa egiten hasi zen. Uretan ezagutu genuen elkar. Oso adiskidetasun polita sortu zen. Berarentzat, oso aberasgarria zen ni, nengoen egoeran, surfean ikustea. Eta niretzat berriz, izugarria zen munduko txapeldun izandako eskalatzaile bat surfean ikustea. Biok antzeko egoeran geunden, eta elkarrekin denbora asko pasatzen hasi ginen. Eskalatzera eramaten ninduen, nahiz eta berak ezin zuen eskalatu. Gezurra badirudi ere, istripua izan aurretik baino hobeto eskalatzen hasi nintzen. Eskaladako teknika ikasi behar izan nuen, nituen gabeziengatik.

Eta snowboardean hastea, nola izan zen?

Istripua izan eta hiru urtera hasi nintzen. Bartzelonako medikua ere eskiatzailea zen, eta hark asko animatu ninduen probatzera. Gainera, behin, telebista ikusten ari nintzela, 2010eko Vancouverko Paralinpiar Jokoetan [Kanada] jada snowboarda sartu zutela ikusi nuen, programa ofizialean ez bazen ere. Pentsatu nuen: «Eta nik zergatik ez?». Gainera, Formigaleko eski estazioan ez nuen forfait-ik ordaindu behar, %54ko elbarritasuna onartu zidatelako.

Oso ezberdina al da besoa erabili ezinik snowboardean aritzea?

Ohola berdina da, baina besoen lana erabat aldatu zait: ez dut indarrik giharrean, ez mugikortasunik, ondo babestuta eta lotuta eraman behar dut... Askoz ere teknikoagoa izatea eskatzen du.

Noiz erabaki zenuen lehiatzen hastea?

2014ko Sotxiko [Errusia] Olinpiar Jokoetan. Beti gustatu izan zait lehiaketetako giroa. Haiek ikusi eta gero, hor egon nintekeela pentsatzen hasi nintzen. Aitor Puertas eta Urko Egea euskaldunak han izan ziren. Inbidia sanoa sentitzen nuen haiek telebistatik ikustean.

Baina nork deitu zizun Espainiako selekziorako?

Karanbola antzeko bat izan zen. Astrid Fina ezagutu nuen Patxi Usobiagaren bidez. Fina, ordurako, Espainiako selekzioan zegoen, eta Sochiko Paralinpiar Jokoetan ere parte hartu zuen. Hanka bat falta du. Harremanetan jarri ginen, eta azkar batean galdetu zidan, surf egiten banuen, zergatik ez nuen snowboarda ere egiten. Asko animatu ninduen Espainiako hautatzailearekin, Albert Mallorekin, hitz egitera. Mallolek, nire sare sozialetako soslaiak ikusi eta gero, esan zidan ez zuela gehiago ikusi beharrik. Probak egitera gonbidatu ninduen Baqueirara [Lleida, Herrialde Katalanak], eta emandako datu fisikoekin oso gustura gelditu ziren.

Jarraitu irakurtzen berria.eus-en

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!