«Eskola Txikiak bide onetik goaz»

Erabiltzailearen aurpegia Berria 2018ko urt. 28a, 15:11

Mikel Goñi Sagastume Eskola Txikietako irakasleen koordinatzailea da. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Eskola Txikiak batzeko asmoz, hiru probintzien arteko sarea osatzen eta indartzen ari dira. Hori izango da datozen ikasturteetako erronka nagusia.

Eskola Txikietan guztira zenbat ikasle aritzen dira?

Ikasle kopuruari dagokionez, interesatzen zaiguna ez da hainbeste kopurua, dauden haurrak herriko edo auzoko eskolara ote datozen baizik. Hala ere, kopuruaren datuen irakurketa egina dugu, eta, gutxi gorabehera, 2.900 ikasle inguru ditugu Eskola Txikietan 2017-2018ko ikasturtean. Datu hori ez da askorik aldatuko datorrenean ere.

Horrek, neurri handi batean, bide onetik goazela adierazten digu, eskolekiko atxikimendu ona dagoela herri eta auzoetan, eta horri guztiari esker gure eskoletan matrikula kopurua egokia da, dagokion lekuan dagokion kopuruarekin. 

Eskola Txikien egoera, oro har, ona da?

Orokorrean, Eskola Txikien egoera ona dela esango nuke nik. Gure arteko interakzioa, koordinazioa eta formazioa izan dira geroz eta Eskola Txiki hobeak izateko bidea orain artean, eta halaxe izatea nahi dugu etorkizunean ere.

Bide horretan, ordea, badugu aski lan. Izan ere, hiru probintzien arteko sarea sortzeko eta indartzeko erronka mahai gainean jarri genuen 2017ko ekainean. Ordura arte, bereziki ibilbide oparoa izan zen Gipuzkoako Eskoa Txikietan; behintzat eskolen arteko interakzioari eta koordinazioari begiratzen badiogu, Gipuzkoa izan da erreferente nagusia. Horren onurak ikusirik, hiru probintzietako Eskola Txikiak batzeko beharra sumatuta, ahalegin horretan lanean hasi ginen, eta Euskadiko Eskola Txikien etorkizuna eta hori guztia aurrera eraman ahal izateko sarea irudikatzeko proiektu bat sortu genuen guztion artean, eta 2017ko ekainean antolatutako Eskola Txikien topaketan aurkeztu.

Harrera ona izan zuen proiektuak; horri martxa eman nahian gabiltza orain, eta horretan arituko gara datozen ikasturtean ere. Proiektuak ondoko definizioan biltzen ditu Eskola Txikian: “Adin aniztasuna bultzatzen duten eskolak dira, tamaina txikikoak eta landa eremuan kokatuak; eta hiru ezaugarri horiei esker lan on bat egiteko aukera ugari dituzte”. Horrek, ordea, aniztasun handia eskatzen du, eta aniztasuna aberastasuna da, noski, baina hori guztia lantzeko laguntza gehiago behar dugu. Proiektu hau aurrera eramaten lagundu ahal izateko beste koordinatzaile baten beharra sentitzen dugu, eta horren esperantzan gaude ikasturte honetan.

Eskola Txikietan egiten ari diren berrikuntzen artean, zer azpimarra daiteke?

Urtero egiten ari gara berrikuntzak eskoletan, gehienak arlo metodologikoari lotuta. Berrikuntza horiek bide desberdinak hartzen badituzte ere, momentu honetan gehienek hiru hausnarketa gai nagusiri erantzuten diotela uste dut adin aniztasuna, txikitasuna eta landa eremuan kokatuta aritzea.

Batzen gaituen ezaugarririk garrantzitsuena eta esanguratsuena da adin aniztasuna. Horregatik azpimarratu nahi izan dugu gure definizio propioan ere: “Adin aniztasuna bultzatzen dugun eskolak gara”. Horrek gure geletako aniztasuna aberastu egiten baitu, eta ikaslea ikusteko eta berarekin aritzeko beste modu bat eskatzen digu, gaur egun askotan aipatzen ditugun konpetentzien garapenean zentratua, hain zuzen ere; haurra bere garapenean dagoen lekutik abiatu eta bere garapen prozesuan aurrera egiteko bideak bilatzera behartzen gaituena, hain zuzen ere. 

Ikasleen aniztasuna aprobetxatu nahi dugu, bakoitzak beretik eman ahal izan dezan, konpetibitateari ateak itxiz kooperatzeko aukerak zabalduz. Horri lotuta datoz azken urteetan eskoletan egiten ari garen aldaketetako asko. Adin aniztasuna aberatsa dela ikusi dugulako ari gara geroz eta gehiago bilatzen geletan, bai denborari dagokionez, eta baita adin tarte zabalagoari dagokionez ere. 

Hausnarketarako bigarren gaia txikitasuna da, txikitasunaren aspektu kualitatiboak mantentzea eta indartzea, hain zuzen ere. Gertuko erlazioak, konfiantzazkoak. Ikasleak ondo ezagutzeko parada daukagu gure eskoletan, eta hori aprobetxatu behar dugu gure eskolen hobetze prozesuetan.

Landa eremuan kokatuta egotea, berriz, aldaketa berriak egiten jarraitzeko beste bide bat dela uste dugu. Gure eskolak dauden lekukoak dira, eta dauden leku horretan jardun beharrean daude, bertan ikasiko baitute ondoen haurrek. Ikaste prozesuak gertatzeko diseinatzen ditugun proiektuak eta lan asmoak, beraz, gure inguru hurbiletik abiatzea inportantea dela uste dugu, eta hori hobetzeko ari gara pauso berriak egiten. Geroz eta gehiago saiatzen gara eskoletan ikasleek euren inguru hurbil hori ikergune gisa erabili ahal izan dezaten.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!