«Aizkorak behar zuen horrelako apustu bat»

Erabiltzailearen aurpegia Unai Ugartemendia 2018ko urt. 24a, 08:51
Argazkia: Marisol Ramirez / Argazki Press

Bi aste pasatxo joan dira Iker Vicentek eta Xabier Orbegozo Arria V.ak apirilaren 8rako apustua itxi zutenetik. Egun horri begira, jo eta su ari dira lanean jada Vicente aita-semeak.

Eskolatik iritsi berria da Iker Vicente (Otsagabia, Nafarroa, 1999), eta semearentzako enborrak prestatzetik Daniel Vicente (Ituren, Nafarroa, 1969). Amak berokia eman dio argazkiak atera aurretik, «ez hozteko». Argazkiak ateratzeko zain, bizilagun batek leihotik oihua bota die: «Noren alde jokatu behar da dirua?». «Irabazlearen alde beti», erantzun dio Danielek. Ikusmin ikaragarria sortu da Otsagabian apustuaren aitzakian.

Badago apustua: apirilaren 8an, Tolosako zezen plazan.

IKER VICENTE: Bai. Denbora batez zalantzan ibili ginen, Arria V.ak apustua botako ote zuen ala ez, baina azkenean botatakoari eutsi eta Tolosara azaldu ginen, Kantabriko tabernara. Joan bakarrik ez: akordio bat ere egin genuen.

Mingain gaiztoek diote apustua itxi aurreko astean, Azpeitian, ika-mika izan zenutela bi aldeetakoek.

DANIEL VICENTE: Arria V.ak, Xabier Zalduari irabazi eta gero, bota zuen niri ere bi apustu irabaziak zizkidala aurretik, eta Ikerren aurka jokatu nahi zuela apustua. Alegia, berak zioen polita izango zela lehenik aitari eta gero semeari irabaztea. Hori horretan gelditu zen. Baina orain dela gutxi, Zaldua eta Joxean Etxeberriaren apustuaren ondoren, bazkaltzera joan ginen. Bertan, alde guztietatik indarra zen sobran. Bere aldeko batzuk, eta gure artean hasi ginen eztabaidan. Giroa berotuz joan zen, eta guk hitz egiteko ez, apustua botatzeko esan genien. Hitz egitekotan gelditu ginen. Handik gun gutxira, erronka bota zuen.

Zu, Daniel, Frantzian zinen.

D.V.: Bai, lanean, baina etxekoek deitu orduko, Otsagabira etorri nintzen. Gure artean hitz egin genuen. Nik Ikerri galdetu nion ea apustua jokatu nahi zuen, eta nola ikusten zuen. Ikasketen kontua ere pentsatu genuen, ea apustua prestatzeko denborarik izango zuen. Baietz esan zidan, eta azaltzea erabaki genuen.

Zu, Iker, ez zeunden oso konbentzituta.

I.V.: Zalantzak nituen, bai. Egia da aspalditik gogoa nuela apusturen bat jokatzeko, baina orain ikasten ari naiz, eta askotan bizikleta saioak eta mendi irteerak egin behar ditugu, nahiz eta eguraldia lagun ez izan. Ezbeharren bat izateak atzera eragiten zidan hasieran. Baina azkenean, ni ere Azpeitiko ika-mikaren ondoren, berotu egin nintzen.

Zuek ere apustuzaleak al zarete?

D.V.: Bai, eta batzuk jokatutakoak gara. Hala ere, lau urte dira jada azkena jokatu nuela.

Mahaian eseri orduko, ezetz esan zenuten 30 kana-erdiko mozteko lanari. Zergatik?

D.V.: 30 kana-erdikoena atera zenetik, Ikerrek argi zuen ezetz. Ez zion atzera eragiten ez denborak, ez lanak. Ez genuen nahi dena kana-erdikoak izatea. Argi daukagu, gainera, Arria V.ak kana-erdikoetan asko aurreratzen duela. Lehen ere moztu izan ditu 20 kana-erdiko 40 minuturen azpitik, Joseba Otaegiren aurka jokatutako hartan. Guk, ordea, enbor ezberdinekin egin nahi genuen, 60 ontzakoekin edo oinbikoekin, kana-erdiko batzuk tarteko.

I.V.: Nik hasieran azkar erantzun nion hamalau kana-erdiko eta sei oinbikotara jokatzearena, baina berak, oinbikoekin esperientzia txarra zuela-eta, atzera egin zuen. Lana antzekoa zen, baina neurri ezberdinak sartuta.

Zaila zirudien ados jartzea, baina azkenean lortu zenuten.

D.V.: Bi aldeek gureari eutsi izan bagenio, ez genuen akordio bat lortuko, ziur. Guk aukera gehiago bagenituen pentsatuta, baina azkenean gustura gelditu ginen egindako apustuarekin.

I.V.: Hala izan zen, bai. Nik hamabi enbor kana-erdiko eta zortzi enbor 60 ontzakoena bota nuenean, Arria V.ak baietz esan zuen. Azkenean, erdibidean gelditu gara.

Lan luzeak beldurra ematen al zizuen?

Elkarrizketa osoa berria.eus-en

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!