Inauterien arteko trantsizioa

Erabiltzailearen aurpegia Jon Ander De la Hoz 2018ko urt. 13a, 12:30

Argazkia: Jon Urbe / Argazki Press

Tolosako kuadrillarik goiztiarrenak hasiak dira inauterietako karroza berriak egiten, baina gehienak hasi gabe daude oraindik. Lan handia dute egiteko, baina ilusioa nabari zaie.

Ezohiko mugimendua nabari da Tolosako (Gipuzkoa) Usabalgo pabiloietan. Langileez gain, inauterietako karrozak egiten ari direnak dabiltza joan-etorrian. Urteroko eginbeharra dute: iazko karrozak desmuntatu, eta haien ordez berriak egin. Hori da festa egiteko ordainsaria, eta ez da merkea: «Garestia da, baina merezi du», dio Eloy Iglesias Sarasolak. Jo eta su dabiltza hura eta kuadrillakoak, burdinak soldatzen. Gertuko pabiloi batean eskuratu dituzte, eta egurrekin eta pinturarekin osatuko dute Antzinako Egipto irudikatuko duen karroza. 26 lagun eramango ditu karrozak; guztiak kuadrillakoak.

Haien artean da Iker Garcia ere: «Kamioia zaharra da, baina karroza eramateko moduan dago». Gainera, ez ditu ordu asko egingo martxan, karroza bakoitza udalak esandako gunean egongo baita egun guztian. Kuadrilla horrek hamar egun daramatza lanean, baina bakarrenetakoa da, iazko diseinu bera baitute karroza gehienek.

Haietako batzuk marrazki bizidunetan inspiratuak daude. Musika giroko zenbait ere badaude: Grease filmean oinarritutakoa, eta letra larriz Punk Rock idatzita duena, kasurako. Laster hasiko dira berritzen horiek eta iragan urtetik ukitu gabe dauden gainontzeko karrozak. Bien bitartean, hiru kuadrilla besterik ez dago pabiloian; Iglesias eta Garciaren kuadrillaz gain, Maite Zabala eta Faustino Artolaren taldea da horietako bat. Helduagoak dira, baina ez dute inauteriei uko egiteko asmorik: «Zahartuz joan ahala, jendea erortzen ari da zerrendatik, baina guk ahal dugun bitartean eutsi beharra daukagu», azaldu du Artolak.

Tentu handiz prestatzen dute karroza, baina ez dira horretan bakarrik aritzen, ikuskizuna ere prestatzen baitute horren aitzakiaz. «Jubilatutako lagun bat dugu, artista bat, eta hark maketa bat egiten digu urtero», zehaztu du Zabalak. Maketa horretatik hasten dira ideia garatzen; aurten, Bollywood irudikatu du maketak, elefante, Indiako jainkosa eta jauregi eta guzti. Hala, mozorroekin eta koreografiekin osatuko dute ikuskizuna: «Taldeko bat arduratzen da horretaz, baina, aurten lesionatuta dagoenez, laguntza eskatu behar izan diegu gaztetxoei», azaldu du Artolak.

Hogei lagunek osatzen dute taldea, eta egun osoko jaia egingo dute inauterietako astelehenean. Hasteko, gosaldu eta karroza prestatuko dute. Azken entsegua egingo dute gero, eta, Tolosako erdigunera jaistean, dantzan ariko dira eguerdira arte. Bazkalostean, 18:00etan, zezen plazara joango dira, txarangaren atzetik kalean barrena ibiltzeko: «Gero, elkartean afaldu eta gorputzak nahi duen arte ibiliko gara trago batzuk hartzen», dio Artolak.

Jarraitu irakurtzen "Berria"-n

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!