Mendiak, gurutze bideak

Erabiltzailearen aurpegia Nagore Etxeberria 2017ko abe. 9a, 12:43
Berria.eus

Mendi ugaritan daude hildakoei eskainiriko oroigarriak eta gurutzeak. Batzuetan hainbeste daude, non hilerri itxura hartzen duten mendi gailurrek. Hernion neurriak hartu zituzten orain lau urte. Leku askotan, baina, arautu gabeko arazoa da ingurune naturaletan gurutzeak ezartzearen ohitura.

Senideen edo gertukoen galera eta heriotza une gogorra, sentitua eta zaila izaten da. Askorentzat, hilerriak ez dira izaten euren gertukoei lur emateko lekurik aproposenak, eta mendiak hautatzen dituzte hildakoen atsedenerako azken leku gisa. Mendiak eta inguruak hildakoak oroitzeko oroigarriz, gurutzez eta metalezko xaflez betetzea dakar horrek, eta asko kexu izaten dira mendiek hartzen duten hilerri itxurarekin.

Horrelako zerbait gertatu zen orain lau urte Hernio gailurrarekin, Gipuzkoan. 2013an, 30 gurutzetik gora zeuden gailurrean edo mendirako bidean. «Ez dut ongi gogoan hildakoen omenezko zenbat gurutze zeuden, baina hogeita hamarretik gora, erraz», oroitu du Gregorio Iraola Albizturko alkate ohiak. Epe luzera, «egoera arazo bihur zitekeela ikusi genuen, eta pentsatu derrigorrezkoa zela neurriren bat hartu beharra», gaineratu du. Eta azpimarratu du: «Neurria ez zen hartu hildakoen oroimenaren eta oroigarrien kontra, arazo larri bat erregulatzeko baizik».

Egoerak bere horretan jarraituko balu, denbora batera gailurrean ehundik gora gurutze pila zitezkeela ikusirik, Hernio inguruko udalek biltzea erabaki zuten. «Horrek egoera jasanezin bat ekar zezakeela ikusi zenean hartu ziren neurriak. Argi genuen gaia kolektiboki landu behar zela, eta ez indibidualki, arrazoi sinple batengatik: Hernio denen ondarea delako», gogoratu du Iraolak.

Zortzi herrik dituzte Hernio mendiko lurrak: Aiak, Albizturrek, Alkizak, Asteasuk, Bidania-Goiatzek, Errezilek, Hernialdek eta Larraulek. Zortzi udal horietako ordezkariak eta Erniozaleen elkarteko kideak batzartu, eta arautzea erabaki zuten. «Ezin da lur publiko bat pribatizatu. Galdera sinplea da: lur hori publikoa da? Bai. Denona da? Bai. Beraz, zergatik ez dugu denok eskubidea horretaz gozatzeko? Horixe izan zen eztabaidaren oinarria».

Ez zen erraza izan afera: «Kontu handiz tratatu beharreko gaia da, sentimenduak baitaude tartean». Azkenean, urtebeteko gogoetaren ondotik, hildakoak oroitzeko oroigarriak galaraztea erabaki zuten, eta ordura arte jarritakoak kentzea. «Hildakoengatik jarritako gurutzeei buruz ari gara, ez erlijioarekin loturikoei buruz. Nik ez dut ezer Elizako ondarearekin. Jendeak ez ditzala gauzak nahastu», azpimarratu du Albizturko alkate ohiak. Eztabaidaren ondotik, «adierazpen bat egin zuten udal guztiek, eta Albizturko eta Errezilgo Udalek ordenantza bat atera zuten. Han zehazten da Hernioko eremuan ezin dela oroigarririk ezarri». 

Ezarrita zeuden gurutzeen artetik, «hiruzpalauk baino ez zuten baimena eskatuta», oroitu du Iraolak. Oroigarriak kendu aurretik, «lokalizatu ahal izan ziren» senide guztiekin harremanetan jarri ziren, eta gehientsuenek ontzat hartu zuten erabakia: «Orokorrean, denek onartu zuten erabakia. Bakan batzuk oilartu ziren, baina, oro har, ona izan zen senideen jarrera». Egun, lau bat oroigarri baino ez dira geratzen. Gailurreko gurutze nagusia eta kalbarioetako gurutzeak bertan uztea erabaki zuten udalek.

Herniokoa, baina, ez da izan kasu bakarra. Orain bi urte, 2015ean, kexu bat jaso zuten Gipuzkoako Mendi Federazioan; Errenteriako Urdaburu mendi elkartetik zetorren ohartarazpena. Aiako Harria eta Jaizkibel inguruan hildakoen omenezko oroigarriak ugaritzen ari zirelako adierazi zuten kezka.

Jarraitu irakurtzen hemen.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!