Zerutik jaitsi ezinik

Erabiltzailearen aurpegia Julen Etxeberria 2017ko aza. 23a, 10:02

Iraitz Arrospidek sekulako jauzia egin du bi urte eskasean: ia zazpi minutu ondu du bere marka onena maratoian (2.18.09), eta hirugarren izan da Behobia-Donostian. Erbi lanak egingo ditu igandean Donostiako maratoian.

Hamar egun pasatu dira jada Behobia-Donostian hirugarren izan zenetik, eta emozioari eta pozari eusten dio oraindik ere Iraitz Arrospidek. «Zerutik jaitsi ezinik nabil. Itzela izan zen: amets bat egia bihurtua», aitortu du, Sheffieldetik (Ingalaterra). Han bizi da duela bost urtetik, industria ingeniaritzako azken ikasturtea han egin eta hura amaitutakoan lana topatu zuenetik. Emaztearekin bizi da duela lau urte. Sarri egiten dute Ingalaterra-Euskal Herria joan-etorria, hegazkinez; adibidez, aste honetan, igandean Arrospide berriro ariko baita Donostian. Maratoia jokatuko da bertan, baina berak maratoi erdia egingo du bakarrik. «Erbi lanak egingo ditut, antolatzaileek maratoia irabazteko kanpotik ekarritako atletek denbora onena egin dezaten. Horretarako, oso azkar egin beharko dut korrika, eta maratoi erdian dudan marka onena egin, 1.06.57, hain zuzen ere. Erronka zaila da hori ere».

Lasterketa hori bukatutakoan amaituko du Arrospidek denboraldia; «sasoi ahaztezina», haren hitzetan. Ez da harritzekoa. Sekulako jauzia egin du. Bi maratoitan aritu da, Londreskoan apirilean eta Berlingoan bost hilabete geroago, irailean. Eta han, munduaren luze-zabalean jokatzen diren bi maratoi ospetsuenetakoetan, bikain aritu da billabonatarra. Londreskoan, 35. sailkatu zen, eta 2.20.56ko marka lortu zuen. Berlingoan, berriz, 29. sailkatu zen, eta 2.18.09ko denbora egin zuen. Aurretik, beste bitan besterik ez zen lehiatu maratoian: iaz, Londresen (2.24.51) eta Chesterren (2.29.07). Urtebete eta erdi eskasean sei minutu eta 42 segundo hobetu du bere markarik onena. «Neroni ere kosta egiten zait barneratzea zenbat hobetu dudan azken urtean. Izugarria da. Oso argi dut hemendik aurrera are zailagoa izango dela hobetzea, baina prest dut burua horretarako. Uste dut profesionala izan gabe toki polit batean nagoela. Orain arte bezala jarraitzeko asmoa dut».

Zer pasatu da, zer aldatu Arrospidek halako jauzia egin dezan? «Serio hartu dudala atletismoa», erantzun du berehala. Azalpen zehatzagoa egiteko, bi alditan banatu du atletismoaren eta berearen artekoa. «2008an hasi nintzen korrika. Aurretik igeriketan aritutakoa nintzen, baina inoiz ez atletismoan. Hutsetik hasi nintzen, beraz. Oso oinarrizko prestaketa egiten nuen: astean hirutan entrenatzen nintzen, ordu erdi inguru-edo, eta kito. Behobia-Donostian parte hartzea nuen helburu, besterik ez. Eta lautan parte hartu nuen, 2008tik 2011ra bitartean. Gutxirekin asko lortu nuen: 1.34.51tik 1.11.29ra jaitsi nintzen, hots, 23 minutu pasatxo hobetu nuen».

Jarraitu hemen irakurtzen.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!