Lorik egin al duzu?" galdetuta, "bat ere ez" izan da bien erantzuna. Ibon Iparragirre eta Manu Azkarate euskal presoen amak urduri daude bidaia hasterako. Espainiako Gobernuak argi utzia du haien semeak aske uztearen kontrako borondatea, kartzelan eritasun larriekin dituzten arren; baina Sagrario Ramos eta Angelita Burgoa —Azkarate eta Iparragirreren amak hurrenez hurren— ez daude prest, besterik gabe, beraien semeek okerrera nola egiten duten ikusiz zain geratzeko. Eta abiatu dira, Madrilgo Alcala Meco espetxera.
Gasteizko gasolindegiaren kanpoaldeko hotza gainetik kentzeko kafe beroa eskatu dute 04:15etan. Ordurako, bi orduko bidaia egina zuten Ondarrutik. Errepidean, izotz arriskua, eta ibilgailurik apenas, kamioiren bat edo beste kenduta.
Madrilera gerturatu ahala, trafiko astuna, klaxon zarata eta hiriko aztoramendua pixkanaka handitzen joan diren bezala, hazten joan da bidaiarien urduritasuna ere. Ez da edozein bidaia. Oraingoan, senideen anbulantzian doaz Ramos eta Burgoa, anbulantzia baten gisara egokitutako furgoneta batean. "Hemen gaude, ea nire semea ateratzen dudan kartzelatik" azaldu du Iparragirreren amak. "Oso gaizki dago eta eskubide osoa du etxean egoteko. Orain dela lau urte sartu ere ez zuten egin behar. Ezin du gehiago hor egon eta bila etorri naiz", adierazi du kartzelako ataritik.
"Anbulantzia beharko du. Euskal Herriko ospitalera eraman nahi dugu, eta egin behar diotena egiten diotenean etxera ekarri. Lehenbailehen". Iparragirreren egoera oso larria dela nabarmendu du. "Gaur egun oso baxu ditu defentsak eta, ez bakarrik hori, burmuinean duen orbana zabalduta du. Gutxi ikusten du eta noizbehinka ikusmena galdu egiten du".
Jarraitu irakurtzen hemen.