«Batzuek gora egin dute, eta nik, behera»

Erabiltzailearen aurpegia Jon Eskudero 2017ko aza. 10a, 16:29

Lau eta erdiko txapelketan «lan eskasa» eginda, autokritikarik ez du falta Artolak. Lesioak gainditu eta konfiantzaz zenean, kale egin du. Halere, hori aldatzeko gogotsu eta ilusioz dago.

Koska bat gora egin nahia eta ezina. Aspaldian sentipen horrekin bizitzen ohitua dago Iñaki Artola (Alegia, Gipuzkoa, 1994). 2014ko ekainean debuta egiterako erakutsi zuen puntako pilotaria izateko aukera handiak zituela. Ezbairik gabe, goi mailako partidak ere jokatu ditu hiru urte eta erdiotan. Haatik, oraindik ez du lortu onenen artean egonkortzerik. Urrutira joan gabe, lau eta erdiko txapelketan ere aurrerapauso bat eman ezinda geratu da. «Emaitzak ez ezik, emandako itxura eskasak ere mindu nau». Hala, beste pilotari batzuek aurrera egin duten heinean, hura atzeraka joan dela iruditzen zaio. «Ezeren gainetik, ni naiz errudun nagusia, baina lesioek ere ez didate asko lagundu». Ilusiorik galdu ez duela eta, itxaropentsu dago binakako txapelketarako Asegarcek hura hauta dezakeela eta.

Gutxik egin izan dutena lortu zuen Artolak orain hiru urte, debuta egin eta urte erdi eskasera txapela eraman baitzuen buru gainera. Bigarren Mailako lau eta erdikoa irabazi zuen, finalean Altuna III.a 22-8 menderatuta, Donostiako Atano III.ean. «Erarik onenean abiatu nuen profesional ibilbidea, baina alde handia dago maila horretatik onenen artera». Ondo merezita eskuratu zuen Lehen Mailan jokatzea, baina neurria hartzea kostatzen ari zaio. «Pentsa, duela hiru urte Altuna III.ari irabazi nion, eta orain ikusi besterik ez dago bakoitzak izan duen garapena». Alegiarraren esanetan, debuta egin zuenean baino dezente pilotari hobea da orain, baina hori ez da aski ganorazko zerbait lortu ahal izateko. «Banakako txapelketetan lortzen dut zortzi onenen artean egotea, baina hurrengo koska gaindiezin bihurtzen ari zait. Pauso bat edo bi falta zaizkit. Buruak jaten zaitu halako ezinak sentitzean».

Besteak beste, ilusioz gainezka zegoen lau eta erdiko txapelketan hainbeste desiratutako jauzia emateko. Ordea, amildegian behera joan zaio helburua. «Joan den ekainera bitarte lesioekin hainbeste sufrikario igarota, nahiko uda ona izan dut, eta pentsatzen nuen garai egokia zela lau eta erdikoan ere lan ona egiteko. Ez nuen arazo fisikorik eta konfiantza faltarik». Ilusioak bere horretan geratu zaizkio. Joan den urteko lau pilotari berberak aritu dira finalerdietan: Urrutikoetxea, Altuna III.a, Bengoetxea VI.a eta Olaizola II.a. Lau horiengandik hain urrun sentitu izanak mindu du alegiarra. «Ezkurdiaren eta Urrutikoetxearen kontra hainbestean aritu nintzen, baina Altuna III.ak irentsi egin ninduen Eibarren. Sakea egiten eta eramaten oso gaizki sentitu naiz txapelketa osoan. Badago zer hobetua».

Jarraitu irakurtzen hemen.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!